Jerusalemdik Euskal Herriari

MzI5MQ==

Herri palestinarrak estatu sionistaren eskutik pairatzen duen genozidio basatia bertatik bertara ezagutzeko, eta lanean aritzen garen esparru guztietan palestinarrekin zubiak eraikitzeko asmoz irailean Euskal Herritik Palestinara etorritako Biladi Hadi brigada kulturala osatzen dugun lagunok, Ramadanaren azken egunean, honakoa jakinarazi nahi dugu Jerusalemdik:

Israelek, nazioarteko begiraleak eta kazetariak isilarazi nahian, kolpe gogorra eman digu Martxelo Diaz gure taldekideari muga zeharkatzea eragotziz eta Palestinara sartzea ukatuz.

Kasu zehatz honek, beste behin ere, argi erakusten du okupatutako lurraldeetan nazioarteko erakunde guztien eskaerei muzin eginez eta inpunitate osoz eskolak bonbardatzeko eta zibilen aurka fosforo zuria erabiltzeko ere gain den Israelek duen jokabide antidemokratikoa eta zapaltzailea.

Biladi Hadi brigada osatzen dugun lagunok, argi nabarmendu nahi ditugu honakoak:

-Batetik, gure elkartasuna eta besarkadarik estuena brigada hau bideratzeko hilabeteotan lanean aritu den Martxelo Diaz lagunarentzat.

-Bestetik, Israelgo gobernuak Martxelo hainbat orduz bahituz eta ondoren kanporatuz isilarazi eta ezkutatu nahi izan duen errealitatea nazioartean eta, batez ere Euskal Herrian ezagutarazteko lanean segituko dugu, are kemen handiagoarekin.

-Azkenik, herri palestinarra basatiki zapaltzen segitzen duen bitartean, Israelen aurkako boikot kanpainarekin bat egiteko eskatzen diogu euskal gizarteari, eta batez ere Israelekin harremana duen edozein erakunderi.

 

Al Quds Hiri Zaharrean

Irudia | Jerusalemdik deia | Minamies photo | Creative Commons By SA
Jerusalem, Palestina
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Jerusalemdik Euskal Herriari”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude