Katrín Jakobsdóttir: “Politikan diharduenak herritarren pultsua ezagutu behar du”

Katrín Jakobsdóttir: “Politikan diharduenak herritarren pultsua ezagutu behar du”

(GARAko 7K gehigarrian duela hil batzuk argitaratutako elkarrizketa, ingelesezko solasaldia euskaratuta. Argazkia, Conny Beyreuther-ek)

Herrialde eredugarria izana zen gauza txikien zaleentzat: mundutik bereizita baina estrategikoki kokatuta planetaren iparraldean, independentea eta harrotasunez betea, Atlantikoaren iparraldean lotura ekonomiko eta kulturalak lotzen, eta ispilu, bere bidea egin gura zuten nazioentzat: Islandia da Europa mendebaldean independentzia lortu zuen azken herrialdea, duela 70 urte. 300 mila biztanle doi-doi, bizi-maila altua –zer esanik ez, kultura mailaz, gehien irakurtzen den herrialdeen buru beti. Lehena Giza-Garapenean. Dena amildu zen 2008ko urrian, BPG baino hamar aldiz handiagoa zen zorrarekin. Eta jakin zuten gizon-talde txiki batek, handinahitasun neurrigabea zuten bankari batzuek, hondoratu egin zutela askatasuna maite zuen marinelen herrialde hura.

“BanKatrín Jakobsdóttir: “Politikan diharduenak herritarren pultsua ezagutu behar du”karien testosteronak hondatutako herrialdea”, definitu zuen John Carlin kazetariak. Eta gizon-emakumeek harekin amaitzea erabaki zuten. Kontua zen pertsonak jarri edo kentzea; sistema oso bat, politika egiteko eta pentsatzeko modu bat aldatu behar zen. Eta egiaz dena baino are gazteagoa dirudien politikari gazte batek joko-arau hori ezarri zion iparraldeko nazioari errautsetatik jaikiarazi zion Gobernuari.

Beti da arriskutsua herrialde edo gizarte baten berpizkundearen sinboloa eraikuntza bat izatea. Asko dira mundu zabalean adibideak, miseriaren erdian altxatutako eraikin itzelak. Iazko irailean PEN Internationaleko kongresuan Euskal PENeko ordezkariek Reykjavikeko portuan Harpa zentroa bisitatu genuenean, beharbada Bilboko Guggenheim-ekin lotura egin genuen. Gauez are ikusgarriagoa da. Baina, batez ere, munduan iparralderen dagoen hiriburuan haren konbentzio-guneari darion berotasunak ematen du atentzioa. Eraikin hura burutzeko ardura, Islandiak gogora zezakeen krisi ekonomiko larrienaren erdian, apustu handia egin zuen Kultura ministro ezkertiar bat izan zen. Katrín Jakobsdóttir-ek tolesgabe aitortzen du: “ez da egia argi neukala, zintzoa izan nahi dut. Baina bazegoen itxaropen handia ere”.

Zuen atzetik ezkerreko alderdi askori gertatu zitzaien: Gobernuan sartu, ilusio handia piztu, baina miseria-egoerak kudeatu beharra. Gaur-gaurkoz, eraikin batek ez dirudi apustu egokiena larrialdi-une baterako.

Diru asko xahutu zen ordurako, egia bihurtu behar zuen amets moduko baten; hasteko, islandiar musikarientzat, eta nik ez zuen amets hura ostu nahi. Denek ez zeukaten argi. Batzuek erdi eraikita utzi nahi zuten, esaten zen hondamendi haren sinbolo bezala utz zitekeela. Nik, zinez diot, ez nuen sinesten porrot ekonomikoari buruzko oroitarri handi bat behar zenik, ez neritzon egoki. Gaur inork ezin du irudikatu auditoriorik ez dela. Gure alderdian ere, baziren elitearen etxe bezala ikusten zutenak. Neurri batean pragmatikoa izan nintzen, hainbeste diru xahutu zen ordurako eze, amaitu beharra zegoen. Hori bazen aski motibo. Baina amaitzeaz gain, garrantzitsua zen gero kudeaketa ona izan zezala, sortzaileak, gazteak batuko zituena.

Reykjavikeko alkatearekin egon nintzen, hura beste alderdi batekoa izan arren, eskuindarra. Elkarrekin lan egin genuen, kooperazio bikaina izan zen, eta lanaren ondoren denek ikusi dute aukera asko sortu direla. Lehen urtean milioi bat bisitari izan zituen. Garrantzitsuena da, kontzertu-areto erraldoia dela. Pozik nago halaber alkatearekin adostu genuelako lasai ibiltzeko leku bat izan zedila, denentzat, internetekin, kafe bat hartzeko, leku publiko bat. Berriki 35 mila bisitari izan genituen asteburu baten, gehienak islandiarrak, gastronomia jardunaldi batzuetan. Ona da, argi neukan denon onerako izan behar zuela, ez zela soilik gauza distiratsu bat edo elitearentzako zeozer eraikitzea.

2013ko Mies van der Rohe Arkitektura saria jaso zuen. Baina zail egiten zait Gobernu bilera bat irudikatzea, krisi betean, eta Ekonomia ministroarekin eztabaidan.

Urteberri baino lehen, gai horri buruzko eztabaida izan genuen telebista, zein industria kultural geneukan eta zein behar genuen, eta jendeak esan zuen, lehen aldiz eztabaidatzen zela gai horiei buruz telebistan. Eragin ekonomikoaz baino ez bada hitz egiten, joera honakoa da: “eragin ekonomikoa duten egitasmoak soilik babestuko ditugu”. Beti ez duzu hori jakiterik; baliteke ikerketa bat bultzatu behar izatea eta, noski, kalitateagatik aztertu beharko duzu, eta berehalako balizko aplikazio praktikoengatik. Islandian badaukagu batzorde bat horretarako, ez dira politikariak, profesionalak baizik, artistek eurek izendatuta, eta haiek erabakitzen dute. Artisten esku dago erabakia, beti ez du eragin ekonomikoa izango, baina agian bestelakoa bai.

Sostengarritasuna politikan giltzarria dela irakurri dizut. Eta kontzeptu hori emakumezkoa dela aldarrikatzen.

2009an, bankariek sartu gintuzten arazo haien guztien erdian, argi ikusten zen gizonezkoen kultura hark, epe laburreko eta berehalako aberastearen kultura hura zela denaren errudun. Eta horren aurrean pentsamendu pragmatikoa behar zen, oinak lurrean, berehalako etorkizunerako estrategia izan ordez begirada jarriko zuen hurrengo hamarkadetarako gauza sendo bat eraikitzeko. Pentsatzeko modu hori ez da sortzen gizonek agintzen duten gobernu baten.

Laura Mintegi idazleak antzeko zerbait esaten du “ezkerrak balore femeninoak hartu behar ditu” aldarrikatzen, hala nola negoziatzeko edo bestearen lekuan jartzeko gaitasuna.

Bai, ados nagoela uste dut. Ez da ezer aldatuko politikan sartu eta haren baitan gizonezkoen kultura dominatzaile horretako zati izateko lan egiten badugu. Hor badago beste arazo bat ere, hedabideetan gizonak dira nagusi, eta ikuspegi maskulinoa daukate batez ere. Eta horren ondorioz bizitza politikoan ere gizonek eta gizonen baloreek agintzen dute.

Hala da Eskandinavian ere?

Bai, han ere bai. Hedabideetan ageri dena horren guztiaren zati da, agian literatura teoriaren eraginez diot hori; uste dut gizonak nagusi diren kultura baten baloreak ditugula oraindik. 80ko hamarkadara arte ia ez geneukan emakumerik Parlamentuak, 60tik hiru-edo izango ziren, orain ehuneko 35-40 dira. Gauzak aldatu dira, baina politika orokorra, prentsako goiburuetan ageri dena, hizkera hanpatuarekin, eztabaidak berdin. Elementu horiei esaten diet gizonen kultura, eta oraindik nagusi da politikan eta haren transmisioan.

Hau da, aurrerapenak aurrerapen, politika oraindik gizonen ikuspegitik aurkezten da?

Hala uste dut. Ministroa izan nintzenean, ez nintzen beste politikari batzuk adina agertzen hedabideetan. Baina inkestek zioten gustura zeudela nire lanarekin, hizkera gogor hori erabili barik ere. Uste dut jendeak ez dituela horrelako gatazka gogorrak gura politikan, bestelako harreman eta hizkera batzuk baino. Eta posible da emakume askok politika egiteko beste modu bat abiaraztea, beste balore eta harreman batzuei ekitea, baina azkenean hedabideetan transmititzen dena, neurri handi baten, zarata hori da.

Esan dezakegu, sistemaren barruan lan eginda ere, oraindik ez dela lortu sistema hori aldatzea.

Politikak bai gizonen bai emakumeen bizitzari eragiten die. Nire aburuz, gizonak eta emakumeak badituzu mahaian erabakiak hartzen, ikuspegi gehiago izango dituzu, askotarikoagoak, ez alderdi desberdinetakoak, baita esperientzia desberdinetakoak ere. Gizon-emakumeen esperientziak, eta erabaki horiek hobeak izango dira, azken baten horrek axola baitio komunitateari. Jende desberdinak izatea, eta ez naiz ari gizonak eta emakumeak egoteaz soilik, garrantzitsua da talde desberdinak ordezkatuta egotea ere. Adibidez, Islandian oso etorkin gutxi ditugu politikagintzan, eta hori aldatu egin behar da, haien esperientziak ekartzeko politikara, erabakiguneetara, hala denok denongandik ikas dezagun.

Elkarbizitza ere ikasi egiten da. Barneratzen, adibidez, emakume askok aipatu legez, gizon edo emakume bat egote hutsak, eragina daukala eztabaida batean.

Bai. Beste guztiak gizonak diren bilera batean emakume bakarra banaiz mahaian, badakit eztabaida handia egongo dela, nolabait ni ez banengo bezala ariko direla, sutsuki, elkar zapaldu nahian. Baina nitaz gain beste emakume bat ere egonez gero, mahaiaren beste aldean, orduan erabat aldatuko da giroa. Horregatik uste dut garrantzitsua dela berdintasun hori lortzea. Badakit jendea gehiago orokortzea dela, baina emakume baldin badituzu boterean, beste era batera hurbiltzen dira auzietara, gaitasun handiagoa daukate jendeari entzuteko, bestela uste dutenekin elkarlanean aritzeko. Ez dakit horrela bereizterik dagoen, gizon eta emakumeen artean soilik, edo balore horiek egiaz eragiten ote dieten gehiago emakumeei, nik hala dela uste dut, elkarlan hori era naturalagoan datorrela, esperientziagatik, entzuteko eta ikasteko gai izateko. Nire esperientzia da, ministerioan, edozein gairen aurrean galdetzen nuela, “aizu, gai honetan zer daukagu, zer deritzozu?” eta gertatu zitzaidan haiek erantzutea, “zeuk jakin beharko zenuke”. Bai, ministroa naiz baina ez dakit den-dena, egiaz edonor izan daiteke ministro.

Edonor izan daiteke ministro, baina hedabideen trataera desberdina da. Zuri galdetu izan dizute nola bateratzen zenituen lana eta zure hiru ume txikien zaintza. Gizonezko ministro bati nekez egingo zaio galdera hori. Niri ere, hasiera batean, iruditzen zait ez nizukeela eremu pribatu horri buruz galdetu behar. Baina, bestalde, politika egiteko modu berri batez badihardugu, modu gizatiarragoa dei diezaiogun, beste balore batzuk dituena, familia-biziarekin bateragarria, ez ote genuke eremu hori ere naturaltasunez txertatu behar? Hau da, berdintasuna zer da, emakumezko ministroari ez galdetzea gizonezkoari galdetuko ez zeniokeena, ala hari ere egitea emakumezkoari egiten dizkiozun galderak?

Gizonak dominatzen duen politikaren mundu bateko zati da. Gizonek ere badituzte umeak, baina inork ez die galdetzen edo ez dira kezkatzen noiz eta nola zaintzen dituen umeok. Niri esan izan didate, “zure senar gaixoa”, entzuten duzun bezain barregarri, baina egiaz esan zidaten. Agian genero-politiketan garrantzitsua da markatzea, emakumeak seme-alabekin egon behar diren bezala, gizonek ere hala egin behar dutela, gai izan behar dutela biak uztartzeko, lana eta familia. Ministro izateak ez du esan nahi seme-alabak albora uztea, inondik inora. Politikan sartu nintzenean, argi neukan. Semeak lau urte zituen ministro izendatu nindutenean, eta uste dut nahiko ondo uztartu nituela eremu biak. Lanetik etxera itzultzen nintzen, familiarekin afaldu, umea haur-eskolara eraman. Hala izan behar dela uste dut. Islandian badira amatasun eta aitatasun-baimenak. Bederatzi hil dira, hiru gizonarentzat, hiru emakumearentzat, eta beste hirurak banatu daitezke, baina ez gizonaren hiru hilak. Garrantzitsua da eremu horretan gizonaren inplikazioa. Eta orain bertan, gizonek eurek nahi eta eskatzen dute. Ez da beharrezkoa, baina ia denek eskatzen dute, ia arautzat hartzen. Eta ez herrialdeko tradizio bat delako, egiaz berri samarra da. 2000. urtean onartu zenean, oso lege progresista zirudien, eta urte gutxian izan zuen arrakasta, gaur egun gizon guztiek nahi dute.

Garrantzitsua da erantzukizunak banatzea, kalera irtetea, hura ondo ezagutzea; gizonentzat ere hala da, garrantzitsua da politikariak benetako bizimoduaren zati izatea. Amatasun-baimenetik itzuli nintzenean gustura nengoen, lanak edo giroak irentsi gabe, eremuak bereiziz baina bakar bat utzi gabe. Politikan dagoenak ezagutu behar du herritarren, kalearen pultsua. Agian Islandian errazagoa da, dena da beste herrialde batzuetan baino informalagoa. Reykjaviken adibidez, ez da arraroa –egiaz oso arrunta da – lehen ministroa supermerkatuan aurkitzea erosketak egiten.

Teorian argi dago, emakume askok diotenez, paperean ondo dago, lehen egunean onartu egiten da, baina hirugarren edo laugarren bilerak aurpegi luzeak azaldu ohi dira. Eta une horretan, bestelako baloreak hartzen dituzu azkenean, gizonek bezain ondo egin dezakezula demostratu behar duzulakoan.

Bistan da, arau zaharrekin konformatzen bazara, horra eramango zaitu presioak. Baina nik erabaki nuen ez zela hala izango. Jendea gustura egon zen emaitzarekin. Lan eskerga egiten nuen berdin-berdin, batzuetan oso ezohiko orduetan, gauez edo beharrezko zenean. Bazitekeen bilera bat izatea, bilera hura luzatzea, tira, bada utzi egiten zenuen zure zereginak betetzeko, eta gero itzuli. Nire alderdian behinik behin, horrela da. Beti esaten dut, zerbait aldarrikatzen badugu, praktikan jarri behar dugu. Ez dut nahi gizarte bat, zeinean karreraren edo lanaren eta familiaren artean erabaki behar duzun. Egia da Eskandinaviako mentalitatearen zati ere badela. Politika-munduan agian zailagoa da hau guztia, baina hor ere aldatzen ari dira gauzak, aldatu behar dute. Politikariek gure baloreak barneratu behar dituzte, errealitatea ukitu behar dute, ezin dute inolaz ere bolizko dorrean gelditu. Ona da politikarako, gizarterako, baita haientzat ere.

Elkarrizketa batean irakurri nizun, emakumearen eraginaz berbetan, zelan gizonek ekonomiaren gaia meatzaritzara zeramaten, eta zuek nabarmendu zenuten musikak eta literaturak aluminioak beste diru ekar ziezaiokeela herrialdeari. “Gizon bati ez zitzaiokeen horrelakorik otuko”, erantsi zenuen. Zein neurritaraino eusten diozu politikan sartu zen literatur kritikari hari?

Politikan erabat sartu aurretik, gauza ugari egiten nituen: irakaslea, literatura kritikaria, argitaletxe baten ere baniharduen, baita literatura munduko beste eremu batzuetan ere. Arnaldur Indriðason-i buruz egin nuen tesia, eta Islandiako eleberri beltzaren zale sutsua naiz.

Begi bistako da generoaren arrakasta. Baina, egileak ez ote dira behartuta sentitzen honezkero gisa horretako eleberriak idaztera?

Bai, batek edo bestek esaten dit, “gorroto dut eleberri beltza, inork ez du nahi istorio bat, ez badauka hilketaren bat”. Uler dezaket, uste dut azken bizpahiru urteotan aldatu dela pixka bat, baina berriki arte bazirudien denek idatzi behar zutela eleberri beltza. Nik oso maite dut, batez ere nekatuta banago eta eleberri batekin lasai gozatzea besterik ez badut nahi. Bestelako gauza asko ere irakurtzen ditut. Jendeak bere gizartea ikusi nahi, eleberri beltzean ikusten du, baita beste literatura mota batean ere.

Arrakasta egileena da, noski, baina sarritan Gobernuek rol garrantzitsua daukate, bekekin, itzulpenerako laguntzarekin, sustapenarekin, e.a.

Nik ez nuen horretan zerikusirik izan, e (barrezka). Islandian argitaletxeek erabakitzen dute zer itzuli behar den. Gobernua Erdi Aroko sagak itzultzeaz baino ez zen arduratu, hura zen politikoki zuzena. Gainontzekoa argitaletxeen esku.

Baina itzulpenak laguntza handia dauka.

Bai, baina ez da politikarien meritua. Tradizio handia da, artisten euren Kontseilua. Oso pozik nago azken bi edo hiru hamarkadotan giroa aldatu egin delako, asko itzultzen da baina modu profesionalean, politikarien eskuetatik igaro gabe. Eztabaida bat izan genuen, zer itzuli behar ote zen, eta komunistak ginela ere esan ziguten, ea Gobernuak esan behar zuen zer itzuli behar zen eta zer ez.

Zuen egileak itzuli egiten dira, baina zuek ere asko itzultzen duzue, 300 mila hiztun dituen hizkuntza bat izanik. Pentsatzen dut azpidatziek badutela zerikusirik baina, hala ere, idatzizko kultura beste hizkuntzaren baten ere jasotzen duzu, demagun danieraz edo ingelesez?

Sekula ez da aski izango, baina asko itzultzen dugu islandierara. Politika indartsua dago horretan, nazionalista nahi baduzu, eta argitaletxeak dira itzulpenen erantzule. Gure politika kulturalaren zati da. Asko dira danieraz edo jatorrizko hizkuntzan irakur dezaketenak, baina islandieraz irakurtzea ere maite dugu, besteak beste, itzultzaileak zein lan egin duen ikusteko. Itzultzailea gure panorama kulturaleko zati da, eta oso estimatua da literaturan. Umeekin adibidez, garrantzitsua da Harry Potter eta beste hainbat gauza islandieraz egotea. Umeek maite dute eta, are garrantzitsuago dena, irakurri egiten dute. Ez da literatura soilik itzultzen, baita eremu teknologikoan ere, bideojokoak, adibidez. Gazteen intereseko den guzti-guztia, islandieraz izan behar dugu.

Badugu zer ikasi Euskal Herrian.

Islandieraz hitz egiteko arrazoiak XIX. mende amaierako politika nazionalistak dira, 1944an independentzia lortu baino askoz lehenago. XVIII. mendean bertan bazegoen beldur hori, gure hizkuntza galdu eta denok danieraz egingo ote genuen, eta XIX.ean hizkuntzaren aldeko mugimendu handia egon zen artisten eta politikarien aldetik. Esango nuke, beste eremu batzuetan inongo nazionalismorik ez badago ere, hizkuntzan oraindik nazionalistak direla islandiarrak. Badu zerikusi horretan Islandian Estatu Batuetako base bat egoteak, eta iparraldeko beste herrialde batzuek baino amerikar eragin handiagoa izatea. Horregatik, hizkuntzaren aldeko politika horiei eutsi diegu XX. mendean, eta hala egiten dugu oraindik ere.

AEBko base bat izateak hizkuntza sustatu zuen?

Islandieraz hitz egitearen garrantzia azpimarratu beharra, horren kontzientzia sustatu zuen. Estatu Batuetako telebista-kateak genituen, jendeak ikusten zuen eta ez zuen gustuko eredu hori Islandiarako.

Ingelesak era berean lagundu ote zuen lehengo hizkuntza nagusiaren, danieraren garrantzia erlatibizatzen?

Ez, egia esan ordurako islandiera erabat normalduta zegoen. Gure hizkuntzaren aldeko ekimena askoz lehenagokoa da, XVIII. mendetik dator eta XX. menderako, independentziarik ez bagenuen ere, islandiera normalduta geneukan. Gero, II. Mundu Gerrarekin eta independentziarekin “etsai” berria iritsi zitzaigun (barrezka).

Katrín Jakobsdóttir: “Politikan diharduenak herritarren pultsua ezagutu behar du”
Katrín Jakobsdóttir

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude