Junqueras ez dago zuloan. Puigdemont, bai

Junqueras ez dago zuloan. Puigdemont, bai –

AmatiƱok Euskadi Irratiko Albiste Faktorian.

Politikagintzan ez dago beti asmatzerik, baina komenigarri izaten da irteerarik gabeko zulo beltzetan ez sartzea. Eta, sartuz gero, aholku bat besterik ez: ahalik eta azkarren irten, buru-belarri egoskortu eta zuloa gero eta handiagoa egiten jardun beharrean.

Munduan inor gutxik ukatu zien juduei, 1948an, Israelgo estatua sortzeko eskubidea. Kritikak gero etorri ziren, ordea, Estatu sionistak ez zituenenean demokraziaz onartu palestinarren eskubideak. Juduak 70 urteko zulo horretatik ateratzen ez diren artean ez da bakerik izango Israelen.

Hamar urte geroago, inork ez zion Fidel Castrori oztopatu, Batistaren diktaduraren kontra armetan jartzea, 1959an. Baina, geroztik, kastristak ere demokraziarik gabeko zuloan sartu ostean, hasierako askatasun-aldarriak aurka baino ez zitzaizkion jarri diktadura komunistari. Kuba ez da hirurogeitaka urteko zulotik aterako, sistemak joko demokratikoari amore ematen ez dion artean.

Beste hamar urte geroago, ETAk nazioarteko sasi-onespena izan zuen Francoren diktaduraren kontra aritu zen artean. Baina Franco hil, 1977ko amnistiak kartzelak hustu eta herri-erakundeak indarrean jarri arren, ETAk eta ezker abertzaleak ez zuten hogeita hamar urte luzez zulo hartatik atera nahi izan. Eta oraindik ere bada, hainbat hamarkadatan zuloan egon izana aitortzeko adorerik ez duenik.

Junqueras ez dago zuloan. Puigdemont, baiPolitikan, zuloa ez da asmatzerik eza, asmatu ez arren okerra aitortu nahi ez izatea baizik; eta, aitortu nahi ez ezik, jo-ta-ke ildo beretik egoskor jarraitzea, besterik gabe, denborak konponduko duelakoan.

Adibide ona da, Katalunian gertatzen ari dena. Azken lau urteotan zuloan dagoena, kataluniar politika baldintzatzen, Puigdemont da. Paradoxa bada ere, Puigdemont, nahiz libre bizi Belgikan, zuloan dago. Eta, alderantziz, kartzelan preso egon arren, zuloan bizi ez dena Oriol Junqueras da.

 

Junqueras ez dago zuloan. Puigdemont, bai

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.