Kataluniak independentzia aldarrikatzen badu…

Kataluniak independentzia aldarrikatzen badu…

Azken azkeneraino tranpa eta amarruz betea ari da izaten Kataluniako prozesua. Erreferendumaren data helmuga jarrita, dialektikaren eta erretorikaren borroka da nagusi hedabideetan, eztabaida bera lokaztu eta zentzugabetzeraino gehiegitan. Eta herritarrok gaude lurrikararen epizentroan. Hona hemen hedabideetan irakurri ditudan hainbat gezur.

Kataluniak independentzia aldarrikatzen badu...

1- Gehiengoak gutxiengo bati inposatutako erreferenduma.

Katalunian gehiengoak (%80ak inkesta baten arabera) nahi du erreferenduma egin, bere etorkizuna erabakitzeko. Joan Coscubiela, CSQPeko ordezkariak parlamentuan egindako adierazpenetatik abiatuta, unionismoarekin lerratutako komunikabideetan zabaldu da demokrazia ez dela gehiengoak gutxiengo bat zanpatzea. Eta kurioski arrazoi dute hori aldarrikatzen dutenek eta, hain zuzen ere, horrexegatik egin behar da erreferenduma. Kataluniako herritarrek (Espainiar Estatuan gutxiengoa direnak) erabaki dezaten. Argudiaketa zein dela ere, subjektua han edo hemen jartzen dute batzuk, nahieran. Aitzitik, arrazoi osoa du IƱaki Gabilondok, gehiengoak bozkatzen erabakitzen dira, ez inkestetan, ez usteetan. Bozkatzen duen gehiengoak baino ez du balio eta nago Rajoyk ondo dakiela hori.

2- Generalitatearen jazarpena

Miquel Icetak ohiukatu du ozen eta haserre: “Utzi pakean gure alkateak”. Irudi du Generalitateak alkateak mehatxatzen dituela, jazarri, beren lokaletan erreferenduma egiten utzi dezatean. “Pintadak egin dizkigute”, salatzen du PSCko ordezkariak. Tira, beste hegi batetik begiratuta nabarmen ikusten da jazarria ez dela inolako alkatea, jazarria kataluniar herria dela, eta Espainiar Estatua dela gorila larderiatsua nola bere nahia inposatu nahian dabilena. Zanpatzailearen aldean jartzea, jazarpenaren konplize izatea da.

Kataluniak independentzia aldarrikatzen badu...

3- Bermerik gabeko erreferenduma

Pablo Iglesiasek ozen esan du baita ere, “berme guztiak dituen erreferenduma” egiteko “PP gobernutik bota” behar dugula. Alegia, neure helburua lortzen lagundu eta gero hitz egingo dugu. Tonu hontako limurtze ariketak mila jasan ditugu Euskal Herriko historian zehar. Gaurko Zaldieroaren zintak ezin hobe islatzen du argudio honen hutsaltasun eta ameskeria.

Kataluniak independentzia aldarrikatzen badu...

4- Kataluniak independentzia aldarrikatzen badu… (gehitu nahi duzun desastrea)

Kataluniak independentzia aldarrikatzen badu ez dakigu zer gertatuko den. Esperimentu bat izango baita. Aurrekari bertsurik ez baitago egungo garaietan. Dena dela ere, nazioarteko politikaren garaia izango da eta orduantxe Espainiar Gobernuaren interesez gain beste askoren interesak sartuko dira jokuan. Orain ixilik diren hainbat herrialde, gobernu eta erakunde posizionatu egin beharko dira, eta inoiz baino nabarmenago geratuko da kataluniar gatazka. Orduan izango du Generalitateak negoziatzeko indarrik handiena.

Kataluniak independentzia aldarrikatzen badu…

Erreferenduma, gezurrak, hedabideak, Katalunia
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude