Kronikak Indiatik: Rajastan

Mjk3Mw==

Rajastan, Raj agintarien lurra, India mendebaldean kokatzen den lurralde bat da. Ijitoen jatorria hemen dago, nahiz eta hasieran pentsatzen zen Egiptotik zetozela (Egipto=Ijito). Herri hau Europan sakabanatu zen,Turkiatik barrena sartuta,  Romania eta Hungaria bizileku hartuz, batik bat. Beste batzuk berriz, Afrika iparraldea zeharkatuz, Iberiar Penintsulara iritsi ziren. Beraiekin eraman zituzten euren ohiturak, kantuak, musika eta klanetan banatutako familia-egitura. Gaur Rajastanen klan nomada gutxi batzuk baino ez dira gelditzen, Thar basamortuan, hain zuzen ere; Indiako kastarik baxuena osatzen dute eta ez dute inongo harremanik beste etnia, erlijio edo taldeekin.

Thar basamortuan pasa ditut bi egun nik ere, gameluan bidaiatzen. Eguraldiak ez du asko lagundu, beroaz gain, haizea baitzebilen, eta horrek, haizea eta basamortua batean nahastuta, hondar ekaitza esan nahi du, oso ezatsegina edozertarako. Nire ustez ordea, bidaiak ez dauka alferrikako egunik, eta bidaia batean, dena experientzia bihurtzen da, beraz, alderdi positiboak begiratu eta bi egunok ere horrela ikusten ditut orain, behin amaitu direnean. Ezagutu ditudan bi uruguaitarrak, Bernardo eta Gustavo, baita gameluzaina eta sukaldaria ere, denak zoragarriak izan dira ibilbide motz honetako konpainia bezala (beste bi japoniarrei buruz hobeto ez hitz egin). Parajeak ikusgarriak oso. Pasa ditugun herrixka eta ikusi ditugun artzainak, zer esanik ez. Benetan azal berezia behar da hemen jaio eta bizitzeko, bertako jainko eta izpiritu zein arima guztien laguntzaz gain. Egun gogoangarriak, hortaz. Gainera, munduan den hotelik onenean lo egiteko parada, milaka izar dituen hori. Hori baita basamortua, bere gogortasun eta krudaltasun guztian.

Mjk3Mg==

Mjk3NA==

Pushkar herrian ere egon naiz. Pushkar herri sakratua da hinduentzat, horregatik, era berean, erromes eta turisten jomuga bihurtu da aspaldi honetan. Eszenografia ikusgarria da: kolore eta usain ezberdin asko, emakumeak bere sari eta bindiarekin, Sadhuak, behiak, brahmanak… Iruditzen zait, azken urte luze hauetan, tokiok pixka bat ikuskizun bihurtzen ari direla, eta toki komertzialak bilakatzen poliki-poliki. Askok sinesmenagatik egiten badute ere, beste asko turista eta bidaiarion diru bila dabiltzala. Errazago ulertzeko adibidea: Sadhuak bere bizitza arrunta utzi (etxea, familia, ondasun oro) eta jainkoari eskaintzen zatzaizkion pertsonak dira, aszeta moduan biziko direlarik aurrerantzean eta jendeak ematen dienetik bizitzen dira, era horretan, gainera, herriak karma onarekin betetzen du. Bada, orain,  turistei xoxak ateratzea dedikatzen dira; hemen ezagutu nuen liburudenda bateko jabeak esan zidan moduan: money-sadhu.

Mjk3MQ==

Hala eta guztiz ere, honek guztiak ez dio Pushkar herriari bere enkantua kentzen. Mistikoa eta erakargarria da. Interesgarria. Baina, aldaketa hori guztiz eman ez dadin, Hollywood edo Cirque du Soleil bat bilaka ez dadin, guk mendebaldekook ere badugu gure ardura.

Irudia | Sadhu Pushkar | Fernando Rojo | Creative Commons By SA
Irudia | Thar basamortuan, sukaldaria afaria prestatzen | Fernando Rojo | Creative Commons By SA
Irudia | Thar basamortuan, emakumeak ur bila | Fernando Rojo | Creative Commons By SA
Irudia | Thar basamortuan, gameluzain eta sukaldariak | Fernando Rojo | Creative Commons By SA

ALDERRAIA

Zer duzu buruan “Kronikak Indiatik: Rajastan”-ri buruz

  • Iepa Fernando
    Jarraitu zure bidaiaren kronikak idazten, Tolosatik atera gabe bidaiatzeko aukera ematen diguzu eta.
    Eutsi goiari!