Leku Urrunen Atlasa: Karakol (lehen Przhevalsk)

Bixkeketik urrundu ahala errepidea okertzen hasten da. Cholpon-Atatik Karakolera doan errepidea, oso bide turistikoa izaki, ondo hasten da, baina ehun bat kilometro egin eta gero asfaltoa ahultzen doa, zuloak ugaritzen eta mashrutka txikiko gidariaren abiadura arriskutsua bilakatzen. Karakoleko taxi geltokira iristen denerako hartxintxarra baino ez dago, asfaltatu gabeko plaza batean. Hortik kilometro inguru dago zentrora, hainbat eraikin administratibok, Leninen estatua txiki batek eta Unibertsitateak okupatzen duten zuhaitzez beteriko plaza. Hiri errusiarra da Karakol: lerro zuzeneko etxeak, parkeak nonnahi eta hiru pisuko zementuzko apartamentuak pisu bakarreko etxebizitzekin tartekatuta. Errepide zabalak (zabalegiak, akaso) eta asfaltorik gabeko auzo-bideak.

Azkar egiten dugu ibilbidea aire girotua duen kotxe batean. Gehiago kostatuko zitzaion 1888ko urriaren bukaeran Nikolai Przhevalskiri Karakolera iristea, tigre batzuk tiroz hil ostean, egarrituta, Txu ibaiko urak edan eta tifusaz gaixotuta gaur egun hiria den honetara hiltzera etorri zenean. Przevalskiren garaian Karakol oso ezberdina izango zen: postu militar gisa sortu zen 1869an. 1880ko hamarkadan Txinatik etorritako dungan etniako herria handitu zuten. Przhevalski hil zenean etxe gutxi batzuk egongo zirela pentsa dezakegu, bertara iristerakoan inongo etxerekin konforme ez eta kanpamentua eraiki baizuen herriaren kanpoaldean.

Przhevalski esploratzailea

Nicholas Prejevalsky - Leku Urrunen Atlasa: Karakol (lehen Przhevalsk)Smolensken jaio zen Nikolai Mikhailovitx Przhevalski 1839an. San Petersburgon militar karrera egin eta 1867an Errusiako Geografia Sozietateari eskatu zion Irkutskera bidaltzea, Ussuri ibaiaren ibarra ikertzeko. Kondaira, mitoa eta errealitatea nahasten diren leku horretan dago lehen bidai honen inguruko anekdota: diru gutxi zuela pentsatuta poker partida bat antolatu zuen. Irabazi eta diru horrekin egin ahal izan zuen ikerketa. 1869an itzuli zen espediziotik eta arrakasta handia izan zuen eta horren ondorioz proposamen berria egin zuen: Mongoliara bidaiatu nahi zuen, Dungan etniaren altxamendua gehiago ikertu eta Txina politiko eta militarki presionatzeko.

Errusiak bi joko erraldoi zituen martxan: bata Europako beste Inperioekin lehiatzea lurralde eremuan hauek Afrika jaten zuten bitartean; bestea Asian Britainiarren hedapena murriztea. Joko horien baitan Txina ahuldu eta bere lurrekin geratzea jokaldi interesgarria zen.

1870tik 1873ra Mongolian egon zen, Gobiko Basamortuaren mapak osatu zituen eta Tibeteko mugaraino iritsi zen. Bueltan 5.000 landare, 1.000 hegazti eta 3.000 intsektu eraman zituen San Petersburgora, San Vladimirren Ordena jaso zuen, inteligentzia militarrerako datu oso garrantzitsuak idatzi zituen eta Tsarraren jeneralen taldean sartu zuten.

Bere ametsa Errusiatik Indiara bidea egitea zen, Lhasatik pasaz. Ordurarte Lhasara ez zen europarrik iritsi… Marko Polok bisitatu zuenetik. 1876an egin zuen lehenengo saiakera: Tien Shan mendiak bisitatu zituen lehenengoan eta Qinghai Lakua ikusi zuela idatzi zuen. 1880an bere bigarren espedizioan Lhasatik 260 kmra zegoela Tibeteko ofizialek, hauek egingo zutenaren beldur, atzerako bidea egitera behartu zituzten. 1883tik 1885ra Gobitik sartu eta hegoalderako bidea hartu zuen, baina ezin iritsita Issyk Kul lakuan bukatu zuten.

Bere azken espedizioa ere Lhasara zen. Bixkeketik gertu zeudela ehizan hasieran kontatu bezala Txu ibaiko ura edan eta tifusaz hil zen, bere benetako ametsa bete gabe.

Przhevalski militarra

Przhevalski militarra zen. Eta militar gisa ez zituen bakarrik helburu zientifiko edo geografikoak. Bere helburu nagusia Errusiaren loria handitzea zen. Espedizioak egiteko behar zuen dirua lortzeko helburu militar edo inteligentzia aitzakiak jartzen zituen. Tibetera heldu nahi horretan, Ingalaterrarekin zuten “Joko Handia” erabiltzen zuen. Mongoliara egindako bidean Dungan matxinada hauspotzeko bideak ikertu nahi zituela zioen. Kaxgarrera joateko aitzakia Yakub Beg ezagutzea zen. Errusiako Geografia Sozietatearen hitzetan: “Txinako autoritate eta biztanleriari erakustea nola egiten diren harremanak atzerritarrekin eta bideak ireki industria eta negozio trukerako”.

Militar gisa bidaiatuz arazoak sortzen zituen Txina eta Errusiaren arteko harremanetan. Horregatik bere burua zientzialaritzat aurkezten zuen, eta hori zen bere mozorroa. Hala ere armaz hornituta bidaiatzen zuten beti, eta Txinako autoritateek bazekiten “probintzia errebeldetan” zehar bidaiatzen zuen espedizio errusiar batek ezin zuela, bakarrik, helburu zientifikoa izan.

Eta bere garaiko militar-esploratzaile gehienak (?) bezala, arrazista hutsa zen Przhevalski. Asia Zentralari buruz lagun bati idatzio zion: “Hemen oraindik [Hernán] Cortesen esplotazioa errepika dezakegu”.

[hezkuntzaren bitartez] Zibilizazioaren izenean giza arrazaren zabor guzti hauek behin betiko ezabatuz

Bere lana ez zen bakarrik Errusiaren alde, gizateriaren aldekoa zela uste zuen:

Gure konkista militarrek Asian ez zute loria ekartzen Errusiara bakarrik; gizateria osoarentzat onak diren garaipenak dira

Przhevalski zientzialaria

Hala ere Przhevalskik ez zituen inoiz albo batera utzi bere helburu zientifikoak. Lan militarra egiten bazuen ere, animaliak, landareak eta ikerketa geologikoak egiten jarraitzen zuen. Bera izan zen Asiako estepatan zaldi basatiak ikusi zituen lehen europarra, eta horregatik darama Przewalski zaldiak bere izena (poloniar erara idatzia). Baktriako gamelu basatiak ere ikusi zituen, eta milaka landare espezie eraman San Petersburgora.

Edozein lekuri buruzko deskribapena egiten zuenean, lehenengo geografia aipatzen zuen, mendiak eta elementu nabarmenak aipatuz. Ondoren bertako flora eta fauna ahalik eta hoberen deskribatzen zuen. Ondoren, denbora nahiko geratzen bazen leku batean, klimari buruzko anotazioak egiten zituen. Azkenik, bertako biztanleen arropa eta ohituren inguruko deskribapen etnologikoak egiten zituen.

Przhevalskik plan bat zuen Karakoletik Kaxgarrera joan eta hortik Gas oasira iristeko. Handik Txinako pasaportearekin edo pasaporterik gabe Lhasara iritsi nahi zuen. Sozietateak pentsatu zuen ez zuela lortuko, eta garestiegia izango zela ez bazuen zientziarekin bakarrik lotzen. Horregatik Muxketov geologoarekin elkartu zuten geologia ikas zezan. Ez zen ikasle fina adin horretan eta Muxketovek berak glaziarrei buruzko tratatu bat idatzu zuen Przhevalskiren izenean.

Przhevalski mitoa

1888ko azaroaren 1ean hil zenerako berarekin bidaiatzen zuten kosakoek bere azken nahia betea zuten: hilobia egin zuten Issyk Kul lakuaren ondoan, uraren maila berean. Karakoleko militarrek egurrezko hilkutxa egin zioten, eta kanpoan metalezkoa. Herriko emakumeek ehun tradizionala ehundu zuten bere gorpua biltzeko. Berarekin bidaiatzen zuen Roborovskik argazkia atera zion hilkutxan, eta bere fusila jaso zuen jaraunspenean. Hil eta aste batera telegramaz iritsi zen lurperatzeko baimena. Karakoleko biztanleen erdiak bidea egin zuen Issyk Kul lakuraino hilobiratzean laguntzeko.

Karakol herriari Przhevalsk izena jarri zion Errusiak Inperioak. Izen hori izango zuen Kirgizistan SESBetik independizatu zen arte.

Mitoaren parte dira ere bi istorio ezberdin. Lehenak dio berarekin beti hautatzen zituen militar gazteak, batzuk nerabeak oraindik, amorante izan zituela. Homosexualitateari buruzko kondaira honek kontrakoa ere badu. Przhevalski ez zen inoiz Georgiara joan, baina Josif Stalinekin duen antza dela eta askok uste dute bere benetako aita zela. Kondairaren parte baino ez da, Errusiak izan zuen Livingstone eta Cortés pertsonaien batuketak eman zuena.

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...