Kosmetikoen Aurka

Kosmetikoen Aurka –

Kosmetikoen Aurka

Honako artikulua makilajearen eta modifikazio estetikoaren aurkako argumentuak jasoko ditu. Ez ditut osasunaren gain eragiten dituen kalteak arbuiatzen ordea. Honez gain, emakumeez edo kontsumitzaileez hitz egiten dudanean, emakumezkoak bezero nagusiak izan arren, produktu kosmetikoak erosten eta kontsumitzen dituzten pertsona guztietaz hitz egiten dut —gizonak eta bestelako sexuetako pertsonak barne. Hala ere, ezer aipatu aurretik, idazlea gizonezkoa naizela kontutan hartu beharrekoa da. Beste datu garrantzitsu bat nire ikuspuntu pertsonaletik —eta ez bakarrik sexuari dagokionez— eta esperientzietan oinarritutako informazioarekin nire argumentuak osatzen ditudala da. Halere, ahal ditudan xehetasun guztiak froga enpirikoekin sendotuko ditut.

Hasteko, nire aburuz ez bakarrik, baizik eta ezagutzen ditudan gizonezko guztien iritziz, makilajea itsusia da. Emakumezkoek orokorrean kosmetikoen laguntzaz, haien itsura eta impresioa hobetzea —gizonezkoentzako batez ere— dela litzake haien erabilpenaren arrazoi nabarmenena. Hala ere, emakume eta neska askok honako aitorpen honen aurka agertuko dira; eta ulergarria da, noski, ez bakarrik gizonezkoen mendean kolokatzen dituelako, baizik eta makilajearen mendean ere bai. Halere, makilajea ez omen da besteentzat, eta ez da besteekiko itsurakeria, norberarena baizik. Ba, zoritxarrez, ez da norberarentzako, besteentzako baizik: Aplikaturiko Psikologia Sozialeko Aldizkarian (Journal of Applied Social Psychology) argitaraturiko artikulu batean (onlinelibrary.wiley.com) 2006an egindako esperimentu baten arabera, kosmetikoak erabiltzean, emakumeek osasuntsuagoak zirela eta haien buruetaz ziurrago zeudelaren inpresioa eman zieten parte-hartzaileei, nire hasierako usteak ez bezala. Baino, hau ez al da itsurakeria, gezurra eta iruzurra —ez bakarrik ikusleentzat, baino kosmetikoen erabiltzaileentzat ere? Haien itsura manipulatua enpresen eta arau sozialen arrazoia da. Kosmetikoak promozionatzen, saltzen edota ekoizten duten enpresak emakumeen ziurtasun-gabeziaz elikatzen dira; geroz eta ziurtasun gutxiago haien buruengan, geroz eta produktu gehiako erosiko dute haien paranoiak faltsuki ezkutatzeko eta lasaitzeko.

Baino ez da hemen amaitzen: dirudienez, beste arrazoi batzuk badaude ere: haien artean “norberarentzako dela”-ren argumentua oraindik geratzen da suntsitzeko. Neska edo emakume batzuen ustetan, nahikoa da “gizartearengatik ez, baino haien buruentzako” erabiltzen dutela esatea. Argumentu huts eta lotsagarria benetan. Nolatan hobe sentiaraziko dute haien burua kosmetikoak erabiliz eta haien itsura faltsuki manipulatuz? Haien burua gizartearen barne baitago. Bai norbanakoa, bai haren itsura gizartearen barruan datza, eta hau da zehazki haien buruekiko ziurtasuna diktatzen duen faktorea. Makilajeak nola izango luke eraginik norberaren ziurtasunarengan gizarteari itsusia eta desegokia iruditzen balitzaio?

Halere, badago gehiago, “ez baita makilajea ezaugarri itsusiak ezkutatzeko, erabiltzailearen ezaugarri ederrak nabarmentzeko baizik”. Aipamen hau kasu askotan gezurra izateaz gain, produktuekiko menpekotasuna adierazten du; pertsonaren berezko edertasuna gailentzeko gai ez dela egiaztatzen baitu. Haren edertasuna ez da nahikoa haren kabuz liluratzeko; haren ezaugarri ederrak ez dira independente. Horixe da argudio horrek dioena. Honetaz gain, zergatik ez dituzte gizonezkoek orokorrean kosmetikoak erabili behar? Dirudienez, gizonezkoen ezaugarri politak oro har hobeagoak eta independenteagoak dira emakumezkoenak baino…

Konsumitzaileen ziurtasun ezaz elikatzen den negozioa da makilaje eta kosmetikoen industria. Baino makilajea eta produktu kosmetikoak iruzurrez beteriko industria laidogarria izateaz gain, oso negozio matxista —gizonen eta gizarte sexistaren aldetik— eta itsurakeri eta manipulazio lotsagarria —kontsumitzaileen aldetik; denak dira arduradun: negozioak, gizartea, eta kontsumitzaileak. Penagarria da emakumeak haien joera matxistei eusten eta defendatzen dituztenean.

Baino zoritxarrez, hainbat kritika edo testu filosofikoekin gertatzen den bezala, irakurlea, kontsumitzailea edota industriako langilea izanik, honakoa irakurtzean, nahiz eta aurkako argumenturik ez izan eta esandako guztia onartu, hipokritikoki haren ohiturak mantendu eta haren bizitzarekin jarraituko du argumentu hauek inioiz existitu ez balira bezala. Hipokresia eta jokabide mespretxagarri hau sinesgaitza eta lotsagarria da. Zertarako dira honelako testuak gizartea aldatzeko ez bada? Zer da haien balio praktikoa, irakurlea argumentu guztiak onartu arren, haren betiko portaera eta mentalitatearekin erdeingarriki jarraitzen badu? Nolatan izan zezake norbait hainbeste ozarkeria kontraesanean mutiriki bizitzeko eta hortaz filosofia baliogabetzeko? Zuzenean arrazoiaren aurka jokatzea onartezina da, eta irakurleak testuarekiko ardura du: kontraargumenturik ez baldin baditu, filosofia hori onartzea, eta haren bizitzan txertatzea. Ez badu ardura hori betetzen, orduan errudun bilakatzen da. Kasu honetan, negozioak, gizarteak eta kontsumitzaileak, aurkako arrazoirik ez badituzte, baino testuak eraginik ez badu haien eginkizunengan eta kosmetikoak kontsumitzen, ekoizten eta onartzen jarraitzen badituzte, orduan bai, informazioa izanik, arduradun izatetik errudun izatera pasatzen dira. Baino esan bezala, zoritxarrez, irakurle gehienak horixe bera egingo dute. Gorrotagarria benetan.

Kosmetikoen Aurka

Zer duzu buruan “Kosmetikoen Aurka”-ri buruz