Kastrazio kimikoa, sexu erasoak ekiditeko irtenbidea?

Kastrazio kimikoa, sexu erasoak ekiditeko irtenbidea?
Indizioak, by NathanF, Flickr

Espainiar estatuko presondegietako biztaleen %5a sexu erasoren bat burutu duten presoak dira. Sexu delituek biktimengan sortzen duten inpaktuaz gain, gizartean gaitzespena eta beldurra sortzen dute. Komunikabideek halako erasoei ematen dieten estaldurarengan egon daiteke beldur honen arrazoia.

Gizartearen kezka handienetakoa, preso hauek euren zigorraldia amaitu ostean berriz halako delituren bat egiteko duten arriskua da. Aurten, delitugile horien %5,8a berriz erortzen dela jakin genuen. Gaizkile komunen berrerortze tasa askoz altuagoa da, baina sexu erasoek sortzen duten kezka ez du horrek leuntzen.

Hori horrela, irailetik aurrera katalunian borondatezko kastrazio kimikoa martxan jarriko dute presondegietan. Hala nahi duten presoek sexu desioa baretuko dien tratamendua egin ahal izango dute.

Kastrazio kimikoaren eztabaida ez da berria, Espainiako gobernua duela urte batzuk hasi zen aukera hau aztertzen. Batzuek delitugileen zigorrak handitzearen alde daude, eta behartutako kastrazio kimikoa ezartzearen alde daudenak ere badira. Baina kastrazioak edota zigorrak handitzeak ez ditu arazoaren arrazoiak konpontzen. Psikologo askok, gaizkile hauek beste metodo batzuen bitartez birgaitu daitezkeela sinesten dute.

Medikuntzaren ikuspegitik ere irtenbide honek ez dirudi egokiena. Hormona desoreka duten horiei bakarrik balioko lieke kastrazioak, testosterona jeitsiko bailieke. Baina sexu erasoak egiten dituzten gehienek ez dute hormona arazorik. Sexu delituen prebentzioa ez da erraza. Gaizkile batek erasoa berriz noiz egin itxaroten egon baino kastrazio kimikoa ezartzea hobe dela diote askok; neurri txiki batean eraginkorra izanik kasuren bat edo beste sahiestuz gero pena merezi duela.

Frantzian duela bi urte Nicolas Sarkozy presidenteak kastrazio kimikoaren alde egin zuen sexu krimenen aurkako borrokan. Pedofilo batek bost urteko haur bat bortxatu zuenean Sarkozyk hiru neurri hartu zituen: pedofiloentzat hospital bat eratzea, delitu sexualak egin zituztenentzat zigorren murriztearekin amaitzea eta kastrazio kimikoa.

Espainiar estatuan halako neurriek harrera ona izan ez bazuten ere, hona ere heldu da. Orain, prebentzio neurri berriak hobetzen doazen bitartean, kastrazio kimikoaren ondorioak eta eraginkortasuna aztertu behar dira.

Kastrazio kimikoa, sexu erasoak ekiditeko irtenbidea?

kastrazio kimikoa, sexu eraso
Eli Epelde

Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude