Leku Urrunen Atlasa: mashrutka bat Karakolera

Kirgizistanen mugitzea Lonely Planet gidak dioena baino errazagoa da. Uzbekistanen, agian, dioen bezain zaila izan daiteke. Pare bat egun bertan emanda azkar ohitzen zara duten funtzionamendu sistemara, batez ere lehenago gure bidaia-finko-ordutegi-zehatz estiloa ez duen beste herrialderen batean egon baldin bazara.

Trena

Leku Urrunen Atlasa: mashrutka bat KarakoleraTrenak arazo bat du: Sobietar Batasunak diseinatu zuen, gehienetan hiriak euren artean batzeko baino leku estrategikoak Moskurekin batzeko helburuarekin. SESB desegin zenean lerro isolatuak geratu ziren herrialdeen mugen mapa berrian. Ezin da, adibidez, Bixkeketik Taxkentera bidaiatu Kazakistanetik igaro gabe, hori baita lerro zuzena. Ezin da Uzbekistanen bertan Taxken eta Fergana bailara lotzen dituen trena hartu ez baduzu Tadjikistaneko transito bisadorik. Bixkek – Ox konexioa ere ezin da hartu, muga berrien arazoak direla medio: posible balitz ere 4 herrialde gurutzatu beharko lirateke. Trena ez da beraz, Kirgizistanen, garraiobiderik onena. Badago, hala ere, Balitxkira (Issyk Kul lakuaren hasieran Bixkeketik zatozela) doan linea. Oso merkea da, diotenez erosoa, baina ordutegi bakarra du.

Autobusa

Guk autobusa deitzen duguna ez dago Kirgizistan ez Uzbekistanen. Badira, hor nonbait, autobus-ez-oso-handi izan zirenekoak, oraindik funtzionamenduan euren adinari jaramonik egin gabe. Teorian autobus hauek merkeak eta ordutegi finkokoak dira, baina teoria hau konprobatzea zaila izaten da, autobus geltokiak ez direlako, jada, existitzen. Hau da, autobusak nonbait du bere jatorria eta helmuga, baina nonbait hori zein den jakitea da arazoa. Autobus geltokiak barrutik hutsik daude gaur egun. Bere inguruan, nahiko modu auto-antolatuan, leku ezberdinetara doazen garraioak biltzen dira. Beraz autobuseraino iristeko, baldin badago, eta ordutegia jakinda, lehenengo taxi guztiak eta gero mashrutka guztiak gurutzatu behar dituzu. Oso borondate handia edo oso diru gutxi izan behar duzu haraino iristeko. Behin hartuta, geldoak, jendez beteak, aire girotu eta komunik gabekoak direla jakin behar da. Ah! Leihoak irekitzea ez zaie gustatzen kirgizei… besteren batean azalduko dizuet zergatik. Uzbekistanen, gainera, debekatuta dute gauez ibiltzea eta eguzkia sartu orduko errepide bazterrean geldituko dira, “lotara”.

Mashrutka

Leku Urrunen Atlasa: mashrutka bat KarakoleraMashrutka da garraiobiderik erabilgarriena Kirgizistanen. Furgoneta bat da, askotan gure minibus baten antzekoa, eta ibilbide finkoak baldin badituzte ere, ez geltoki finkorik. Nahi duzun lekuan gelditu dezakezu bat eta nahi duzun lekuan jaitsi zaitezke. Prezioak ere finkoak dira eta zailagoa da behar dena baino gehiago kobratzea. Lonely Planet gidaren arabera oso ordutegi murritzak dituzte eta zaila da leku batetik bestera lotzen. Guk, behintzat, ez dugu arazorik izan ohrrekin, hirigune gehienen artean eta hirien barruan ere erraza zelako topatzen, gelditzen eta ordaintzen. Mashrutka batek duen arazoa? Beno, gidariak ez du pentsatzen aulki kopurua eta bidaiari kopuruaren artean erlaziorik dagoenik. Beraz, jendea sartzen den heinean (eta horrek esan nahi du umeek ez dutela eserlekurik okupatzen, edo pasilloak ere jendea pilatzeko lekuak direla) bidaiariak onartzen joango da.

Ohikoa da hirietan gizonek emakumeei lekua uztea, edozein bidetan hutsuneren bat baldin badago umeekin betetzea eta gazteek zaharrenei lekua eskaintzea. Bide osoa eserita egin nahi baduzu onena atzealdean esertzea da, aurreko aldekoek utziko baitizkiete euren lekuak gehien behar dutenei. Hala ere bide motzetarako altxatzea komeni: begiruneak eta modu onak ere garrantzitsuak dira.

Leku Urrunen Atlasa: mashrutka bat KarakoleraMashrutkak ere oso baliagarriak dira Bixkek eta Ox hirietan. Merkeak (12 zentimo euro inguru), ugariak eta ia bide guztiak egiten dituztenak daude. Bixkek bisitatzeko, gainera, mugikorrerako bus.kg aplikazio bikaina du. Non zauden esan, nora joan nahi duzun markatu mapan… eta hortxe esango dizkizu hartu beharreko lineak zeintzuk izan daitezkeen. Gidariari sartzerakoan ordaintzen zaio Bixkeken eta ateratzerakoan Oxen.

 

 

Taxi partekatuak

Leku Urrunen Atlasa: mashrutka bat KarakoleraTaxi partekatuak mashrutkaren eta taxiaren artean dauden garraiobideak dira. Ibilbide zehatz bat egiten duen kotxea da, mashrutka baino garestiago baina, normalki, azkarrago. Gainera “beti” aurkituko dituzu, errazagoa baita taxi bateko eserleku guztiak betetzea.

Arazoak? Bete arte itxoin behar duzu, eta batzuetan oso ibilbide arraroak eskatzen ditugu bidaiariok. Imaginatu Baionako taxi geltokira iristea eta esatea ea beste bidaiaririk ote dagoen Zangozara joateko. Pare bat ordu itxoiten badituzu, aurki dezakezu. Bestela beti duzu aukera eserleku extrak ordaindu eta taxi partekatua zena taxi arrunt bilakatzeko. Gainera kotxe normal bat dira eta bertan, gutxienez, 4 bidaiari sartu nahi izango ditu, euren ondasun, ume eta bestelakoekin. Oso estu joango zara normalki, eta beste bidaiariak onak dira espazio huts guztiak betetzen.

Onurak? Taxia baino merkeagoak dira, azkarrak dira eta, denbora nahikoa zain egonez gero, erraza da negoziatzea jaitsiera bat edo hoteleraino eramatea. Eta (ia) beti aurkituko duzu baten bat.

Taxi arruntak

Taxi partekatuez gain… edozein kotxe da taxi arrunta. Hirian zehar kotxe asko geldituko dira taxi lanak egiteko. Ibilbide luzeetarako  ez da hain ohikoa, baina gerta daiteke. Gomendioa: ez igo kotxe batera lehenago prezioa negoziatu gabe. Bestela iristerakoan eurek nahi dutena kobratuko dizute.

Karakolera bidea

Karakol Issyk Kul lakuaren ekialdeko puntan dago eta eskualde osoko hiriburua da. 67.000 biztanle ditu eta hedadura handia, etxe baxuak baitira gehienak. Bidea aurretik definitutako garraio hauen arteko batean egin genuen: mashrutka txikia. Zazpi plazako taxi partekatu bat zen, baina ibilbidea aurretik markatua. Mashrutka arrunta baino garestiagoa, taxi partekatua baino merkeagoa. Eta azkarra… kurbatan ere ez zuen galga zapaltzen.

Aurretik esan bezala Issyk Kul lakua turistikoa da zeharo, eta Cholpon-Atatik aurrera doan bidean hainbat hotel, apartamentu eta udarako etxetxo ikusten dira. Ez dira oso ikusgarriak ere gure estandarretarako, baina jende asko dagoenez, uda da garraioa aurkitzea errazen den sasoia.

Bide hau egingo zuen ziurenik, orain mende eta erdi, hurrengo atalean aipatuko dugun Nikolai Przhevalskik aurkitzaileak.

bidaia, Karakol, Kirgizistanen, Leku Urrunen atlasa, Mashrutka

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude