Zer dago Jeremy Corbynen buruan?

Zer dago Jeremy Corbynen buruan?

Bozen %59,5arekin irabazi ditu Jeremy Corbyn (1949) politikariak Labour alderdiko buru izateko barne-hauteskundeak. Corbyn unibertsitate ikasketarik egin gabea da, barazkijalea, maukarik gabeko kamisetak auzoko merkatuan erosten ditu eta batzuen ustez “erradikala” da. Erresuma Batuko mapa politikoan lurrikara bat baino gehiago eragin du berriak. Bozen emaitza jakitean hau bota zuen lehen ministroak:

Nazioarteko erreakzioak ez dira asko itxaron behar izan eta Podemos alderdiko Pablo Iglesias buru gazteak berehala luzatu dio eskua Corbyn zaharrari.

Rue89 wegunean Corbynen buruan sartzea ahalbidetzen duen tresna egin dute. Diputatu beteranoaren gustu kultural eta orientazio politikoen eta hainbat anekdoten berri ematen digu tresnak.

Tresnak ematen duen informazioaren laburpen euskaratua:


IV. klausula

1994an Tony Blair Alderdi Laboristako buru jartzen delarik alderdiko estatutuak garbitzeko asmoa iragartzen du, 1918an errusiar iraultzaren uberan onartutako laugarren klausulak “produkzio baliabideen jabetza komuna” aurreikusten baitu.

Sindikatuek alderdian duten indarra txikitu nahi du Blairrek, Margaret Thatcherren ortodoxia finantzarioari jarraituz, aferen ingurua lasaitzeko. “New Labour” delako honek Corbyn asaldatzen du.

Islingtoneko diputatua 1983tik, 1997tik aurrera 533 aldiz bozkatu du bere alderdiaren aurka Corbynek (lehenagoko datuak ez daude eskuragai), alderdiko diputaturik errebeldeena bilakatuz. Bere bizarra ere Blairren kontseilarien masail arrosen aurkako erresistentzia ekintza bat da!

Zergatik ez ote du alderditik alde egin?

“Askotan aztoratu nau alderdiak, batez ere Irak eta Vietnamgo gerren bitartean. Baina nire buruari esaten diot Alderdi Laborista milioika jenderen etxe elektorala dela. Horregatik nago oraindik hemen.”


Barazkizaletasuna

2004ko maiatzean Corbynek usoak babesteko mozio bat sinatzen du. Informazio zerbitzuen dokumentu zahar batzuetan hegaztiak bonba hegalari gisa erabiltzea aipatzen zuten.

Barazkijalea, bere barazkiak lantzen ditu eta bizikletaz desplazatzen da, “hiri batean egon daitezkeen auto kopurua mugatua izan beharko litzatekeela” uste baitu. 2007an 1850km egin zituen bizikleta gainean.

Oreinen ehiza mugatzea eskatu eta McDonaldsen aurkako panfleto bat argitaratzeagatik erasotutako ekologisten defentsa egiten du (McLibel afera).

Ba al daki ondo pasatzen? Bere lehen emazteak azaltzen duenez, Corbynentzat gaubela on bat mitin politiko bat da. Arsenal Londresko futbol klubaren fana ere bada. Eta bere film maitatuena “Casablanca” da The Guardianen arabera.


Inperialismoa

Gogokoen duen idazlea kolonialismoaren gainean meditatzen duen Chinua Achebe nigeriarra omen da. 2011. urtean, Corbynek John Atkinson Hobsonen Imperialism klasikoaren berredizio baten hitzaurrea sinatu zuen. Lenin inspiratu zuen liburu hau testu aktuala iruditzen zaio.

Corbynek ez du zalantzarik izan Erresuma Batuan terroristatzat hartuak diren indarrekin agertzeko. Ipar Irlandako gatazkaren punturik latzenean IRAtik gertukoa zen Ronan Bennett, polizia baten heriotzagatik kondenatua eta apelazioan errugabetzat joa, kontratatu zuen. 1996an kritikei bide eman zien Gerry Adamsekin, Sinn Fein alderdi errepublikarreko lehendakariarekin, batera prentsaurreko bat emango zuela adierazten zuenean.

Ordutik, Hamas eta Hezbollahrekin hitz egin izana eta bilera batean “lagun” deitu izana leporatzen diote. Kritikatua izanik, bere burua defendatzen du: “Jende guztiarekin hitz egin behar da”. Stop the War koalizioan inplikatua, Corbyn sutsuki aritu da Irakeko gerraren aurka, Blair, alderdiko buruak gerra krimenak egin zituela aditzera emanez. OTANetik ateratzearen alde ere militatzen du.


Tabloideak

Abuztu amaieran, Rupert Murdochek bat baino gehiago harritu zituen Corbyn “Alderdi Laboristaren barnean, onerako ala txarrerako, zerbaitetan sinisten duen hautagai bakarra dela dirudiela” esaterakoan. Murdoch, The Sun eta The Times egunkarien jabea kontserbatzaileen alde dago, David Cameron ere kritikatzen duen arren.

Corbynek ez dio erantzun. Alderdi Komunistaren organo izandako Morning Star egunkarian idazten duen diputatuak beti kritikatu izan ditu “Murdochen inperioko kazetariak”. 1986an laboristak ezegonkortzeko “lokatz eta esames zikinak bilatzea” leporatzen die.

Erresuma Batuko prentsari egindako kritiken ondorioz hainbat egunkaritan era guztietako gauzak esan dituzte berari buruz. Corbynek dio ez zaiola bere bizitza pribatuaz interesatzea batere gustatzen. “Burugogor” alderdi horrek gaur egun daukan famari on egiten diola dirudi.


Latinoamerika

Bere gurasoek Espainiako gerra zibila amaitzearen alde militatzen ari zirela elkar ezagutu zutela kontatzea gustatzen zaio Corbyni. Ezkerreko ideiak defendatzen bakarra zen eskola batean urte bete eman ondoren bi urtetarako Jamaikara joan zen, bolondres lanak egitera. Kingstongo auzo txiro batean irakasten aritu zen.

Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen telebista saioan hitzartze bat egin zuen gazteleraz, eta Hugo Chavezen alde ere lerratu izan da:

“Bushen bi administrazioek Latinoamerikan egin nahi zutenarekin aurrez aurre zegoenez monumentu bat bilakatu da Chavez. Geopolitikan ikuspuntu ezberdin bat sortzeko aliantzak egin zituen – ez zena erraza izan, eta askotan injustuki diktadoretzat hartua izan zen.”


Lilburne

Corbyni gogokoen duen pertsonaia historikoaz galdetzean John Lilburne aipatzen du. Puritano hau Karlos I.a kritikatzeagatik zigortu eta atxilotu zuten. Propaganda egiteari utz ziezaion mozala jarri behar izan zioten. Corbyn manifestazioetan hainbat aldiz atxilotu dute. Ba al dago bi pertsonaien arteko antzekotasunik? John Lilburnetaz Henry Marten diputatuak zioena esan dezakegu Corbyni buruz:

“Munduan John Lilburn bakarrik geratuko balitz Johnek Lilburnerekin eztabaidatuko luke eta Liburnek Johnekin.”

Corbynek bere burua errepublikazaletzat dauka baina zehazten du monarkiaren abolizioa ez dela lehentasuna.

 

Bonus:

Zer dago Jeremy Corbynen buruan?

aldaketa politikoa, Corbyn, Erresuma Batua, Labour, politika, Tony Blair

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude