[Kurdistan VII] Lan-desgaitzea Kurdistanen

Lan-desgaitzea Kurdistanen –

Iñaki Etaio (Bakur-rerako Euskal delegazioaren kidea; 2018ko udaberria)

Bakur (Kurdistango iparra, Estatu turkoaren okupaziopean) bisitatzeak eta pertsona eta erakunde politiko eta sozial askorekin mintzatzeak herri honen errealitatera hurbiltzea ahalbidetzen du. Hara heldu berri izandako lehenengo sentsazioa, egunetan zehar eta elkarrizketa formal zien informaletan zehar berresten dena, honako hau da: herri kurdua existitu nahi ez duten herria da.

Lan-desgaitzea. Ahots ezberdinak erditik kentzeko beste engranaje bat.

Kalez jantzitako polizia bazegoen presente ere E?itim Sen hezkuntza eta zientziaren langileen sindikatuaren Amed-eko egoitza dagoen eraikinaren sarreran. Sindikatu hau Estatu esparrukoa da eta KESK-en kokatzen da, sektore publikoko langileen sindikatuen konfederazioa. Egoitza funtzioak egiten dituen apartamentura sartzean 90. hamarkadan eraildako 20 irakasleen argazkiekin topatzen gara. Kontatzen diguten arabera, Estatu terrorismoak hilda, nahiz eta egile zuzenak nortzuk izan ziren ez jakin. Irakasle kritikoak hiltzea gaur egun normala ez izan arren, beste errepresio erak erabiltzen dira, azken bi urte hauetan indartu direnak.

Lan-desgaitzea Kurdistanen
E?itim Sen irakasleen sindikatuaren logotipoa beren Amed-eko egoitzan.

Bilera hasi baino lehen te bat hartzen genuen bitartean 2016ko urtarrilean manifestu bat sinatzeagatik kanporatutako unibertsitate-irakasleetako batekin minutu batzuk hitz egiteko aukera izan genuen. Ez litzateke izango egoera horretan ezagutuko genukeen bakarra. PKK eta gobernu turkiarraren arteko elkarrizketak bertan behera geratu eta gero, ejertzitoak ofentsiba bat burutu zuen Bakur osoan. Erasoak bete-betean harrapatu zituen hiri batzuk (Amed, Nusaybin, Cizre…) non PKK-ren milizianoak autokudeatutako hiri-zonaldeak defendatzea erabaki zuten. Armamentu astunarekin garatutako erasoaldiek auzo osoak suntsitu zituzten, ehunka miliziano eta zonaldeko beste biztanleen heriotza eraginez, kasu batzuetan beren etxebizitzan bertan ehortzita, egun asko urik, elektrizitaterik eta elikagairik gabe igaro ostean. Operazio honek eragin zuen 2.000 irakasle eta ikertzaile baino gehiagok, unibertsitatekoak zein lehenengo eta bigarren hezkuntzakoak, adierazpen bat sinatzea, “Ez gara izango krimen honen parte” lelopean. Bertan, gobernuaren jarrera eta biztanleriari eragindako sufrimendua kritikatzen zen. Erdogan-en gobernuaren erantzuna azkar bezain zitala izan zen. Traizioaz eta PKK-ren konplizeak izateaz akusatu zituen eta mehatxu zuzena egin zien: haiek bezalako “sasi-intelektual” doktoreek ezin zutela espero ejertzitoa erasotzen duten “terroristei” ematen zaien erantzuna baino. Hurrengo asteetan lehenengo zigor-neurriak heldu ziren, sinatzaileen lan-kontratuak bertan behera utziz. Haietako 380 irakasle klase emateko ezgaitu zituzten lege-dekretuz. Beste ehunka kasutan “soilik” lanpostutik bota zituzten, hilabete batzuetaz kanporatu zituzten edota, ikertzaile batzuen kasuan, beren proiektuen finantziazioa eten zen. Hauxe da Behcet-en kasua, arte ederretako doktorea eta Van-eko unibertsitateko ikerlaria, adierazpen hura sinatu ondoren kontraturik gabe eta epaiaren zain dagoena. Erlazionatutako unibertsitateen (Estatu turkiar osoan 90 baino gehiago) errektoreen jarreraz galdetzean, bere erantzuna ez da batere adore-emailea: errektoreen %99ak gobernuari men egiten dio otzan eta gainontzeko %1ak, politikoki berarekin lerrokatuta ez badago ere, bere zilborrera begira jokatzen du eta, praktikan, gobernuaren aginduak aplikatzen ditu. Legez ezgaitua ez egonda, bere karrera profesionala jarraitzeko aukerei buruz galdetuta, Behcet-ek azaltzen digu beste postu bat lortzen saiatu arren (kanporatutako irakasle eta ikerlarien postuak bete dituzte jada beste pertsona batzuekin), kontraturik gabeko denboraldi horrek curriculumean utzitako hutsuneak etenaldi horren arrazoia ikustarazten duela. Hori dela eta, ia ezinezkoa da ikerkuntzara berrengaiatzea, zeren eta gobernuak administrazio estamentu guztietan kontrol ideologiko latza ezarrita baitauka. Hau guztiari gehitu behar zaio kanporatutako sinatzaileek debekatuta daukatela Estatu turkotik ateratzea (pasaporterik gabe daude) baita beren seme-alabak atzerrira ikastera bidali ere.

Lan-desgaitzea Kurdistanen
Eraildako irakasleen gogorapen iraunkorra E?itim Sen sindikatuaren Amed-eko egoitzan.

Sistema publikoan baztertzea hezkuntza pribatuaren eremura hedatzen ohi da. Izan ere, neurri handi batean sektore erlijioso ultrakontserbatzaileen esku egoteaz gain, instituzio pribatuek kanporatutako irakasleak ez kontratatzeko presio politiko eta ekonomikoak jasotzen dituzte. Egoera honen aurrean, langile hauetako askok beren irakaskuntza edota ikerkuntza utzi behar dute eta arlo pribatuko beste ekimenetan aritu. Adibidez, Van-eko lehen hezkuntzako eskola batean aritzen zen Tuncay irakasle kanporatuak esaten digu akademia pribatu batean egiten duela lan, kontraturik gabe. Elkartasun-sareek gobernuaren zigor-neurrien ondorioak leuntzen dituzte zertxobait, beti ere ezinbesteko diskrezioz. Beste irakasle askok te hartzeko tokiak eta antzeko negozio txikiak ireki behar izan dituzte ogibidea bilatzeko.

Aipatutako manifestuaren haritik era masiboan aplikatu bada ere, arrazoi politikoengatik sektore publikoan aritzeko desgaitzea neurri zaharra da Estatu turkiarrean. Horixe da Yilman-en kasua, Van-eko eskarmentu handiko militante kurdua, duela 20 urte bere irakasle lanpostutik kanporatua. Berak azaltzen digu bere egoera baita herri kurduarena ere bere lehengusuaren kebab motako jatetxean afaltzen dugun bitartean. Azken honek negozio hau ireki zuen duela urte batzuk, bere posizionatze politikoengatik udaletxean zeukan lanpostutik botata izan ostean.

E?itim Sen sindikatuaren Amed-eko atalaren arduraduna den Abbas-ek emandako datuen arabera, 11.300 irakasleei kontratua eten diete momenturen batean, horietako 1.565 irakaskuntzarako ezgaituak era iraunkorrean. Gobernuaren ildoekin bat ez egiteagatik sortutako beldurrak balizko ahots kritiko asko isiltzen ditu, eta sindikatu independenteetan mina egiten ari da. Abbas-ek esaten digu sindikatuan afiliatuta zeuden irakasleen kopurua %40an jaitsi dela AKP-ren ofentsiba autoritarioaren ostean.

Hezkuntzak pertsonen formazioan daukan garrantziaz jabe da Estatua. Horregatik irakasleen kontrol ideologikoan jartzen du berebiziko arreta.

Lan-desgaitzea Kurdistanen
Lan-desgaitzea Kurdistanen
Lan-desgaitzea Kurdistanen

Internazionalista. EHUko irakaslea