Laponiako mendietan barrena (II)

Laponiako mendietan barrena (I)
Laponiako mendietan barrena (II)

Laponiako mendietan barrena (II)

.

Bigarren eguna, bustia…

Euria ari du. 8º C-ko tenperatura. 20 kilometro dira Alesjaure aterperaino eta nagia pixka bat ematen du ibilaldia hasteak. Etxolaren atarian nagoela, aterpeko zaindaria gerturatu eta zer moduz lo egin dudan galdetu dit. Adeitasun maila hau ohikoa da aterpe zaindarien artean. Motxila jarri eta bidea hasi dut.

213Berun koloreko zerua, berde kolore biziko urkiak, urez gainezka dauden ibai indartsuak, holako paisaia melankoliatsu eta erakargarriak igaro ditut ibilbidearen lehen zatian. Ordu pare bat ibili ondoren, mendi lepo bat gainditu eta paisaia soilagoa bilakatu da. Hemen hasi da tundra. Datozen egunetan ez dut zuhaitz bakar bat ere ikusiko. Laino itxiek estaltzen dute dena. 259Mapa begiratu eta nagoen lekutik mendi altuak eta zenbait glaziar ikusi beharko nituzke, baina une honetan lanbroak dena estaltzen du eta metro gutxi batzuk besterik ez ditut ikusten. Goi-lautada batera iristerakoan, euria eta hezetasunari haizea gehitu zaie eta desatsegina egin da ibiltzea. Samiek udan ipar oreinak larratzeko erabiltzen duten borda multzo bat ikusi dut. Ez dago inor. Bordak itxita daude. Lautada zabal honetan ia dena ureztatuta dago. Zohikaztegi eta errekak tartekatzen dira eta eremu lehorrak gutxi dira. Orokorrean Kungsleden bidea oztopo naturalak arazo handirik gabe gainditzeko egokituta dago, hau da, normalean ibai eta errekak gurutzatzeko zubiak daude eta zohikaztegi zabalak eta leku harritsuak zeharkatzeko egurrezko taulak jartzen dituzte. Hala ere, uda hasiera delako, eguraldia bereziki euritsua izan delako edo egiturek mantendu lanak behar dituztelako, gaurko etapan zenbait sorpresa aurkitu ditut; egur taulez osatutako pasabideak urez gainezka daude eta bizpahiru erreken gaineko zubiak “desagertu” egin dira. 374Zenbait pasabidetan ura orkatilaraino iritsi zait eta laster hankak erabat bustiko zaizkit.

Laino artean laku luze batera heldu naiz eta honen amaieran kokatzen da Alesjaure aterpea. Lakuaren ertzean japoniar talde bat aurkitu dut. Hamar bat dira, gehienak 60 urte gorakoak. Datozen egunetan behin baino gehiagotan aurkituko dugu elkar. Aterperako bidean oraindik zubirik gabeko bi erreka gurutzatu behar direla ohartarazi didate. Inguruko samiek txalupa zerbitzu bat eskaintzen dute aterpera iristeko eta baldintzak ikusita, hura hartzea erabaki dute. Dena den, gure aurretik oinez joatea erabaki duen jendea badagoela esan didate eta bidea jarraitzea erabaki dut. Handik gutxira, suediar batekin egin dut topo. Hurrengo errekan ura belauneraino iristen dela esan dit, baina dagoeneko botak bustiak ditugunez axola ez duela eta aterpean lehortuko garela dio. Zubi gabeko erreka pare bat gainditu ondoren, Alesjaure-ra iritsi naiz azkenean. Etapa erraza izan beharko lukeen hau, pentsatutakoa baino gogorragoa bilakatu da. Blai eginda iritsi naiz.

 

Tjäktja lepoa.

Hirugarren egunean Salkä aterpera iristeko asmoa dut. Etapa luze xamarra da, 25 kilometro eta Kungsleden osoko mendi lepo altuena pasa behar da, Tjäktja (1123 metro). Hala ere, lepora iritsi aurretik, Tjäktja aterpea dago eta nahi izan ezkero etapa bi egunetan banatzeko aukera dago. Goiz abiatu naiz eta eguzkia ikusteak bizipoza ematen du. Noizbehinka pertsona bakan batzuk gurutzatu ditut, baina gehienetan ez da inor ikusten eta munduan bakarrik nagoen sentsazioa daukat, zuhaitzik gabeko tundra arrotz honetan. 200Bi aldeetara mendi elurtuek ixten duten haran luze eta zabal bat jarraitu behar dut eta ez dago galtzeko arriskurik. Ipar orein talde handi bat ikusi dut urruti.

Igoera pixkanaka egiten da, luzea da, baina ez dago aldapa handirik. Goiz erdian Tjäktja aterpearen bidegurutzera iritsi naiz. Alde batera utzi eta aurrera jarraitu dut. Lepo aurreko bidearen azken zatia elurrez estalita dago oraindik. Polainarik gabe, gaur ere bota bustiekin ibili beharko dut. Lepoan aterpe libre txiki bat dago, txukuna eta garbia, estufa eta egurrez ondo hornitua. Pirineotan ez da horrelakorik aurkitzen!

Nire aurrean, datozen egunetan zeharkatuko dudan haran luzea zabaltzen da. Haizea freskoa izan arren, ederki egoten da eguzkiak berotutako harri handi baten gainean eserita, bazkaltzen eta paisaia begiratzen. Lepoaren beste aldean elur gutxiago dago eta erraz jaitsi naiz haran hondora. Handik bi orduko bidea dago oraindik aterperaino, aldaparik gabe, baina harriz jositakoa eta une batzuetan deserosoa egiten da.

257Ohikoa den moduan, Sälka aterpeko zaindariek oso harrera atsegina egiten didate, ahabi zukua eskaini eta sukalde eta saunaren funtzionamendua pazientzia handiz azaldu didate. Sauna probatzea erabaki dut. Ohitura ez duen batentzat bero gehiegi egiten du denbora luzez irauteko, baina berogailutik ateratako ur beroa eta errekako ur hotza kuboetan nahasiz bainu bat hartu dut. Suediarrak, saunatik irten eta ondoko errekan murgiltzen dira, baina ura hotzegia dago niretzat. Gauerdian lozakutik atera eta kalera irten naiz eguzkia ikusi gabe baineukan oraindik. Sentsazio berezia da. 262Gau giro ona dago, baina egunsenti moduko argi ahulak dena ikustea ahalbidetzen du. Elur-erbiak eta elur-eperrak beldurrik gabe aterpe inguruan dabiltza.

 

Kebnekaise mendigunean barrena.

Hurrengo etapan Kungsleden bidea oraingoz alde batera utzi eta Kebnekaise mendigunean barneratzera noa. Kebnekaise (2111 m) Suediako eta Laponia osoko mendi altuena da eta udan mendizale asko erakartzen ditu, batez ere bere lurraldeko gailurra lortu nahi duten suediar asko.

Sälka aterpe atsegina atzean utzi eta laster bidaiako lehen glaziarra azaldu da, Sealggaglaciä glaziarra, 1865 metroko mendiaren magalean.

Sälka-tik bi ordura aurkitu dut bidegurutzea. Aurrera, hegoaldera, Singi aterpea eta Kugsleden bidearen jarraipena, ekialdera, berriz, Kebnekaise aterpeko bide aldapatsua. Azken bi egunetan jarraitu dudan harana alde batera utzi eta ezkerreko bidea hartu dut. Ibai ondotik urrundu behar dudanez, ura hartu dut badaezpada bide alboko erreka batean. Dena den, inguru hauetan ura ez da arazoa izaten gehienetan, haranak errekez josita daude eta badago kantinploraren ordez potoa besterik ez daramanik, ez baita gehiegi itxaron behar non bete aurkitu arte. Ez dago kutsadura arazorik, ura oso garbia da eta iragazi gabe edan daiteke.

270Aldapa handi xamar bat igo ondoren, bideak laku eder bat inguratzen du. Bi ipar orein ikusi ditut, elurtuta dagoen eremu batean etzanda. Jaitsiera motz bat egin eta Singi aterpetik datorren bidera iritsi naiz. Azken bi orduetan ez dut inor ikusi, baina bide honetara iritsi bezain pronto, mendizale talde desberdinekin topo egin dut. Kebnekaise ingurua, bide osoko jendetsuena da. 290Aurrera egin ahala paisaia gero eta ikusgarriagoa bilakatu da. Harana estutu egiten da, bi aldeetara altxatzen diren mendi garaien artean. Arroila amaitzean, harana zabaldu eta iparralderantz Kebnekaise mendi multzoa agertu da. Hemendik ez da Kebnekaise gailurra ikusten baina bai 1662 metrotako Duolbagorni mendi ederra.

Kebnekaise luxuzko aterpea da, mountain station erakoa eta zerbitzu guztiak eskaintzen ditu: dutxa, iturriak, komun normalak, jatetxea, wiffia tarteka, kañeroko garagardoa, mendi materiala alokatzeko aukera, etab. Bidaia osoko aterpe jendetsu eta zalapartatsuena. Nikkaluokta herritik ordu gutxitan iritsi daiteke hona eta jende asko etortzen da Kebnekaise igotzera edo naturaz gozatzera. Estatubatuarrak, alemaniarrak, japoniarrak, leku askotako mendizaleak elkartzen dira hemen, baina nagusiki suediarrak. Deigarria da suediar askok daramaten motxilaren tamaina. Ondo betetako 80 litroko motxilak dira nagusi eta batzuetan nork motxilarik astunena eraman lehiatzen ari direla dirudi. Hala ere, mendizaletasunaren azken joerak ere hona heldu dira eta bada trekkinga 30 litroko motxilekin eta korrika egiten duen jendea ere.

Aterpeko jatetxe dotorean afaria ez da merkea, baina zenbait egunetan ontziratutako janaria jaten egon ondoren merezi du eta iparraldeko zenbait espezialitate dastatzeko aukera dago, ipar orein haragiz egindako pastela edo altze errea esate baterako. Aterpean dagoen jende askok Kebnekaise tontorra igotzeko asmoa du. Nik, berriz, Tärfala goi harana ezagutu eta bertan dauden glaziarrak ikusi nahi ditut.

Helburu horrekin, hurrengo goizean, 6tan ohetik altxa, buffetean luxuzko gosaria hartu eta bidea arin hasi dut, azken egunetan bizkarrean eraman dudan zama gehiena aterpean utzita. Hasieran bidea aldapan behera doa, Tärfala ibaiarekin topo egin arte. Korrontea zubi eseki baten bidez gurutzatu eta igoera hasi da. Bidea erosoa da orokorrean, baina tarteka, neguko arrastoak aurkitzen dira eta haiek utzitako elur eremuak zeharkatzea neketsua egiten da. Aurrerago, harana zabaldu eta lehen glaziar frontea agertu da, Storglaciären glaziarrarena hain zuzen ere. 375Kebnekaise mendiko ekialdeko magaletik jaisten diren hiru glaziarretako bat munduko glaziar ikertuenetakoa da. Pixka bat aurrerago Tärfalla ikerketa zentroa kokatzen da. Hemen glaziologia, geomorfologia eta klimatologia ikerketak burutzen dira 1946. urtetik.

Ikerketa zentrotik 20 bat minutura Tärfala aterpea dago, harana ixten duen mendi zirkuan kokatuta, laku baten ondoan eta glaziar baten mingain arraildua alboan duela. Aterpera iritsi eta ni ikusi orduko, egurra zerratzen dabilen zaindaria lana utzi eta korrika etorri da harrera egitera. Goiz da oraindik eta glaziarren ikusmen hobeago bat lortzeko aukerei buruz galdetu diot. Hona nentorrela, ekialdean mendi lepo nabarmen bat ikusi dut eta haren ezkerrera, harrizko mendi tontor bat. Tontorrera igotzea nahiko erraza dela eta bertatik glaziarrak bere osotasunean ikusten direla esan dit. Hortaz, aterpe inguruan buelta bat eman ondoren, lepoko bide aldapatsua hartu dut. Zenbait elur eremu zeharkatu eta behetik guardak erakutsi didan bidexka batera iritsi naiz. Ez da oso bide nabarmena eta berehala galdu dut berriro.

Magal osoa harri solte handiek osatzen dute eta kosta egin zait aurrera egitea. Azkenean, lepora iritsi eta Kebnekaise-tik jaisten diren hiru glaziarrak bere osotasunean ikusteko gai izan naiz. Suedia eta Laponia osoko mendi altuenak ditut aurrean. Lepoaren beste aldera azaltzen den harana ez da hain menditsua, baina sekula ikusi dudan lekurik “hutsena“ dela iruditu zait: ez zuhaitzik, ez biderik, ezta inongo bizitza arrastorik.

Behetik ikusitako gailurrerako norabidea hartu dut. Aldapa malkartsua da eta harri bloke handiek deserosoa bihurtu dute. Azkenean, gailurra markatzen duten harri pilora iritsi naiz.

Hunkigarria da hemen bakarrik egotea.

Han behean, urruti, ikerketa zentroa eta Tärfaka aterpea ikusi ditut baina, horrez gain ez dago gizakiaren arrastorik. Gero, aterpean mapa begiratuta, Tarfalapakse (1813 m) igo dudala jakin dut, Darfalcohkka mendiaren bigarren mailako tontorretako bat. Tentu handiz jaitsiera hasi dut, harri solteek arretaz ibiltzera behartzen baitute. Haran hondora iritsi eta bidea berreskuratu dudanean, harri baten gainean eseri eta glaziar fronteei begira bazkaldu dut.

Eguna inguru bakartietan igaro ondoren, Kebnekaise aterpea zalapartatsua iruditzen zait. Dena den, txangoa luzea izan da eta gustura hartu ditut ordainetan eskaintzen duen erosotasuna: sauna, dutxa, garagardoa eta afari oparoa.

jarraituko du…

> Laponiako mendietan barrena (eta III)

.

Testua eta argazkiak: Iker Zubimendi Idarreta

(Pyrenaica aldizkarian publikatua)

Laponiako mendietan barrena (II)

547Laponiako mendietan barrena
Laponia, Laponiako

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude