Hirietan baino, landa eremuan zabaldu da gehien obesitatea

Hirietan baino, landa eremuan zabaldu da gehien obesitatea –

Juanma Gallegok Zientzia Kaieran.

Gizentasuna gaitzat hartuta, gaur egungo populazioaren egoeraren ‘erradiografia’ osatu dute zientzialariek, eta ondorio garbia atera dute: bereziki landa eremuan handitu da azkarren gorputz-masaren indizea.

“Herri usaina dago”. Zeinek ez du esan edo entzun hori noizbait. Inguru natural osasungarriarekin parekatu ohi dugu landa eremua, baina, egia esanda, gure garunak marrazten duen irudia eta errealitatea gehienetan ez doaz batera. Festa hondatu nahi izan gabe, usain horren atzean tximinietatik datorren errekuntza dago, karbono monoxidoa gehienetan; baina hori baino gehiago ere bada, sutara bidaltzen den materialaren arabera.

Funtsean, lurraldean sakabanatutako milaka erraustegi txikien arrosarioa osatzen dute herrietako tximiniek, ez baherik ez ingurumen kontrol zehatzik ez dauzkatenak. Herri usaina, hain justu. Eta osasun arazoak eman, ematen dituzte, noski. MOE Munduko Osasun Erakundeak zabaltzen dituen zenbakiak ikustea besterik ez dago: zortzi milioi lagun inguru hiltzen dira urtero kutsadura dela eta; eta ardurak, gutxi gorabehera, erdibana banatuta daude: erdia ingurumeneko kutsaduraren errua da, eta, beste erdia, kozinatzeko eta berotzeko erabiltzen diren etxe barruko suteena.

Hirietan baino, landa eremuan zabaldu da gehien obesitatea
Osasun arazo askorekin lotzen da obesitatea: besteak beste diabetesa, hipertentsioa, bihotzeko gaitzak eta hezurren zein artikulazioen arazoak (Anmol Kerketta/Unsplash).

Kutsadurarena ez da arlo honetan dagoen mito bakarra. Esaterako, landa eremuko ohiko elikadura osasungarriagoa dela “saltzen” da askotan, edota landa eremuan egiten den nekazaritza txikiak duen ingurumen inpaktua ezkutatu ohi da ere, diesel traktorearen idealizazio xelebre batean. Sendabelarrak ez aipatzearren. Funtsean, eta “baserriaren” idealizazio baten ondorioz, hiria garapen basatiaren gunetzat hartzen den modu berean, landa eremua jasangarritasunaren eredutzat hartu ohi da, eremu geografiko biak ala biak gizakiak txarrerako aldarazitako inguruneak izanda ere.

Halakoetan egiaren bila ari garenean, datuetara jotzea da hoberena. Oraingoan, datu andana eskutan, zientzialari talde batek errotutako beste ideia bat alboratu du. Kasu honetan, populazioaren obesitateari buruzkoa da ideia hori. Nature aldizkarian argitaratutako gutun batean eman dituzte datuak: azken hamarkadetan, obesitatea bereziki landa eremuan handitu dela erakusten dute zenbakiek.

NCD-RisC kolaborazioak egin du ikerketa. Kutsagarri ez diren gaitzak ikertzen ditu taldeak, mundu mailan. Londresko Imperial College erakunde ezagunak du talde hori koordinatzeko ardura: orotara, 1.000 zientzialarik baino gehiagok parte hartu dute lanean. 200 herrialdetan jaso dituzte datuak, 1975-2017 tartean. Izan duten lana ez da makala izan: 112 milioi lagun helduren pisua eta altuera kalkulatu dute, eta, era horretan, haien gorputz-masaren indizea (GMI) ondorioztatzeko modua izan dute.

Datu asko dira, eta horiek erakusteko mapa bilduma interaktibo bat prestatu dute. Baina adierazle nagusienek ondo erakusten dute zein den joera: 1985. urtetik, mundu mailako gizakien pisua 2,0 kg/m2 hazi da emakumezkoetan eta 2, kg/m2 gizonezkoetan. Horrek esan nahi du pertsona bakoitza 5-6 kilo gehiago gizendu dela. Landa eremuetan, batez besteko gehikuntza 2,1 kg/m2 izan da. Hirietan, berriz, 1,3 kg/m2 emakumezkoetan eta 1,6 kg/m2 gizonezkoetan. Maila globalean, hazkundearen erdia baino gehiago landa eremuei dagokie (zehazki, %55), baina hainbat herri txiroren kasuan portzentajea %80ra iritsi da.

Joera hau ez da beti berdina izan. 1985ean hirietan bizi zirenek landa eremuan bizi zirenak baino gizenagoak ziren. Hala zen, behintzat, munduko lau tokitatik hirutan. Baina gauzak dezente aldatu dira denbora pasa ahala.

Gure inguruko datuei dagokienez, Espainia eta Frantzia antzeko egoeran daude: indizea handitu da, bereziki gizonezkoen artean. Dena dela, alde gutxi dago herriaren eta hiriaren arteko zifretan. Mendebaldeko herrialdeei dagokienez, AEBetan igo da bereziki obesitatea. Mundu mailan, Ozeano Bareko uharteetan dago gizentasun gehien. Etiopian eta Madagaskarren, berriz, mailarik txikienak.

Azalpen bila joan direnean, oro har, mundu osoan gertatutako diru sarreren handitzeak zerikusia izan duelakoan daude zientzialariak. Herrialde aberatsetan bereziki emakumeen artean igo da obesitatea: hezkuntza maila txikiagoa edota diru sarrera urriagoak aipatu dituzte, azalpen bat eman nahian. Herrialde txiroetan, berriz, azpiegiturak hobetu dira eta nekazaritza mekanizatu da, eta horrek osasunean onerako eragin du. Baina, txanponaren beste aldean, horrek ere ariketa fisiko gutxiago egotea eragin du, eta baina elikaduraren gehitzea.

Hirietan baino, landa eremuan zabaldu da gehien obesitatea
Ia mundu osoko herrialdeak kontuan hartu dituzte inkesta erraldoi hau egiteko; emaitzen berri zehatzagoa eskura daiteke NCD-RisC kolaborazioaren webgunean (NCD-RisC).

Argudiatu dutenez, hirietan aukera gehiago dago ariketa fisikoa egiteko edo hobeto elikatzeko. Mundu osoko landa eremuaz ari dira, noski, eta ez soilik mendebaldeko gizarteetan izan ohi diren landa eremu hiritartuei buruz. “Diru sarrera handia dituzten herrialdeetan, askotan hirietan da errazagoa modu osasungarrian jatea, elikagai freskoak daudelako eskura, eta agian merkeagoak dira; kirol instalazioak daude ere”, nabarmendu du Londresko Osasun Publikorako Imperial Collegeko epidemiologo Majid Ezzatik.

“Ikerketa honetako emaitzak zabalduta egoen pertzepzioa aldatu dute; obesitatearen zifrak handitu izana hirietako populazioari zor zitzaiola zioen pertzepzioa, hain zuzen. Horrek eskatzen du arazoari aurre egiteko modua aldatu behar dugula”, aipatu du adituak.

Garapen bidean dauden zein herrialde garatuen kasuan, nekazaritza asko hobetu dela azaldu dute egileek, eta horrek, noski, nekazarien jardun fisikoa asmo moteldu du. Faktore moduan ere aipatu dute, erregulazio egokia ez dagoen herrialdeetan kalitate baxuko elikagaiak kontsumitzeko joera, eta baita janari prozesatuaren ardura ere.

“Osasun publikoari buruzko ikerketetan normalean hirietan bizitzeak dituen alde negatiboetan jartzen da arreta. Baina benetan hiriek nutrizio hoberako aukerak eskaintzen dituzte, eta baita ariketa fisiko eta aisialdi gehiagorako, osasunaren onerako. Zailagoa da halako gauzak landa eremuetan topatzea”, gaineratu du. Zentzu horretan, eskatu du herri txikietan malnutrizioak ez ordezkatzea desnutrizioa.

Halere, mundu mailako joeran, Saharaz hegoaldeko Afrika salbuespena izan da. Bertako hirietako emakumeek pisu gehiago irabazi dute. Honi eman dioten azalpena izan da hiri horietan energia gutxiago behar dituzten lanak egiten dituztela, desplazamendu txikiagoak egiten dituztela eta prozesatutako elikagaiak eskuratzeko aukera gehiago dituztela. Landa eremuan, aldiz, egurra biltzea edota ura hartzea bezalako jardunak aipatu dituzte.

.

Erreferentzia bibliografikoa:
NCD Risk Factor Collaboration (NCD-RisC), (2019). Rising rural body-mass index is the main driver of the global obesity epidemic in adults. Nature 569, 260–264. DOI: https://doi.org/10.1038/s41586-019-1171-x
Hirietan baino, landa eremuan zabaldu da gehien obesitatea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.