Jordania: Ardi turismoa gozatuz gerratik 60 kilometrora

Jordania: Ardi turismoa gozatuz gerratik 60 kilometrora –

Jordania

Jordanian izan naiz, Amman, Jerash, Itsaso hila, Petra, Wadi Rum eta Aqaban zehar astebetez. Ederrak lekuak, paisaiak, jana eta kultura. Asko gozatu dut bidaia honetan. Konpainia onenean gozatu ere.

1946an independentzia aldarrikatu zuenetik, Jordaniako Haxemi Erresuma du izen ofiziala. Klima desertikoa, 90.000 km2-ko azalera (Portugalen antzekoa) eta 26 km-ko kosta dauka itsaso gorrian. 11 milioi biztanle ditu gaur egun Jordaniak eta iparraldean Siriarekin, mendebaldean Palestina eta Israelekin, ekialdean Irakekin, eta hegoalde zein ekialdean Saudi Arabiarekin egiten du muga. Duela 9.000 urteko aztarnak aurkitu dira Jordanian, badakizue, Tigris, Eufrates, Nilo eta Jordan inguru hauetan da geure zibilizazioaren hazia: Sumeria, Mesopotamia… Izen handiak igaro dira lur idor eta ez hain idorrotatik, David, Salomon, Alejandro Handia edo Saladin, besteak beste. Asiriarrak, babiloniarrak, persiarrak, nabateoak, greziarrak, erromatarrak, arabiarrak, gurutzatu kristauak, otomanoak… Ekialde hurbila deitzen dugun ingurunera bidaiatzea, historiaren zentrora bidaiatzea bezalakoa da. Kultura eta egun baliabide aberatsak dituzten inguru eta lurraldeak, estrategikoak lehen eta estrategikoak orain.

Gerra betean Damaskotik ordubetera ardi-turismoa egiteak deserosotasun sentsazio bat sortzen du. Surrealista da zentzu batean.

Amman hiriburuak 4 milioi biztanle ditu, hiri erdian ziutadela eta zirku erromatarra, alde zaharreko kale, denda eta giroak inguraturik. Turismo medizinalak sekulako pisua du bertan eta zenbakiek argi erakusten dute: 250.000 paziente-gaixo eta bilioi bat dollar jasotzen ditu urtero Amman-ek turismo mota honetatik. Zeramika neolitikoa aurkitu da inguruotan, Ain Ghazal gune arkeologikoan esaterako.

Amman Jordania

2 milioi Siriar errefuxiatu daude Jordanian egun, gehienak mugan. Errefuxiatuez gainera, milioi 1 irakiar eta beste milioi 1 egiptoar dago Jordanian, 7-8 milioiko biztanleria 11-12 milioira pasatu da urte gutxian.

Itzela izan zen Jerash hiri erromatarrera egindako bisita. Itzelak, halaber, hipodromoa, eta oraindik gurdi zaharrek egindako erreiak zabal-zabalik dituen kaltzada ikusgarria. Ipar-mendebaldeko Jordaniako hiria da, izen bereko gobernazioko hiriburua. K. a. 2000 inguruan sortu zen eta aro helenistikoan Gerasa zuen izena. Estrategikoa izan zen hiria, Damaskotik Cairo, Bagdad eta Jersusalem lotzen zituen merkataritza ibilbide garrantzitsua medio.

Jerash Jordania

Itsaso hila - jordaniaItsaso hila, Palestina, Israel eta Jordania artean, Jordan ibaiko urak hartzen dituen itsasoa, itsaso mailatik 430 metro azpirago dago. Munduko lekurik baxuena da!?!

Bertako lokatz eta mineralekin egindako kremak oso ezagunak dira, gure azal eta kutisei tratamendu pribilegiatua egiteko aukera izan genuen hondartzan jasotako lokatzekin goitik behera estalita.

Kosmetikoen negozioan lokatz hau oso famatsua da, duen sodio, potasio eta burni kontzentrazio altuagatik batez ere. Ur aberats eta gazi horietan bainua hartzearen sentsazio arraro hori sentitzeko aukera ere izan genuen, nola ez, eta atsegin eta muito gostoso momentu ahaztezin horietakoa hau ere. Adi begiak ur azpian sartzearekin, egin kasu, gaizki samar pasatuko duzu begietan ura sartu sartu ezkero…

Petra JordaniaPetra, Jordaniako ikur bihurtu da eta grezieraz harria, 1985tik Unescoren Gizateriaren Ondare zerrendan dago. 1993tik Parke nazional arkeologiko bat da.

Antzinako erresuma nabateoaren hiriburua izan zen Petra, arrokan zizelkaturiko eraikinengatik da ezaguna. Khazneh (Altxorra), Indiana Jones and the Last Crusade filmak hain famatu egin zuena, eta Deir (Monasterioa) izenez ezagutzen diren eraikinak dira bertako ikurrak. Hilobiak den-denak.

Johann Ludwig Burckhardt esploratzaile suizarrak 1812an beraurkitu eta ezagutarazi zuen Petra. Arabiar kulturaren maitale, erlijio musulmana besakarkatu eta Ibrahim Ibn Abd Allah izena hartuta, bertakoek eraman zuten hiri galdu sekretura. Bada arabiarrez jantzita oharkabean joan zela esaten duen kontakizunik.

Ematen duena baino askoz handiagoa da Petra, ia 4 km-ko ibilbidea dago Monasterioraino (hara iristeko, 1.000 eskailera igo behar dira). Haran baten kanoira hurbiltzen zoaz lehenik, ezker-eskuin arrokatan zizelkatu hilobiak ikusiz, hondar kolore horixka duen forma ederretako arroka itzelak. Ondoren arroila ikusgarri baten eztarrian sartuko zara. Liluraren punturik gorena halako batean, Khazneh (Altxorra) agertzen zaizun unean bertantxe. Zirraragarria eta ahaztezina. Irabazia du bere fama altxorrak, eta erraz ulertzen da Spielbergek eta konpainiak zergatik aukeratu zuten leku eder hura, magnetikoa, majikoa, ederra benetan arroka itzelean landutako artelan dotore hau. Gauez ere hura ikusteko aukera izan genuen, ibilbide guztia kandelez gidatua, giro eta zirrara berezi eta ezin politagoa.

Jordania lasaitasunez bizi den herria bada ere, lagun arteko harreman eta elkarrizketetan tentsio puntua badagoela esaten didate, inguruko egoera politikoa, erlijioa, musulman onaren kontzeptua, xiiak eta suniak, anaia musulmanak, lagunak, etsaiak, gerra…

Wadi Rum, Lawrence of Arabia filmak egin zuen ezagun, The Martian filma ere bertan grabatu dute, Jordania hegoaldeko hareharrizko harana, egungo Aqaba Gobernazioan dagoena. Nabateo, beduino eta arabiarren aztarnak ditu eta UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatua 2011n.

Basamortu ikusgarri hartan 4×4 autoan ibili ginen, haran zabal eta forma berezietako harritzar erraldoi haien artean, ia harrizko zura zirudien mila urteko olibondo hura ere oroitzapenean, ilunabar gogoangarria su txiki eta te goxo hura dastatuz, egun ahaztezina hura ere. Gaua basamortuan igaro genuen, beduinoek, hondarretan lurpean betidanik prestatutako eran arkume erre goxo hura ere gozatu genuen.

Wadi Rum Jordania

Aqaban akabo gure bidaia. Bertako hondartza publiko bakarrean bainua hartu genuen, Jordanian egonik, aurrean Israel, Egipto, eta ezkerrean Saudi Arabia genuela. Bainuetxe eta luxuzko hotelengatik ezaguna, turista ugari windsurf eta urpekaritza bezalako ur-kirolez gozatzera joan ohi da.

Lawrence Akaban, 1917 Jordania
Lawrence Akaban, 1917

Lawrence of Arabiak ezinezkoa posible egin eta basamortua zeharkatuz konkistatu zuen hiria. Estatus ekonomiko propioa daukala aipatuko dugu, turismo eta portua ardatz, 140.000 pertsonako biztanleria, eta sorrera k.a  4.000 urtean!

Horixe, Jordaniara bisita gomendatu ez besterik, arriskurik ez eta turista primeran zaintzen duen herrialdea. Petrak bakarrik merezi du bisita baina, Wadi Rum basamortua eta Itsaso Hilari bisita gehituta, oporraldi ahaztezina ziurtatua.

Salam Aleikum

Azken 40 urteetan Libano, Irak eta egun Siriako gerra, Palestina-Israel gatazka, Egipto…  Historia, harremanak, politika eta erlijio mugimendu ulertzeko zailak, egoera oso gogorrak eta konponbide argirik ez epe motzean… Ez dago hitzik…

google.com/petra/exploreoverview

urko zuzeu – urko uranga – zuzeu – Jordanian izan naizenekoa (edo turismoa nola egin gerratik ordubetera)

Inguruan somatzen zaitut...

Zer duzu buruan “Jordania: Ardi turismoa gozatuz gerratik 60 kilometrora”-ri buruz

  • Ni ere duela 2 urte izan nintzen Jordanian eta Petran eta zoragarria da! 🙂