Legez kanpoko errefenduma? Nolatan?

Legez kanpoko errefenduma? Nolatan? –

Politikan ez naiz aditu ezta oso zale ere, aitortu beharra dut. ZuZeu webguneko irakurleok seguru ni baino jantziagoak zarete. Katalunian egunotan bizi dugun egoerak, ordea, politikara hurbildu nau. Eta baita hainbat pertsona gehiago ere.

Kataluniako egoeran are ezjakitunagoa naiz. Baina gauza askok atentzioa eman didate.

Medio ugaritara jo dut egoera honen nondik norakoak ulertu nahian. Euskal mediotara jo dut, TB eta irratietan entzun eta ikusi dut zerbait.

Eskaintzen dutenaren artean, Espainia aldeko medio andana ditugu eskura. Eta haien ikuspegia eta euskaldunen artean nabaritu dut ezberdintasunik.

Oro har, jaso dudan saltsa horretatik ondorio batzuetara heldu naiz: hedabideek ideia batzuk zabaltzeko indar handia dute. Jende gehiena ezjakituna izaten da eta hedabideetara jotzen dute euren iritzia “sortzeko”. Berezko interesa ez baduzu, hedabideek helarazten dituzten dogmak barneratuko dituzu.

Nik egia esango dut; medio katalanak ezagutzen eta ez dakit katalanez, baina ziur nago euren argudio eta kontra-argudio zerrenda dutela (agian baten bat gomendatu ahal didazue).

Nik espainiar medioetatik antzeman ditudan argudio batzuk jaso ditut hemen. Kontra-argudioak edo zalantza idatzi ditut ondoren:

Legez kanpoko erreferenduma.
Zer da legez kanpokoa zehatz-mehatz? Legeak legebiltzarretan ezartzen dira.
Kasu honetan erreferenduma Kataluniako Legebiltzarrak sortutako lege bat denez, nola da posible “ilegal” izatea? Badirudi, Espainiako Gobernuak helegitea jarri eta Auzitegiek Kataluniako Legea eten duela. Baina hori nahikoa al da “legez kanpo”tzat hartzeko?
Lege kontua baino, politika kontua da. Gainera, epaitegiak Espainiar petoen esku daude.
Estatu kolpea.Estatu kolpea Wikipediaren arabera;

indarrean dagoen boterearen usurpazioari deritzo, pertsona talde baten partetik, nagusiki indar armatu matxinatuak edo gizarteko sektore haserreak, horretarako Estatuaren legezkotasuna bortxatuz.” Momentuz hori ez da gertatu. Agian etorkizunean, Estatu sistema bat aldaraziko dute, baina, sekula ez militarki. Izan ere Kataluniak ez du inolako armadarik. Eta Espainiak bai.
Demokrazioa bahitu dute, Demokraziari erasoa.Demokrazia grezieratik dator eta demos (herri) +krazia (gobernua) hitzen baturatik sortzen da.
Orain arte, baina, bozkaketak eta Kataluniako arautegi eta legeak jarraitu dituzte. Hortaz, demokraziaz baliatu bai, baina bahitu? Nolatan hori?
Independentzia aurkakoak mehatxatzen dituzte. Presioa jasan behar dute.Independentziazaleek ez al dute presio eta mehatxurik Espainiar Estatutik jasotzen?
Bozkaketa, egitekotan, Espainia osoan, ez Katalunian bakarrik. Espainiar guztiek bozkatu behar dute.
Burujabetza (soberania) Espainia osoak du.
Argudio hau argi bota daiteke atzera. Brexit bozkatzean, Britainia Handian soilik edo Europar Batasunean bozkatu genuen? Eskoziako erreferendumean, Eskoziak bakarrik edo Britainia Handia osoak bozkatu zuen?
Demagun 3 pertsonek talde bat osatzen dutela. Norbaitek alde egitea erabakitzen badu, beste 2ek ez joaten erabaki dezakete?
Politikarien kontua da.Entzun behar izan dut hau burges batzuen kontua dela. Baina egia esan, mugimendu honek, procès delakoak, herri-ekimen kutsu zabala du. Ez du politikari edo alderdi batek bereganatu. Jende askoren kontu eta desioa da.

referendum cataluña bilaketarekin bat datozen irudiak

 

Horrez gain, beste puntu batzuk gehitu nahi nituzke:

  • Mahai inguruak ikusi edo entzun ditut (adibidez; Cadena Ser, Radio Nacional de España, Cuatro…) Iritzia plazaratzen dutenen artean, non daude independentzia zaleak? Alde bakarrekoak ematen dute. Eta Espainiako RTVE, publikoa izanda ere, berdin. Ez zaie ahotsa ematen.
  • “Indarkeriarik gabe, dena da posible” esaten zuten (batez ere ETAren borroka armatua zela eta). Baita independentzia ere? Aitzitik, Guardia Civil eta Polizia Nacional-ak ez al dute indarkeria erabiliko, ez segurtasuna bermatu, baizik eta bozkaketa bat eragozteko eta Espainiar Gobernuko borondate politikoa ezartzeko?
  • Kataluniak ez du aliatu atzerritar handi bat. Espainiak, ordea, Europar Batasun eta egungo Estatu gehienek euren erabakiak nolabait babesten dituzte, edo ez dira behintzat gehiegi inplikatu nahi.
  • Gehiengo demografikoak. Kataluniak 7,5 milioi eta EHk 3 milioi ditu. Espainiak (2 lurralde hauek gabe) 40 milioi dira. Hortaz, botere politikoak gehiengoa izango du ezer ez aldatzeko. Gainera botere hori alor ekonomiko, sozial, linguistiko etab-era luzatzen da.

Edonola ere, demokrazia integrala edo zintzoa balitz, gehiengo batek gutxiengo bat errespetatu behar luke. Eta lurralde zehatz batean, gehiengoa aintzat hartu behar da, lurraldea zabalean gutxiengoa bada ere.

Egora honen ondorioz, aldeak muturtu dira. Esan bezala, independentzia mugimendua piztu da, zapalduak eta ixilaraziak sentitzen direlako asko. Bestalde, PPrentzat komenigarria izan daiteke egoera hau. Agian Espainia aldean botoak bereganatzeko ondo datorkio.

Baina jende askori ikuspegia zabaldu dio. Aurretik pentsaezina zen aldarrikapena orain egingarria dela ikusi du. Jende asko piztu du. Batez ere EH eta Katalunian bertan. Oztopoak oztopo herri ekimenak oihartzuna lortu du. Nik neuk ere gauza asko birplanteatu ditut. Baina aipatu bezala, ni ez naiz aditua eta agian, zu, irakurle, zure iritziarekin hobeto ulertzen lagunduko didazu.

referendum cataluña bilaketarekin bat datozen irudiak

Legez kanpoko errefenduma? Nolatan?

Zer duzu buruan “Legez kanpoko errefenduma? Nolatan?”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude