Jimmy Wales: “Internetek Hollywood hilko du”

Jimmy Wales 

Wikipediak Entziklopedia Britainiarra “hil” duen bezala, Jimmy Walesek, Wikipediaren aitak, iragarri du Internetek Hollywoodeko zine-industriarekin amaituko duela uste baino lehen.

“Inortxo ere ez da ohartuko Hollywood hiltzen denean. Are gehiago, inori ez zaio axola izango”. Walesen hitzetan, sareko hurrengo iraultza handia irudiarena izango da eta munduko industria handiena desagerraraziko du.

“Hau ez da berrikuntza tekniko baten eskutik datorren prozesua, berrikuntza soziala da”, sareko entziklopedia ezagunenarekin gertatu zen bezala. Walesek dio “orain arte pentsa ezinak ziren banda-zabalerak” eta irudiak sortu eta partekatzeko sareak ematen dituen aukerekin, “filmak ostatzeko eta produzitzeko elkarlanean dagoen komunitate erraldoia” sortzen ari da. Adibidea: bere 11 urteko alaba. “Bereizmen handiko kamara ederki maneiatzen du eta bere filmak grabatzen, editatzen eta produzitzen ditu internetera igotzeko. Bere belaunaldia izango da aldaketa horren burua”.

Ez hori bakarrik, uste baino lehenago, “gaztetxo horiek elkarlanean sortuko dituzten filmen kalitatea Hollywoodekoena baino hobea izango da”, gehitu du. “Haien filmak hedatuagoak izango dira eta Hollywoodeko negozio eredua suntsituko dute. Wikipediarekin eta Entziklopedia Britainiarrarekin gertatutakoa errepikatuko da”.

Hori dela eta, Hollywoodeko industriak “pirateria dela eta kezkatuta egoteko arrazoi franko” dituela esan du, batez ere “bere ekoizpen eredua hemendik gutxira guztiz zaharkituta geratzeko aukera asko dituelako”.

Eta zuk zer uste duzu? Hollywood historiara pasako ote da? Ala eraberritu eta punta-puntako industria bilakatuko da? Halako munstro handiari 180ºko bira ematea oso zaila da, egia esan. Baina batek daki. Dena den, Walesek onartu du azken urteotan aurreikuspen asko egin dituela, eta horietako gehienetan huts egin duela.