Kezkatzeko kontua

Kezkatzeko kontua –

Asteburu honetan Samuel Luiz deituriko 24 urteko gazte bat jipoitu eta hil egin dute Coruñan. Jipoiaren arrazoiaren atzean gorroto eta LGTBIQ fobia zegoen, baina komunikabide askotan entzun behar izan dugu pertsona bati bizitza ukatu dion eraso hura mugikor baten inguruko eztabaida batek piztu zuela.

Elkarte, kolektibo eta herri mugimenduek homofobiak hil egiten duela mila bider errepikatu behar duela ematen du. Ez dakit zer gehiago behar den bestela azken boladan estatuan ematen ari diren eraso guzti hauek kontestu homofobo batean txertatzeko. Azkeneko albisteak kezkagarriak dira eta kolektibo zaurgarrien aurkako gorroto eta fobiak ez du etenik. Duela astebete, Donostiako lau gazteren (oso-oso gazteren) izaera homofoboa zuen bideo bat birala egin zen. Biolentzia handiko bideoa zen: homosexualen aurka hauek “hil” eta “gaixotasun” bezalako terminoak erabiltzen zituzten. Burla artean dena. Barreak. “Zenbat homosexual jaitsi (hil) ditzakezu?” “nik bat edo bi gutxienez”. Eta barre gehiago. Eta horrelako mezuen ondorioa zera da: asteburu honetan gazte bat hil dute. Iritzi eta jarrera homofobo hauek, lasai eta erosoegi, gazteen artean nahiko zabalduta daude, nahi dutena egitera eta esatera ohituegi daudela da beldur gehien ematen didana. Homofobia gaitz ezagunegia badugu ere, gazte hauek kamera baten aurrean lasaitasun osoz ari dira, beldurrik gabe pentsatzen dauden hori lasai botatzeko, kamera baten aurrean…

Gehituk, Euskal Herriko LGTBI elkarteak, egoeraren larritasunaren aurrean, komunikatu bat argitaratu du. Bertan, “Eusko Jaurlaritzari LGTBI pertsonentzako benetako berdintasun eraginkorra xede izango duen proiektua” lehenbailehen onar dezala eskatzen diote. “LGTBI-fobia deuseztatzeko gazteengan eta gizarte osoan, eta halaber, LGTBI pertsonen eskubideak eta segurtasuna, batez ere, zaurgarritasun egoeran daudenak, bermatu beharko bailituzke”.

Ez nuke idatzi hau neurrien beharrera mugatu nahi bakarrik. Ezta gutxiago ere. Tuntuna izan behar da neurriek, batez ere judizialek, gizarte homofobo bat erreparatuko dutela pentsatzeko. Egoera larria da eta neurriak guk jarri behar ditugu, gure pertsona, zirkulu eta ez hain zirkulutik hasita. Gehiegitan errepikatu dena hala ere, baina iruditzen zait tolerantziaren aterki faltsu horretan erosoegi daudela batzuk eta behingoagatik erremedioak jartzeko garaia bada. Denok eta bakoitzak. Errespetua praktikatu egin behar da. Kalera atera eta ekin, egon. Ni banago. Agur Samuel.

Kezkatzeko kontua

16 pentsamendu “Kezkatzeko kontua”-ri buruz

  • Dirudienez kasu hau ez da izan saldu diguten “homofobia” kasu bat. Baina berdin dio, todo por la causa. Egunero komunikabideetan beste konturik ez dago, transak gora eta transak behera, generoa gora eta generoa behera…. Eta munduko platerik hoberena izan daiteke baina egunero gauza behera dastatuz azkenean kokoteraino amaitzen duzu. Eta nik jakin nahiko nuke tsunami hau nork finantzatzen duen, zeren guzti hau finantziaziorik gabe ezin da egin. Zein interes daude atzean?

  • “komunikabideetan beste konturik ez dago, transak gora eta transak behera, generoa gora eta generoa behera…”. (Eskerrak beltzak gora eta beltzak behera… , edo emakumeenganako biolentzia gora eta emakumeenganako biolentzia behera esan ez duzunik… baina behin hasita…) Eta zeu zaude kokoteraino eta hau nork finantzatzen duen duzu galdera garrantzitsu bakar. Errespetu eta zentzu apurtxo bat mesedez ….

  • Agian zeure burua ari zara deskribatzen, ez?! Zuek bezalakoa ez naizelako ez ditut nahasi, hortantxe zarete eta trebeak, gauzak nahasten: transak, generoa, emakumea, beltzak, ekologia, beganismoa, animalismoa eta ez dakit zenbat gehiago. Globalizazioaren txotxongiloak zarete, Bill Gates eta enparauek finantzatuak. Hain zehazki ere, jakin dezazun, nekazal lurrak erosi eta erosi ari omen da Bill Gates, milaka eta milaka hektarea. Gizon honek ez du mugimendurik egiten dirua irabazteko ez bada. Zergatik ote lurrak erosten…

  • Amaia, ez da deus berririk, zuk honezkero ongi baino hobeki baitakizu, baina goiko iruzkinak ZUZUE-ren irakurle klasearen adierazle garbiak dira. Gauza bera gertatzen da homofobia, transexualitatea, genero kontuak, feminismoa, xenofobia edo antzeko gai “beroak” aipatzen diren bakoitzean: erreazkionarioak trumilka ateratzen dira arrapostuan. Gehitu horri pandemiaren edo txertoen ukatzaileei eskaintzen diezuen bozgorailua, eta horixe duzue gaur egun ZUZEU (ez dakit, baina, noizbait bertzelakorik izan den): fringe, konspiranoiko eta atzerakoein kobazulo bat, halako euskal “forocoches” bat. Zintzoki etsita nago ez dela erredakzio taldearen asmoa halakoei hauspoa ematea, baina lerro editorial garbi baten faltak eta ekarpenak onartzeko irizpiderik ezak, bertzeak bertze, horixe ekarri dute. Niri gero eta gehiagotan nazka ematen dit webgunean sartzeak; eta niri bezala, seguruenik, irakurle potentzialen gehiengoari: jarrera erreakzionarioak gutxiengo dira gizartean, baina horien zabaltzaileak hagitz zaratatsuak dira, aukera ematen bazaie. Gaizki ulertutako adierazpen askatasun baten aitzakiapean, euskal homofobo, xenofobo, matxirulo eta konspiranoikoen babesleku bilakatu da ZUZUE.

  • Uste dut zuzeu eta iruzkingile batzuen iruzkinak nahasten ari zarela. Zuzeu aldizkaria hori baina askoz gehiago da niretzat behintzat… Youtube edo twitterreko iruzkinak ikusita, homofobo, xenofobo, matxirulo eta konspiranoikoen babesleku dira? Ez dut uste PLATAFORMA, ZUZEU kasu honetan, eta iruzkingile batzuen jarduna nahastea zilegi denik. Eta gaizki edo ondo ulertutako adierazpen askatasuna, eztabaida luzea da hori…

  • Bide batez, artikulu eta hausnarketarekin erabat ados Amaia. Segi ondo!

  • Zuzeuzale:

    Oker zaude, nere ustean. ZUZEU plataforma, interneteko edozein plataforma bezala, ez da deslotzen ahal, bere horretan eta bertzerik gabe, argitaratzen dituen artikulu eta iruzkinetatik. Twitter, Facebook, Youtube, Instagram eta antzeko plataformen moduan, badu erantzunkizun bat plazaratzen dituen edukien gainean. Aipatu plataforma erraldoi horiek badituzte onartze politikak, eta, nahiz eztabaidagarriak izan, haiekin bat ez datozen edukiak ezabatu egiten dituzte. Eztabaidagai da, eta ados nago eztabaida hori ez dela erraza, non kokatu behar diren marra gorriak. Bistan da, baina, ZUZEU-ren marra gorrien artean ez daudela, adibidez, homofobia (ik. goitiago), konspiranoia (txertoak, plandemia, Iruña-Veleia, Bill Gates) edo (euskal usaineko) xenofobia.

    Eta bai, Amaiaren artikulua, ia guztietan bezala, erabat txalogarria.

  • Hemen ikusten da globalizazioaren diktadura ezkertiar berria. Hainbat gai zaku berean sartu ( Iruña Veleia, txertoak, generoa…) eta gai guzti horietan politikoki zuzena den lineatik ateraz gero, “marra gorria” zeharkatzea, ZUZEUri zentsura eskatzea (linea editorialik ez al duen galdezka alajaina!), erreakzionarioa eta ez dakit zenbat gauza bota dira hemen. Nonbait linea ofizial bat dago eta beste guztia ezabatu egin behar da. Non daude “eman hitza herriari!” eta horrelako aldarrikapenak. Gutxiengoa omen dira esan gainera! “Demokrazia” bolo-bolo ahoan, hori bai! Herriaren gehiengoa isilarazita politikoki zuzena denaren aurka zerbait esateko beldurrez. Ezker diktadura globalista berria! Iruña Veleiako izkribuak faltsuak direla iruditzen zait niri baina alderantziz diotenen iritzia aintzat hartzen dut. Izurritearen negazionistak ez ditut gustuko baina beraien iritzia behar-beharrezkoa da. Urte gutxitan ezker abertzalearen parte batek eman duen gainbehera sinestezina da. Bonbak jartzetik Bill Gates bezalakoek finantzatutako diktadura globalistarik okerrenera igaro da. Lotsagarria! Herria ez duzue isilduko!

  • Gauza jakina da anonimotasunak bide ematen duela barruan daukagun ipotx intolerantea ateratzeko, bestela askok ez bailituzkete botako ezizen pean botatzen dituztenak. Kontua da, zer ekarpen berezi egiten dute ezizendunek beren izen-abizenekin sinatzen dutenen aldean?

    Orain dela pare bat urte zuzeun bozkatu zen ea komentarioak egiteko orduan nork bere izena erabiltzera behartuko zen edota ordura arte bezala anonimotasunetik jardutea utziko zen. Bigarren aukera nagusitu zen. Agian heldu da bigarren botazio bat egiteko ordua.

  • Izengabe:

    Arazoa, nere ustean, anonimatopeko iruzkin intoleranteez haratago doa, nahiz hori ikusgarriena izan. ZUZUE-k gainerako euskal agerkariek (paperezkoak edo birtualak izan) zabaltzen ez dituzten iritziei hauspoa ematen die, izen-abizenez sinatuak. Edozein komunikabidek argitaratze irizpideak ditu, eta editoreen lana da, bertzeak bertze, horiek zaintzea. ZUZEU-n, berriz, batek du irudikapena bidaltzen den guzia argitaratzen dutela, inolako baherik gabe. Agian oker nago, baina, zertarako, orduan, “erredakzio taldea”?

  • Zuen bi artikulotxo politikoki zuzenak idatzi eta mundu guztia horien aurrean amen egiten ikusi nahi duzue. Hori da zuen linea editoriala. Ikusten dugu Berriak zeinen indarra duen zuen eskema bera aplikatuta! Berria harpidedun izatea baino nahiago komun publikoa miazkatzea.

  • ZUZEUk dirulaguntza publikoak jasotzen dituen heinean ezin du nahi duena egin. Horixe da nahi duzuena: denon diruarekin zeuon txiringito editoriala muntatu. Eusko Jaurlaritzaren dirua. Ea Nafarroako gobernuak noiz finantzatzen duen euskarazko zerbait, Kabe! Ez etorri hona Eusko Jaurlaritzaren diruarekin zer egin behar den esatera!

  • Eta zer egingo dute ez-anonimotasuna ziurtatzeko? NAN zenbakia eskatu?

    Darwin edo Patxi Haizpuru (asmatutako izena) erabiltzeak zerbait aldatzen al du?

  • Neu, baina izena asmatua izango litzateke, beraz, berdin dio.
    Darwin edo asmatutako izen “zuzen” bat erabltzea.
    Nola ziurtatuko lukete izena benetakoa den edo ez den?

  • Rodion Romanovich Raskolnikov 2021-07-12 03:21

    Lgtbi lbitege eta ez dakit zer eta ez dakit zorren aurka, globalismoaren aurka, komunismoaren aurka… zaudetenok. Zeren alde zaudete? Zein da zuen proposamena? Zer duzue eraikitzailetik esateko?
    Hemen iruzkintzen dugun gizaki GUZTIOK negatiboan baino positiboan idatziko bagenu mundua leko hobeagoa zitekeela ez izan zalantzarik.

  • Nire ustez arazoa trolak elikatzea da, eta haiek markatutako bidea jarraitzea. Mutil bat homosexuala zelako kolpeka erail dute kale gorrian, eta hemen gaude denok, trol batzuei kaso egiteagatik, ZuZeuren iruzkin politikari buruz hitz egiten…
    Ez elikatu trolak, eta Rodionek dioen bidetik, positiboan idatziko bagenu, eta errespetuz, eztabaida plaza ederra sortuko genuke denon artean.
    Artikuluaren harira: geroz eta garbiago ikusten dut homofobia, handitu eta zabaldu baino, erradikalizatzen ari dela. Jarrai dezagun gure egunerokoan jende librez osatutako herri libre baten alde lanean, gurean ez dezaten tokirik izan mutil honi gertatu bezalakoek.