Kolonbiar herriarekin elkartasunez

Kolonbiar herriarekin elkartasunez –

Kolonbian, 2020 eta 2021 urteen artean 93 sarraski baino gehiago izan dira. 293 hildako inguru, herri mugimenduetako kideak gehienak. FARC-EPko 250 gerrillari ohi baino gehiago exekutatuak izan dira, inoiz bakea agindu zien oligarkiak babesik gabe utzi eta traizionatu ondoren. Herriak eta ekosistemak suntsitzen dituzten multinazionalei eman zaizkie nekazarien eta indigenen lur sailak, eta  lapurretan eta sarraski sistematikoan oinarritzen den neoliberalismo eredua eraiki dute.

Egoera horretan ere, Kolonbiako herriak borrokan tinko jarraitzen du. Urtetik urtera herri mugimendua kaleak hartzen ikusi dugu bere ahotsa altxatzeko. Bizitzarekiko errespetua da aldarri nagusia. Miseriara kondenatzen dituen eredu ekonomikoaren aurka, bizitza duin baten alde.

Kolonbiar herriarekin elkartasunez2019ko egoera dramatikoak Gran Paro Nacional (Greba Orokorra) deitzeko beharra mahaigaineratu zuen. Duqueren gobernuaren erantzuna mobilizazioak bortizki zapaltzea izan zen eta, horren ondorioz, Dilan Cruz gaztea buruan tiro batez hil zuten Bogotan. Istilu gogorrak izan ziren aste haietan eta pandemiaren etorrerak halabeharrez baretu zuen egoera.

Birusaren afera herriaren mesedetarako aprobetxatu beharrean, besteak beste, errepresioaren intentsitatea jaitsiz edota miseria politikei uko eginez, erregimenak are gehiago aberasteko aukera ikusi zuen. Neurri militarrak hartu zituen osasunaren izenean “pandemia kontrolatu ahal izateko” aitzakiarekin, eta milaka herritar COVIDak jota hiltzera kondenatu zituen. Birusak aurrera egiten zuen bitartean herritarrak lanean jarraitzera behartuz, oligarkia bere negozioak bere horretan mantentzen saiatu zen, milaka pertsonaren osasuna sakrifikatu zuen eta presidenteari herritarrak zaintzeko neurri serioak hartzea eskatzen zietenei publikoki iseka egin zien.

Pandemiak eta gobernuaren kudeaketa txarrak eragindako egoera larriaren aurrean, presoak izan ziren matxinatzen lehenak. Estatuaren erantzuna: 2020ko martxoan, barrote artean ez hiltzea aldarrikatzen zuten 22 preso babesgabe eta gaixo erailtzea. Presoen ondoren pobreenak etorri ziren: medikuak bidali beharrean, presidenteak poliziak eta militarrak bidali zituen auzoetara, mundu guztia lanera joan zedin eta inor ez zedin protesta egitera ausartu.

Testuinguru horretan, Kolonbiako herritarrek haserre hartu zuten Javier Ordoñezen hilketa 2020ko urrian. Bogotako poliziak elektrokutatu eta bortizki torturatu zuen, gauez etxetik kanpo egoteagatik. Herritarren erantzuna berriz ere txalotzekoa izan zen: milaka lagunek kaleak hartu zituzten bizitzeko eskubidea aldarrikatuz. Tamalez, beste behin ere, oligarkiak aldarriak errepresio bilakatu eta enegarren sarraskia eragin zuen: segurtasun indarrek 13 pertsona hil zituzten Bogotan bakarrik.

Handik pare bat hilabetera, enpresariek, diru-goseak jota, zerga-erreforma berria bultzatu zuten: herria gerrak edo gaixotasunak jota hiltzera kondenatuta egoteaz gain, orain, interesekin ordaindu beharko die aberatsei bere tragediagatik. Ogasun ministroak erreforma justifikatu zuen, noski. Merkaturik inoiz zapaldu ez duena, produkturik oinarrizkoenaren benetako balioa ezagutzen ez duena, bere gose-politika lotsagabeki justifikatzen saiatzen da.Azken gertakari horrek Kolonbiako herritar klase guztien pazientzia agortu zuen: nekazariak, indigenak, emakumeak, afrikar ondorengoak/beltzak, ikasleak, langileak eta langabeak borrokara  abiatu ziren determinazio osoz. Duqueren erantzuna armatu-gabeko zibilen erailketa masiboa izan zen eta, gainera, herrialdearen egoera orokorraren errua egotzi zien, Latinoamerikako indar militar handi eta hornituenaren aurrean defendatzeagatik.

Kolonbiar herriarekin elkartasunezHiri askotan kolpe militar baten aurrean daude. Tokiko agintariek eta botere politikoak ez dute legeak errespetarazteko benetako gaitasunik, militarrek erabakitzen dute zer egin, eta izuaren indarraz inposatzen dira borroka herrikoia zapaltzeko: benetako diktadura koadroa. Apirilaren 28az geroztik, 30 pertsona baino gehiago hil dituzte indar armatuek, 940 polizia-basakeria kasu baino gehiago egon dira, 672 atxilotu, Estatuko agenteek eragindako 10 sexu-indarkeria kasu eta dozenaka desagertu izan dira momentuz Duqueren gobernuaren errepresioaren ondorioz.

Euskal Herritik gure elkartasunik beroena helarazi nahi diogu Kolonbiako herriari. Erreforma bat baino askoz gehiago da guzti hau; hamarkadak dira borroka abiatu zela oligarkia ziztrin eta genozida baten aurka, gerra eta estatu-terrorismoa negozio-plan handi gisa inposatzeko erabili dituen eta AEBen mesedetara belaunikatu den oligarkia baten aurka. Mundua sarraskiak ikusten ohitzen ari den bitartean, gerra, kartzela eta erbesteari aurre eginez, herrialde burujabe, duin eta aske bat ikusteko ametsari uko egin ez dion herri bat altxatzen ari da.

Gainera, Askapenatik, Euskal Herriko enpresa zein instituzioek Kolonbiako gobernu eta oligarkiarekin dituzten konplizitateak salatu nahi ditugu. Bada garaia sistematikoki klase pobretuenen sarraskiaren alde egiten duten agenteekin harremanak eten daitezen eskatzeko. Horregatik, Euskal Herritik, konplizitate horiek seinalatzen eta salatzen jarraituko dugu, ez baitugu onartuko gure herriaren izenean Ivan Duqueren gobernu genozidari eta multinazionalei aurre egiten dien disidentzia politikoa torturatzen, hiltzen eta desagerrarazten jarraitzea.

Euskal Herritik, besarkada estu bat herri kolonbiarrari, eta gure errespeturik sakonena adierazi nahi diogu narkogobernu guerrerista horren biktimen memoriari. Bukatzeko, gure aitortza osoa adierazi nahi diogu bere borroka-banderak goian mantentzen jarraitzen duen kolonbiar herri borrokalariari.

Duque kanpora! Utzi Kolonbia bakean!

Kolonbiar herriarekin elkartasunez.Kolonbiar herriarekin elkartasunez