Julia Berger: “Alemaniatik Donostiara joan nintzen gaztelania ikasi eta hobetzera… eta euskara ikasi dut azkenean!”

Julia Berger

Julia Berger

Julia Berger 22 urteko gazte alemaniarra da. Irakasle izateko ikasten ari da eta 2010-2011 ikasturtean Donostian izan da aleman-irakasle laguntzaile gisa Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialean, Eusko Jaurlaritzako programa baten bidez. “Donostiara joan nintzen gaztelania ikasi eta hobetzera… eta euskara ikasi dut azkenean!”. Elkarrizketa ea euskaraz egingo dugun galdetu diodanean, urduritu egin da pixka bat. “Beno… zuk egin galderak euskaraz, eta ahal dudan heinean euskaraz erantzuten saiatuko naiz. Es que no puedo decir mucho, baina asko ulertzen dut” (sic.).

 …

Zergatik aukeratu zenuen Donostia?

Donostia niri asko gustatzen zait!! (sic.) Oporretan Donostian izan nintzen gurasoekin eta asko gustatu zitzaidan. Espainiara joan behar nuen atzerriko hizkuntza irakasle laguntzaileen programaren barruan, eta argi neukan Euskal Herrira joango nintzela, Donostiara hain zuzen. Asko gustatu zait hau guztia, jendea, kultura, hizkuntza, paisaia… Dena!

Nolatan erabaki zenuen euskara ikastea?

Hizkuntzak gustatzen zaizkit eta euskara hizkuntza interesgarria da. Alemana, ingelesa, frantsesa, gaztelania, latina eta, orain, euskara pixka bat (sic.) hitz egiten dut. Euskal Herrian oporretan izan nintzenean gogoan dut amari esan niola: “Ama, euskara ikasi nahi dut!”. Asko interesatzen zitzaidan, ez bainuen tutik ere ulertzen. Gainera, euskarak oso soinu dibertigarria du alemaniarrontzat. Beraz, ikasturtea Donostian pasako nuenez, euskara ikasteko aprobetxatu nuen eta ikastaro bat egin dut Hizkuntza Eskola Ofizialean bertan, astean lau ordu.

Zaila egin al zaizu euskara ikastea?

Ez! Ez zait asko kostatu. Zenbait hizkuntza dakizkidanez, ez dut arazo handirik izan. Klasetara joaten nintzen bakarrik, ez nituen etxeko lanak ere egiten… kar, kar! Baina zailena hitzak izan dira, ezin baitituzu asmatu, latinetik eratorriak ez badira. Euskara hain da desberdina hitz egiten ditudan gainontzeko hizkuntzetatik…

Eta zer da gutxien kostatu zaizuna?

Gramatika. Harrigarria, ezta? Hizkuntza asko badakizkizu, azkenean, ez da oso zaila egiten. Gainera, euskarazko kasu-markak alemanez ere baditugu, eta partitiboa frantsesean ere badago. Beraz…

Gogotsu aritu zara beraz ikasten. Tituluren bat eskuratzera animatu zara?

Bai! A1 titulua! Oso harro nago. Badakit ez dela asko, baina euskaraz zertxobait hitz egin dezaket eta nahiko ondo ulertzen dut.

 Eta klasetik kanpo, praktikatu egingo zenuela pentsatzen dut.

Bai, pixka bat… hitz egiten ahalegindu nintzen… lagunekin (sic.) eta kalean edo tabernetan topo egiten nuen jendearekin. Gau batean Bilboko mutil batek esan zidan: “Arraioa! Euskaraz ni baino hobeto hitz egiten duen alemana! Ezin dut sinetsi, zu ezin zaitezke alemana izan!”.

Zer ekarpen egin dizu euskara ikasteak?

Orain ulertu egiten dut zertxobait eta Euskal Herrian zehar erosoago molda naiteke. Gainera, jendea eta kultura hobeto ulertzen laguntzen dit.

Zer da gehien gustatu zaizuna?

Ez dakit, betidanik gustatu izan zait euskara eta orain are gehiago! Oso gustuko dut, benetan. Oso hizkuntza interesgarria eta polita da. Espero dut egunen batean orain gaztelaniaz hitz egiten dudan bezain ondo hitz egitea euskaraz.

Orain Alemanian zaudela, euskara ikasten jarraitzen duzu?

Ikaragarri gustatuko litzaidake, baina ez dakit denborarik izango dudan… Atzerriko hiru hizkuntza ikasten ari naiz irakasle izateko, eta hori lan asko da, baina saiatzen ari naiz.

Eta nola egiten duzu?

Facebook bidez Euskal Herriko lagunekin hitz egiten jarraitzen dut, hizkuntza fresko mantentzeko. Horrez gain, gramatika liburu bat erosi dut nire kasa ikasten jarraitzeko. Itzultzeko irrikan nago berriro euskaraz egiteko!

Julia Berger: “Alemaniatik Donostiara joan nintzen gaztelania ikasi eta hobetzera… eta euskara ikasi dut azkenean!”

UDAZKEN KOLOREAK

3 pentsamendu “Julia Berger: “Alemaniatik Donostiara joan nintzen gaztelania ikasi eta hobetzera… eta euskara ikasi dut azkenean!””-ri buruz

  • Zorionak Julia eta nahi duzun arte Euskal Herria izango duzu zain!

  • Bittor Hidalgo - Donostia 2011-08-29 15:40

    Aupa, Julia!

    Datorren urterako korrika egitera etorriko?

    Ondo izan, eta gozatu

    Bittor

  • Aitzol Azurtza 2011-09-05 20:14

    Benetan itxaropentsua da atzerritar batek esan dezan euskara ez dela hain hizkuntza zaila, azken finean nik beti diodana berresten bait dit Juliak, ez dagoela hizkuntza zailik baldin-eta hizkuntza ikasteko arrazoi (estimulu) sendorik baldin badago (“gogoko lekuan aldaparik ez!”) Bejondeiola Juliari euskara ikasteko jarri duen borondateagatik!