Josep Borrell-en arrain ustela

Josep Borrell-en arrain ustela –

Josep Borrell-en arrain ustelaAziza gazteak tea prestatu du, te apartsua, aparrik ezean ez baita benetako tea. Lehen tea, garratza, basamortuaren garraztasunaren adierazgarri, haizearen zaporea duena. Bigarren tea, xamurra, oso xamurra, aiton-amonen laztanen pare, amek egindako ogiaren zaporea duena. Hirugarren tea gozoa, oso gozoa, gure Lurra bezain gozoa, Mendebaldeko Sahararen zaporea duena. Laugarren teak esperantzaren zaporea du, Mendebaldeko Saharara noizbait itzuliko diren itxaropenaren zaporea, atzerrian errefuxiatu emandako urteetako oroitzapenak bizkarrean hartuta. Topa dagigun jadanik ez daudenak gogoan, topa dagigun zure izenean eta denon gizenean, eta topa egin dezagun Sahara askearen alde! Azizak erretilua pixka bat garbitu, eta beste lau te prestatzera doa, apartsuak, oso apartsuak, zeren eta aparrik ezean ez baita benetako tea: garratza, xamurra, gozoa… eta beti-beti, esperantzaz beteak.

Borrell ministroak “atentatu-arrisku berehalakoa” zela-eta Saharara ez joateko deia egin zuen, Marokoko atzerri-ministroarekin batzartu eta gero. Marokoko ministroaren amua irentsi eta ustezko atentatu-arriskuaren arrain ustela zabaldu zuen Borrellek. Atentatuak aste horretan bertan izan ziren, bai, baina Londresen eta Amsterdamen, eta Borrell ministroa ez zen azaldu adierazteko ez zela komeni joatea Erresuma Batura edo Herbereetara.

Aste horretan Saharara joan zirenak itzuli egin dira jada, besteak beste, Berriozarko okina. Gaur goizean esan dit, hirugarren aldia dela Saharara joan dena, eta gero eta gusturago joaten dela. Borrell ministroaren arrain ustelaz oroitu naiz.

 

Josep Borrell-en arrain ustela

Josep Borrell-en arrain ustela

Josu Jimenez Maia

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Idazlea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, besteak beste, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria, Atarrabiako Petri saria eta beste hainbat. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), baita olerki solteak ere Muxugorri antologian, Luces y sombras eta El Coloquio de los perros-en. Ohiko kolaboratzailea Nafar Ateneoaren "Constantes Vitales" aldizkarian, "Maiatz" aldizkarian eta "Hatsa" olerki bilduman ere. Artikuluak ere, ehun ta berrogeita hamar baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Itzultzaile gisa, Noriko Matsui-ren "How to perform kamishibai" eta "Ryookanen 101 haikuak" liburuen itzultzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude