Jeff, ez itzuli

Jeff ez itzuli – 

Jeff Bezos multimilionarioa espaziora iritsi da. New Shepard suziriaren kapsula 106 kilometrotara heldu da eta gutxi gora behera, 10 bat minutu iraun du hegaldiak.

Munduko hiru ultra aberatsen (Musk, Branson eta Bezos) kapritxo berria omen espazioa. Ah bueno, eta ingurumena. Ingurumena haien lehentasuna dela baieztatzen dute: kotxe elektrikoen mugida hori guztia. Baina hain gaizki eramandako helduaroko krisi honek dituen ingurumen kostuak oso altuak dira. Karrera espaziala bereziki kutsakorra da, behar den erregai kantitate eta emititzen diren karbono dioxido altuengatik. Ez da kontu berria.

Kontua da, hau bai kontu berria, sindikatuak baimentzen ez dituen eta pandemiatik aberatsago atera den enpresa irribarretsu honen jabe esplotatzaile zenak hamar minutu (bakarrik) eman dituela espazioan. Hamar minutuz, hamar minutuz bakarrik, mundua hari begira jarri du. Eta horrekin gutxi balitz, goizegi itzuli da. Eta horregatik, 180.900 pertsonak “Do not allow Jeff Bezos to return to Earth” (lurrera itzul ez zedin) Change.org plataforman sinatu dute.

Ba hori, Jeff, Musk eta Branson, joan espaziora eta egin nahi duzuena. Baina, arren, utzi gu, zuen langileak eta ingurumena bakean, eta ez itzuli.

BEZOS: “Eskerrik asko AMAZONeko langile eta bezeroei, zuek ordaindu duzue hau guztia”

Jeff ez itzuli

15 pentsamendu “Jeff, ez itzuli”-ri buruz

  • Nire galdera zuretzat, Amaia: zenbat aldiz erosi duzu Amazonen? Erantzun zintzoa espero dut.

  • Erantzun zintzoak galdera zintzoa ere behar luke… ezta? 2021eko ekainean 200.000 MILIOI DOLARreko jabetza garbiarekin munduko pertsonarik aberatsena dela zertifikatu zuen Forbesek… Neuri gizakiarekiko lotsa ere sentiarazten dit.

  • Ez dakit non dagoen galdera zintzoa. Kopuru horren berri bagenekien. Balio hori akzioetan du. Betidanik entzun dut gazteak amazonen akzioetan inbertitzen erretiroa hartzen dutenerako bizia konponduta izateko. Nork igo du akzio horren balioa? Denak ni bezalakoak balira Amazonek aspaldi egina zuen porrot. Gazte guztiak daude miresmenez beteta garajean hasitako startup horietako bat nahi dutela Bezosen parean egoteko. Ez didazu oraindik esan Amazonen zenbat bider erosi duzun.

  • zenbat aldiz erosi duzu Amazonen? galdera ez dela zintzoa esan nahi nuen, besterik gabe, kontraesanen mundua oso zabala dela… Gizarte-Mundu global bat non tipo batek 200 MILA MILIOI dolar dituen eta MILA MILIOI pertsonak ezer ez … Ni Amazon Prime naiz, eta adobe, google, spotify, netflix, euskaltel, bbva, etab. ordaintzen ditut urtero… fuck me….

  • Berriro diozut, 200 mila milioi ez duela dirutan, akziotan baizik. Enpresa bat sortu, burtsara atera eta akzioen balioa igo eta igo besterik egiten ez badu, besteren artean jendeak akzio horiek erosten dituelako espekulatzeko, zeri bota behar diozu errua? Inbidia duzula esan nahi al duzu? Orain espaziora bidaiatzeko enpresa bat sortu du. Denak nik bezalakoak balira enpresa hori itxi egingo litzateke baina ziurasko etorkizun oparoa izango du. Agian hasieran jende arruntak ezingo ditu txartelak erosi baina txartelen prezioa jaisteko modua egingo dute eta zure ingurukoek ere erosiko dituzte txartelak. Gero zuregana etorriko dira eta udan espaziora bidaiatu zutela esango dizute eta zu beti bezala herrian gelditu zinen. Bidai horien kutsadurari buruzko aipamena egingo diezu baina beraiek diskurtsoa egoera berrira egokitua izango dute eta tortilari buelta nola ematen dioten ikusiko duzu harrituta. Eta zure harridurarako, txartela erosi duen zure lagunetako bat beganoa da, GKE batean errefuxiatuen harreran lan egin izan du eta antimilitarista eta antinuklearra da. Baina Bezos, Musk eta Gates kritikatzen ditu sekulako dirutza dutelako. Baina bera ere sakonean gauza bera da.

  • Nik ere ez dut ulertzen zergatik ez den zintzoa Garagarrak Amaiari egindako galdera. Amazonen erosketak egin gabe inolako arazorik gabe bizi gaitezke, eta horrelako artikulu bat idazten duenari zer gutxiago eska dakioke Bezos-i diruruk ez ematea baino?

  • Garagarra, zuk ere, internet erabili duzun bakoitzean, aberastu duzu Bezos. Gau egun ia ezinezkoa da Amazonen hodei zerbitzurik erabili gabe internet erabiltzea. Ez da soilik posta zerbitzua, Amazonen monopolioa interneten dago.
    Bere garaian Rockefeller-en negozioak (Standard Oil) banatuarazi zituen Estatu Batuetako gobernuak, handiegia baitzen, eta arrisku bat demokraziarentzat. Gaur egun, monopolioa normalizatua dago. Eta harrigarriena dena, liberalak eta merkatu librearen fededunak, monopolioen defentsan.
    Inbidia eta gainerako kontuekin, familia aberatseko kumea aberastea ez da oso arraroa. Bezosek 300.000,00 dolarreko interes gabeko mailegua jaso zuen bere gurasoengandik Amazon montatzeko. Bill Gatesen ama IBMko buruetako bat zen, eta presio egin zuen enpresak bere semearen Microsoft sortu berria kontrata zezan. Zuckerber-ek tutore pribatutzat izan zuen David Newman, sarearen mundu aditu handienetakoa, gurasoek pagatuta. Musken gurasoak Hegoafrikako lurjabe zuri aberatsak dira. Esfortzua eta inteligentzia badute noski zerrenda horretako guztiek, talentua ere bai. Baina Bronxen jaio izan balira, ez lirateke gaur dauden tokian egongo. Denok ezin gara aberastu, eta kontakizun hori ipuin hutsa da, pobreek esperantza izan dezaten. Esperantza baita hemen gakoa. Elizak ere ondo zekien.
    Hemen Warren Buffet-ek (aita politikaria eta lobbylaria zuena, bidenabar, hau ere familia oneko semea) esandakoa gogoraraztea ongi dago: “Noski klase borroka badagoela, eta gu (aberatsak) irabazten ari gara”.
    Aberatsak espazio lasterketan dabiltzan bitartean, gazteek kontratu finko bat zer den ez jakitea, nire ustez, aberatsei nahikoa zerga ezartzen ez zaizkienaren adibide garbienetakoa da. Feudalismo berri baterantz goaz, aberastasuna familia handi batzuen eskuetan, eta gainontzeko guztiak, zerbitzari.
    Segi dezagun ergelki monopolioak defendatzen, hiri pribatuak, desregulazioa, laissez faire-a… eta gure iloben ilobek sistema feudal berria besterik ez dute ezagutuko 100 urtean. Demokrazia eta liberalismoaren izenean, hori bai.

  • Ahaztu zait, ergelkeriaren summum-a: oinordetza zerga eta ondare zerga kentzearen alde dauden langileak.
    Milioi bat eurotik gorako aberastasunak zergapetzearen aurka, zein eta urtean 40.000 irabazten ez dituen jendea. Erdi aroko nekazari pobrea erdi aroko nobleziaren eskubideak babesten ikustea bezain absurdua. Noblezia berria ezartzearen aldeko borrokan, zein eta bere burua “liberaltzat” eta “merkatu librearen aldekotzat” duen jendea.
    Barre egiten digute, eta badituzte motiboak. Pailazo aldra gara, ez besterik.

  • Garrantzitsuena 200.000 milioi dolar dituela da, ez Amazonen erosten dugun ala ez. Ikusi egin behar da nola egokitzen den diskurtsoa, morala eta guztia. Aspalditik ikusi dut bai, oraingo ezker progre diskurtsoak gauza asko demonizatzen dituela baina gai batekin ez dira sartzen: Internet bidezko erosketa. Ez dago hori bezain aktibitate kutsakorrik. Eta kutsadurarena ikuspegi bat besterik ez da. Baina horren aurka txintik ere ez. Susmoa: ezker-progre diskurtsoa Amazon bezalako konpainia handiek finantzatutakoa dela, hau da, ideologia globalista.

  • Berriro diot, Bezosen monopolioa ez da internet bidezko erosketa, interneteko hodei zerbitzariena baizik. Garagarra, zuk zeuk, ZuZeun sartzeko eta iruzkinak idazteko, ia ia ziur Bezosi dirua eman diozu, jakitun izan gabe ere, bere zerbitzarietan baitaude datu gehienak. Horrek ez du zerikusirik Amazonen internet bidezko erosketarekin.
    Kezkagarria ez da ezker progreak zer demonizatzen duen (badakigu antikristoa direna, ezta?) baizik eta betiko liberal txintxoek zeinen erraz egin duzuen monopolioen defentsa zuen diskurtsoaren eje, laissez fairearen eta demokraziaren izenean. Kezkagarria da betiko liberal txintxoak noblezia berria sortzearen alde ikustea. Kezkagarria da zergarik batere pagatzen ez duten aberaskume monopolistikoak (ez lanean aberastuak, aberatsen kumeak baizik, hori argi izan dezagun. Bilintxek esana zuen, “kontuz ibili arren eta juiziyoan/inor aberasten ez da ofizioan”. San Anselmo Milangoak ere esana utzi zuen: “Aberatsa, edo lapurra da, edo lapurren seme-alaba”) espazio laisterketan ibiltzea, eta betiko liberal txintxoek monopolio horien aurka hitz erdirik ere ez esatea, merkatu askatasunaren izenean. Non geratu da Adam Smith? Betiko liberal txintxoek hil duzue.
    Garrantzitsuena da galdetzea nola bildu daitezken 200.000 milioi dolar pertsona bakarrean, eta zergarik batere ez pagatzea. Nobleziak lurrak akaparatzea gaizki dago betiko liberal txintxoentzat, baina orain, betiko liberal txintxo horientzat, aberastasuna monopolizatzea desiragarria da nonbait. Gora feudalismo berria!

  • Bezos, Gates eta guzti hauei buruz pentsatzen dudana hemen idatziko banu bihar Ertzaintza etxean izango nuke atxiloketa aginduarekin, beraz hobe gai hori bakean uztea. Baina garbi dago “Ba ote!”, irakurritakoak irakurrita, Amazonen barra-barra ari zarete erosten… eta gero noski, ezin kritikatu Internet bidezko erosketak. Nola aldatzen den mundua! Nork esan behar gure ezker iraultzaileak Amazonen sartuta amaitu behar zutenik! Ene, ene! Hamaika ikusteko jaioak! Baina Amazonen erostea ez da delitua, Amazoneko buruak dirua izatea da jasangaitza. Ez dakit zer egin, barre edo barre algaraka. Baina ezker progreak finkatu duenez, zuzena da. Jaun andreok! Amazonen eros daiteke, politikoki zuzena da, ezker progreak esan du. Interneteko zerbitzariei buruz diozuna, ados nago, nola ez bada! Horrexegatik “Internet Deszentralizatua” garatu nahi duen proiektu batean diru kopuru polit bat inbertituta daukat. Software Librea besterik ez dut erabiltzen eta software horietako batzuren euskarazko itzulpenak egin ditut eta itzultzen nabil.

  • Nik ez dut amazonen erosten, izan ezazu argi, eta linux mint erabiltzen dut etxean. Mugikorra txinatarra dut, eta kotxea alemaniarra, txatarreroari erosia.
    Eta tematua zaude amazonen erostearekin aitzakiarekin, arazoa monopolioa denean. Ezin dut ulertu nola 200.000.000.000 dolarreko aberastasuna duen pertsonak ez duen zergarik pagatzen, eta liberalentzat arazoa jendeak monopolioa baliatzen dutenengan nola botatzen duten. Bi plano ezberdin dira, bata kontsumitzaileen jarrera amazonekiko, eta bestea amazoneko buruak, eta beste abertsa guztiek, zergarik batere ez pagatzea.
    Zuk arreta indibiduoan kokatu nahi duzu, zergapetzearen eztabaida albo batera uzteko.
    Ba berriro esamgo dizut, aberatsak eta enpresak askoz gehiago zergapetu behar dira, espazio lasterketan ibiltzeko adina diru ez duten arte.
    Zurea bezalako jarrerekin, erantzukizun osoa indibiduala dela diotenekin, aberastasunaren akaparazioa sustatzen, eta feudalismo berriaren oinarriak ezartzen ari gara, eta zer, eta askarasunaren izenean.
    Amazon erabiltzeak ez du zer ikusirik amazonen nagusiak zergak ez pagatzearekin, edo amazoneko nagusiak langileak esplotatzearekin.

  • Zu baino haratago noa: Amazon debekatuta egon beharko litzateke beste komertzioekiko konpetentzia ez leialagatik. Debekatuta, Europa osoan. Guztiz ados Amazonek zergak ez dituela ordaintzen esaten duzunean. Eta Europa osoan fiskalitate adostea beharrezkoa da eta txiringitoekin amaitu. “Ba Ote!”, ikusten al duzu ia bat gatozela? Baina zu baino haratago noa: esan dudan guztia egin ostean, norbanakoari ere atentzioa deitu nahi diot, nola liteke galtzerdiak Amazonen erosi eta gero 200.000 milioitaz kexatzea? Edo kutsaduraz eta ez dakit beste zenbat gauza gehiagotaz kexatzea?

  • Ni ere guztiz ados nago fiskalitatearen gaian diozuenarekin, baina Garagarrak dion bezala, horrek ez dio norbanakoari bere ardura kentzen. Eredu baten kontra zaudela badiozu, zure esku dagoen neurrian eredu horri dirurik ez ematen saiatu beharko duzu, ezta?

  • Bai, noski. Kontsumoa hautu politikoa da, erabat. Eta hargatik, populazioaren gehiengoak ez du baliatzen. Boto ematean bezala, gehiengoak errazenera, ohikoenera jotzen du.
    Agian oker nabil, baina pentsatzen dut artikulu honen idazleak ez duela amazonen erosten. Apolitikoek, zentrokoek, “denak igualak dira” dioetenek, horiek bai. Eta erosten segituko dute. Eta ezkerreko batzuk ere bai, noski. Gizaki perfekturik ez da munduan, eta nik dakidala, bigarren mesiasaren zai gaude oraindik.
    Amazon ez da soilik denda erraldoi bat. Internet erabiltzen dugun bakoitzean amazon erabiltzen dugu, duen monopolioagatik, nahi gabe ere, ia ezinezkoa baita amazon erabili gabe sarean ibiltzea. Zer esanik ez google edo facebooken zerbitzuak ere sartzen baditugu ekuazioan. Amazonen irabazi garbien laurden bat, 11.000 milioi dolar, amazonen hodei zerbitzuetatik etorri zen. Izan dezagun hori argi besteei kontuak eskatzean, gu ere ari gara Jeff Bezos aberasten.
    Eta elkarri kontu eskean ibili gabe, bakoitza besteren etxea garbitzen, eska diezazkiogun kontuak dagokionari. Estatuek egin bezate beren lana, eta horretarako, gure artean mokoka ibili beharrean, has gaitezen behingoz erakundeak egurtzen. .
    Bidenabar, afera hontatik gehien izorratu nauena Bezosek “you guys paid for all this” (zuek pagatu duzue hau dena) esatea izan da. Nik ere lagundu diot horri. Garagarra, zure kontura ere aberastu da Bezos, eta ez zaitez harrotu amazonen sekula ez duzulako erosi. Beste bide batetik eman diozu dirua.
    Hau mundua! Bezos kritikatzen duen artikulu batean zer, eta idazlearen ustezko bekatuekin sartu. Deabruaren abokatua zer den.