Kontsumoaren erronka

Kontsumoaren erronka –

Amatiñok Euskadi Irratiko Albiste Faktorian.

Kontsumoaren erronkaInternetez erostea oso modernoa da, baina horren atzekaldean dago banatzailearen esplotazioa, iraunkortasunaren kontrako banaketa indibiduala, inguruko denden porrota eta eskubidetzat jotzen ditugun zerbitzu publikoak ordaintzeko, gure erakundeek zergak kobratu ezina.

Euskal zinematan ikusgai dugu, egunotan, Ken Loach-en “Sorry we missed you” filma, non kapitalismoaren lan-sistemaren ajeak salatzen diren. Zinea zine, filma ez da nabarmendu beharreko pelikula ona, baina Publikoaren Saria lortu zuen Donostiako azken zinemaldian, ikusentzuleek gogoko dute-eta kritika soziala.

Filmak, Internetez egindako eskariak etxerik etxe zabaltzen dituen banatzailearen itolarriak kontatzen dizkigu, heldu-ezinak. Ez soilik paketeak denboraz entregatzeko, baita hilaren azkenera heltzeko ezina ere, emaztea haintzat hartzeko denbora falta eta seme-alabekin egoteko astirik eza.

Pelikulako protagonista behargin autonomoa da eta, horretara, teoriaz, bere buruaren jabe. Baina, praktikan, ez du bere furgoneta ordaintzeko lain irabazten, ez du egunean zehar lana amaitzeko besteko ordurik, eta familiarentzako nahi lukeen ongizatea lortu beharrean, etxeko giroa eta oreka gaiztotu eta txartotu baino ez du egiten.

Filmari jaramon eginez gero, argi dago zeintzuk diren errudunak: lehenik, banatzailearen jefea; gero, jefearen jefeak; goian, enpresaren zuzendaria; gorago administrazio-kontseilua eta, azkenik, piramidearen gailurrean, Amazon bezalako enpresa globalak. Filmak ahaztu egiten ditu, ordea –ez litzatekeelako hain popularra izango–, Amazon eta antzerako plataformen gainean dauden benetako eskaleak: kontsumitzaileak.

Izan ere, katea hasten da Amazonen katalogoan aukeratu, klik egin eta sistema guztia martxan jartzen dugunean. Prozesu honek sortaraziko du banatzailearen estresa, kalez kale furgonetaz gasolina eta burua erre beharra, herrietako dendak ixtea eta, azkenik, guri gizarte-zerbitzuak emateko, erakundeek kobratu beharko lituzketen zergak, Diputazioaren eskuetara ez heltzea.

Internetez erostea oso modernoa da, baina horren atzekaldean dago banatzailearen esplotazioa, iraunkortasunaren kontrako banaketa indibiduala, inguruko denden porrota eta eskubidetzat jotzen ditugun zerbitzu publikoak ordaintzeko, gure erakundeek zergak kobratu ezina.

Hori bai: nor gu baino aurrerakoiagorik? Errudunak, beti, besteak dira.

Kontsumoaren erronka

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.