Kataluniako independentzia adierazpena (euskaratua)

Kataluniako ordezkarien adierazpena

Azpira dakargun hauxe da Kataluniako parlamentuak urriaren 10ean idatzi eta gaur bertako presidente Carme Forcadellek irakurri ondoren bozka bidez onartua izan den Independentzia adierazpena (euskaratua):

.

Kataluniako ordezkarien adierazpena

Kataluniako ordezkarien adierazpena

Kataluniako herriari eta munduko herri guztiei.

Justizia eta berezko giza eskubide indibidual eta kolektiboak dira, Kataluniako tradizio juridiko eta instituzionalari eta zilegitasun historikoari zentzua ematen dien oinarri utziezin diren heinean, Errepublika Katalanaren konstituzioaren oinarri.

Nazio katalanak, bere hizkuntzak eta bere kulturak mila urteko historia dute. Mendeetan zehar, Kataluniak autogobernua osotasunean bete duten erakundeak ezarri izan ditu, eta Generalitatea izan da Kataluniako eskubide historikoen erakunde gorena. Parlamentarismoa izan da, askatasuna izan dugun garaietan, erakunde hauek sostengatu dituen zutabea, eta Kataluniako Gorteen bitartez Kataluniako Konstituzioa gauzatu duena.

Kataluniak galduta egon den eta luzez desiratua izan den burujabetza osoa berrezartzen du horrela, hamarkadetan zehar, zintzo eta leial, Iberiar penintsulako herriekiko bizikidetza instituzionala izaten saiatu ostean.

1978an Espainiako Konstituzioa onartu zenetik, politika katalanak jarrera eredugarria eta argia izan du, leiala eta demokratikoa Espainiarekiko, eta Estatu zentzu sakona.

Espainiar Estatuak, Katalunia nazio gisa onartzeari uko eginez erantzun dio leialtasun honi; autonomia mugatu bat aitortu dio, administratiboa politikoa baino gehiago, eta birzentralizazio prozesuan dagoena; trataera ekonomiko bidegabea eman dio, eta bazterkeria linguistiko eta kulturala.

Autonomia Estatutua da, Parlamentuak eta Kongresuak onetsita eta Kataluniako herritarrek berretsita, Espainia eta Kataluniaren arteko harremanerako esparru egonkor eta iraunkorra izan behar zuena. Baina Auzitegi Konstituzionalaren epaiak akordio politikoa apurtu zuen, eta herritarren aldarrikapen berriak agerrarazi zituen.

Kataluniako jendartearen gehiengo batek egindako eskariak jasoz, Parlamentuak, Gobernuak eta gizarte zibilak autodeterminazio erreferendum bat adostea eskatu dute behin eta berriro.

Egiaztatu geratu denez Estatuko erakundeek uko egin diotela negoziazioari edozein dela ere, autonomiaren eta demokraziaren printzipioak bortxatu dituztela, eta Konstituzioan ezarrita eta eskuragarri diren lege mekanismoei ezikusia egin dietela, nazioarteko zuzenbideak onartua duen autodeterminazio eskubidea erabili ahal izateko erreferendum batera deitu zuen Kataluniako Generalitateak.

Erreferenduma antolatzeak eta burutzeak autogobernuaren etetea ekarri du, eta salbuespen-egoera ezartzea.

Espainiatik herritar katalanen kontra antolatu den tankera militarreko operazio polizial bortitzak, libertate zibil eta politikoak urratu ditu behin baino gehiagotan, baita Giza Eskubideak ere, eta Espainiak sinatu eta berronetsitako nazioarteko akordioen kontra egin du.

Milaka pertsona —tartean ehunka hautetsi eta erakundeetako kargu, eta orobat komunikazioaren alorreko, administrazioko eta gizarte zibileko hainbat pertsona— ikertuak eta atxilotuak izan dira, salatuak, galdekatuak eta kartzela zigor gogorrez mehatxatuak.

Neutralak izan beharko luketen espainiar erakundeek, funtsezko eskubideak babestu eta auzi politikoetan bitartekari egin beharko luketenak, eraso hauetako tresna bihurtu dira, eta defentsa gabe utzi dute Kataluniako jendartea.

Prozesu demokratiko eta baketsu bat eragozten saiatzeko erabili duten indarkeria eta errepresioa gorabehera, Kataluniako herritarrak Errepublika katalan bat eratzearen alde agertu dira nagusiki.

Kataluniako Errepublikaren eratzea askatasuna babesteko beharrean oinarritzen da, Kataluniako herritar guztien segurtasun eta elkarbizitzan, eta kalitate handiagoko Zuzenbide Estatu baterantz egiteko nahian. Eta Espainiak herrien autodeterminazio eskubidea ez gauzatzeko ezartzen duen eragozpenari erantzuten dio.

Kataluniako herria zuzenbide zalea da, eta Errepublikaren ardatzetako bat izango da legea errespetatzea. Estatu katalanak adierazpen honetako xedapen guztiak bere egin eta betearaziko ditu, eta bermatzen du segurtasun juridikoa eta hartutako akordioei eustea izango direla Errepublika katalanaren sortze espirituaren parte.

Errepublika eratzea elkarrizketari luzatzen zaion eskua da. Ondratu egiten du katalanek akordioen alde agertu izan duten tradizioa, eta arazo politikoak konpontzeko modua akordioa dela defendatzen duen ideiarekiko konpromisoa mantentzen du. Ildo beretik, munduko gainontzeko herriekiko gure senidetasuna eta elkartasuna berretsi nahi dugu, eta batez ere askatasun indibidual eta kolektiboen defentsan alde euromeditarraneoan gure hizkuntza eta kultura bera daukatenekikoa.

Errepublika katalana egungo hutsune demokratiko eta sozialak zuzendu eta jendarte oparoagoa, bidezkoagoa, seguruagoa, jasangarriagoa eta solidarioagoa eraikitzeko aukera bat da.

Arestian esandako guztiagatik, guk, kataluniar jendartearen ordezkari demokratiko gisa, autodeterminazio eskubidea libreki baliatuz, eta Kataluniako herritarrengandik jaso dugun aginduari erantzunez:

Errepublika katalan libre, burujabe, zuzenbidezko, demokratiko eta soziala ERATZEN dugu.

Errepublikaren sortzerako iragankortasun juridikoko legea indarrean jartzea XEDATZEN dugu.

Prozesu konstituientea, demokratikoa, oinarrian herritarra duena, transbertsala, parte hartzailea eta loteslea ABIATZEN dugu.

Estatu espainiarrarekin elkarrizketak hasteko borondatea ADIERAZTEN dugu, aurrebaldintzarik gabe, biontzako onuragarria izango den elkarlan bat mantentze aldera. Negoziazioek berdinen artekoak izan behar dute.

Nazioarteari eta Europako Batasuneko agintariei Errepublika Katalana konstituzioaren BERRI EMATEN diegu, eta orobat Espainiako Estatuari negoziazioak mantentzeko luzatutako proposamenaren berri.

Nazioarteari eta Europar Batasuneko agintariei ESKATZEN diegu egun ematen ari diren eskubide politiko eta zibilen urraketak buka daitezen esku har dezatela, eta Espainiako Estatuarekiko negoziazioetan lekuko izan eta jarraipena egin dezatela.

Herritarren eskubide sozial eta demokratikoak indartuko dituen proiektu bat eraikitzeko asmoa ALDARRIKATZEN dugu, baita Europar Batasuneko ordenamendu juridikoa eta arautegi hau lekualdatzen duten espainiar eta erkidego katalaneko ordenamendua eten barik ezartzen jarraitzeko aldebakarreko konpromisoa ere.

BAIEZTATZEN dugu Kataluniak nazioarteko komunitatera lehenbailehen batzeko asmo garbia duela. Estatu berriak, egun bere lurraldeak dituen nazioarteko betebeharrei erantzuteko konpromisoa hartzen du, eta espainiar erresumak dituen nazioarteko itunen parte izaten jarraitzekoa.

Nazioarteko erakunde eta estatuei ESKATZEN DIEGU onar dezatela errepublika katalana estatu burujabe eta independente gisa.

PRESATZEN dugu Generalitateko gobernua, independentzia adierazpen honen erabateko eraginkortasunerako, errepublikaren sortze eta iragankortasun juridikoaren legearen aurreikuspenak bete daitezen hartu beharreko neurriak hartzera.

DEIA LUZATZEN diogu errepublika katalaneko herritar bakoitzari, geure buruari eman diogun askatasunaren dina izan dadin, eta herri gisa ditugun asmoak ekintza eta jarrera bihurtuko dituen Estatu bat eraiki dezagun.

.

Kataluniako ordezkari legitimoak: Bartzelonan, 2017ko urriaren 10ean.

 
Kataluniako ordezkarien adierazpena Kataluniako ordezkarien adierazpena Kataluniako ordezkarien adierazpena Kataluniako ordezkarien adierazpena
 
catalunya, independentzia, Independentzia adierazpena, Katalan errepublika, Katalunia, Parlament
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude