Jainkoaren izen berria: Trump

Jainkoaren izen berria: Trump –

Eta abizena AEBen indar eta harropuzkeria ekonomiko-militarra. Badakizue zer gertatu berri den Bagdad-en; Soleimani jenerala eta beste zazpi pertsona drone batek erail ditu, egungo Jainko berriak aginduta. Probidentziari ebatsiz nor den bizitzeko duin eta nork merezi duen hiltzea ebazteko ahalmena. Inongo nazioarteko auzitegiren esku-hartzerik gabe, legitimitate moral zipitzik gabe, botere ekonomiko-teknologiko-militarrak emandako ahal hutsez, hilketa selektiboa, hilketa garbia, norbaitek nonbait tramankulu bati klisk huts bat eginda, baina AEBetako presidentearen oniritziarekin, zortzi pertsona sugarretan kiskaltzen! Justifikazioak? Hitlerrek erabiltzen zituenak, edo Mussolinik edo Francok. Eta ondorioa: gerra pitz dezake Iraken, eskualdean, munduan!

Jainkoaren izen berria: Trump

Alemaniako gobernuko ordezkariek uko egin diote erailketa kondenatzeari, Soleimani terroristen zerrendan zegoela argudiaturik -zerrenda horiek nazioarteko zein fidagarritasun eta legitimitate moral dute?-, eta Erresuma Batuko Atzerri ministroa ere antzera mintzatu omen da. Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek beste gerra bat pizteko arriskuaz ohartarazi du, baina erailketa kondenatu gabe. Nazio Batuen Erakundea, tamalez, ez da inpartziala, eta Bakearen aldeko eta gerrako krimenen aurkako Bertrand Russell Fundazio eta Auzitegiaren hutsunea -J-P. Sartrek sostengatua, eta Simone Beauvoir, eta Julio Cortazar, eta Vladimir Dedijer, eta Isaac Deutscherrek beste hogei pertsonalitaterekin batean babestua- betetzea premia-premiazkoa.

Hirurogeiko hamarkadan -bereziki nabarmentzekoa da 1963-03-28an New York Times-era igorri zuen gutuna-, B. Russellek ahoan bilorik eta bizarrik gabe salatu zituen AEBak Vietnamen egiten ari ziren krimenak, eta erabiltzen ari zen ankerkeria gupidagabea arma kimiko eta gainerakoekin. Honela justifikatu zuen delako auzitegiaren sorrera: “Tratatuak hausteko ekintza batzuk krimenak badira, berdin dira krimenak Estatu Batuek edo Alemaniak burutu. Ez gaude prestaturik portaera-arau kriminal bat besteren kontra ezartzeko, baldin eta gai ez bagara geure buruarentzat ere berdina ezartzeko” Robert H. Jackson, Nurembergeko epaiketetan fiskalburua zenak adieraziak.

Autokritika egin zuen B. Rusellek Koreako gerrakoan ez zelako gai izan Joseph Needham irakasleak eta beste pertsona batzuek iparramerikarrei egiten zizkieten akusazioak sinesteko, hots, Koreako gerra arma kimikoak eta biologikoak erabiltzeko proba-zelai gisa erabiltzen ari zirela estatubatuarrak. 1963an, Vietnametik informazio egiaztatua jaso ahala, konbentzitu zen oso sinesgarriak zirela gorago aipaturiko akusazioak, eta Vietnamen gertatzen ari zenaz zenbat eta gehiago jakin, gehiago konbentzitu zen zinikoki eta gupidagabeki ari zirela AEBak nazio txiki batek independentzia lortzeko zuen desira ezabatzen, eta Genevako Akordioak urratzen, diktadura bat babesten, polizia-estatu bat ezartzen, aurkari guztiak erailtzen, eta horrenbestez, gerra krimen ezin onartuzkoak burutzen. Eta gerra-ekintzak areagotzeko aipatzen ziren aitzakiek gogora ekartzen zizkioten Hitlerren zabalkundea Europan zuritzeko argudiatzen zirenak.

Jakina, horrelako fundazio eta auzitegi batek sostengu moral eta ekonomiko franko behar du bere lana egiteko, eta eraginkor bihurtzeko, eta ez du lortu egundainokoan behar lukeen itzalik. Eta, jakina, droneak Obamak ere ugari erabili zituen; ez da bakarrik Trumpen kontua, baizik eta Mendebaldearena, eta eskerrak mundu osoan eragina izango lukeen auzitegi inpartzial baten faltan, Errusia eta Txina ere hor daudela kontrapisu egiteko, baina egungo mundu egoera benetan larria da, horrelako erailketa anker-gupidagabeko batek kontrakotasun gehiago sortzen ez duenean.

Mendebaldeko jendarme nagusia den estatu-nazioko presidenteak modu harroputz eta gizagabean eginiko barrabaskeria honek zipristinduko gaitu era batera edo bestera. Behar-beharrezkoa izaten jarraitzen du mundu auzitegi inpartzial batek Russell auzitegiari segida emateko.

Jainkoaren izen berria: Trump

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

16 pentsamendu “Jainkoaren izen berria: Trump”-ri buruz

  • euskaldun bat 2020-01-06 13:20

    Munduko zonalde horretan txintxoa eta gaiztoa nortzuk diren bereiztea ezinezkoa da. Ez naiz ni Trump aldarean jartzen hasiko baina orain artekoak ikusita behinik-behin, nahiago nuke presidente guztien pekaturik handiena ahozabal harroputza izatea izango balitz soilik eta gerrak politikoki zuzen sortzen dituena. Bagdaden gertatutakoa oso gordina dirudi, oso. Baina gertaera horrek gerra piztuko duela esatea, gertatzen ari denaz zipitzik ez jakitea adierazten du. Gauzak nola bideratuta dauden ikusita, zonalde horretan gerra bat edo dena delako triskantza bat izatea saihestezina da. Eta Soleiman delako general hau gerra hori prestatzen ari zen, ez dezagun ahaztu. Orain dela aste batzuk amerikarren basea bonbakatu eta kontratista amerikar bat hil eta beste hainbat zauritu zituztenean, antolatzaile nagusia Soleiman bera zen. Zer dela eta sortu zen Estatu Islamikoa? Irakeko sunien aurka martxan jarritako Al-Malikiren politika sektarioengatik. Gero Al-Maliki kendu egin zuten agintetik eta ordezkoa ez zen Iranen gustukoa. Geroztik Iran maniobratzen aritu da burubelarri eta gauzak ondo zihoazkion Irakeko parlamentuan hauteskunde legea aldatzeko bozketa egingo zela erabaki zen arte. Hori ez zuen Iranek nahi eta hori gertatu baino lehen AEBeko tropak Iraketik kanporatzeko ekinean zebilen azkenaldiko eraso guzti hauek bultzatuz. Suniak berrriro haserre zeuden, Kurduak ere bai eta Iranen aldeko ez diren txiiak ere bai. Egoera honetan Estatu Islamikoaren birsortze bat edo antzeko zerbait ekidi ezina zen, hau da, Sunien eta Txiien arteko talka bat. Talka hori saihestezina ikusten dut. Eta AEBek egin duten azkenak ez dut uste ezertarako balioko duenik talka hori ekiditeko, agian Iranen estrategiaren burua paretik kentzea baino ez. Baina beno… hau gerra bat da eta AEBen ekintza gerra ekintza bat da, Soleimani antolatzen zebilen erasoen parekoa. Gertatzen dena da bataren eta bestearen botere teknologikoa alderaezinak direla. Pako, Soleimanik hil zuen kontratistak izan al zuen epaiketa justu bat izateko aukerarik? Al Sistani klerigoak Soleimaniren hilketa “gertakari bat” bezala definitu omen du. Pentsa nola dauden bazterrak han.

  • Gauza asko daude zure mezuan, batzuk errespetu gutxiko ateraldiak, xuabe esanda: “Bagdaden gertatutakoa oso gordina dirudi, oso. Baina gertaera horrek gerra piztuko duela esatea, gertatzen ari denaz zipitzik ez jakitea adierazten du”. Idatzi dudanean: “Eta ondorioa: gerra pitz dezake Iraken, eskualdean, munduan!” hiperbolikoa da, baina bere testuinguruan ulertu behar da, hots, oso larria dela, eta hala ulertu duzula uste dut; beraz, komentario hori sobera zegoen. Hobeto eztabaidatzen da elkarrenganako errespetuan.
    Sortu dizkidazun burutazio guztiak idazten hasteko gogorik ez dut. Pare bat ohar bakarrik: aitortzen dut nire artikulua oso idealista dela, eta Ekialde Hurbilean bereziki egoera politiko-militarra oso nahasirik dagoela, baina oso garbi daukat endredatzaile handienak AEBak eta Israel direla, eta drone-kontu horrek erakusten duen txuloputakeria salatu beharrekoa dela. Ez da kasualitatea aurten bozak izatea AEBetan.
    Amorruak sortutako artikulu bat da, eta aldi berean omenalditxo bat Bertrand Russell eta iragan mendeko 60ko hamarkadan, AEBak Vietnamen egiten ari ziren izugarrikeria ezin adierazizkoari nolabait aurre egiten saiatu zirenei.

  • euskaldun bat 2020-01-06 15:38

    Zonalde horretako egoera hain nahasia da, ez dagoela munduan ez estrategia politikorik ez estaturik hori konponduko duenik. Agian konponbide bat ikusten dut: behin betirako munduak petrolioaren beharrik ez izateko hura ordezkatuko duten teknologiak garatzea. Endredatzaile handienak AEB eta Israel direla esatea ez zait zuzena iruditzen. Autokritika ona eta beharrezkoa da baina mendebaldeko gizartea gauza guztien errudun jo eta etengabeko autoflagelazioa eta autogorrotoa ez dira bidezkoak hain modan egonik ere. Oso modan dago Trumpez iseka egitea eta jendea moda horretara apuntatzen da. Obama aldiz agintari orekatua, autokritikoa eta zuzena zen, eta sistemak saritu egin zuen nobel sariarekin nahiz eta inork baino drone gehiago erabili eta inork baino gerra gehiago hasi. Oraingoz, eta ezin didazu ukatu, Trump baketsuagoa da Obama baino. Hainbeste hamarkadetan inork egin ez duena egin du Ipar Korearekin adibidez: gutxienez hitz egiten hasi dira. Bagdadeko erasoa hauteakunde bezperan egindako propaganda ekintza bezala ikusi duzu baina nik zalantzak ditut: Trumpek beti esan die bere hautesleei ez dela gehiago gerra antzuetan sartuko, nola ikus dezakete eraso hau bere hautesleek?

  • Badauzkat egunkarietatik ebakitako artikulu batzuk. Bat, Berria-n, Ekain Rojok 2008an argitaratua. Interneten ere bada: “Inbasioaren ondorio lazgarriak”.
    Irakeko gerra hasteko egin zituzten bi salaketa nagusiak okerrak zirela onartu dute AEBek, bost urte geroago
    Saddam Husseinen gobernuaren eta Al Kaedaren artean harreman zuzenik ez zegoela ebatzi berri du AEBetako Gobernuak. Irakeko buruzagiei atzemandako 600.000 dokumentu baino gehiago arakatu eta Husseinen burukide ohiak galdekatzen milaka ordu igaro ondoren heldu dira ondorio horretara. Irailaren 11ko atentatuen ikerketa ere ondorio horretara heldu zen lehenago. Hala, baliogabetuta gelditu dira Nazio Batuen Erakundearen baimenik gabe Irakeko inbasioa bideratu zuten aitzakiak. Irakek suntsipen handiko armak ez zituela aitortu behar izan zuen lehenago Azoreetako hirukoak. Bitartean, herrialdean giza hondamendia sortu dute AEBek eta Erresuma Batuak zuzendutako tropek.
    Behinola Tigris eta Eufrates ibarren inguruan lehen zibilizazioen sorleku izan zen herrialdea munduko borroka leku odoltsuenetakoa bilakatu da egun. Berriki Opinion Research Business Londresko erakundeak plazaratutako ikerketaren arabera, milioi bat irakiar inguru hil dira azkeneko bost urteetan. Saddam Husseinen erregimen antidemokratikoaren atzaparretatik askatu nahi omen zuten estatua gerraren bultzatzaileek, eta giza eskubideen begirunea bermatu. Oso bestelakoa da errealitatea.
    Inbasioaren bidetik Estatuaren oinarriak desegin dituzte eta gerra zibila piztu dute alderdi eta giza taldeen artean. Herrialdeari buruzko erabakiak nahierara hartu dituzte atzerritarrek, eta gizartea amaigabeko indarkeria kiribilean murgildu dute. Urte askoan ekonomia babes politiketan ohitu ondoren, merkatu ekonomiaren lehia ankerrera pasarazi dute, salerosketa suspertzeko aitzakian. Munduko hirugarren petrolio biltegia dute orain eskuetan atzerriko potentziek, dena dela.
    Legebiltzarrerako bozak 2005. urtean izan ziren, eta prozesuaren zilegitasunaz zalantzaugari piztu zuten. Konstituzioa hitzartzeko bidea ere malkartsua izan zen eta gizartea zatitu egin zen. Nahiz eta gehienek Konstituzioari uko egin zioten, lege bilduma indarrean sartu zen. Nuri al Maliki lehen ministroaren aginte konstituzionala ekarri zuen 2006. urteak, betiere AEBen babesean. Irakeko Parlamentua Bagdaden herrialde horrek duen enbaxadaren ondoan da, Eremu berdea segurtasun gunean.
    Irakiarrei beren iritziaz galdetu zaien aldiro, gehiengo osoz esan dute nazioarteko indarrak alde egitea nahi dutela. AEBetako Gobernua buruzagi irakiarrekin hasi da negoziatzen bitartean, AEBetako soldaduen luzerako presentziaren inguruan. William Fallon almiranteak, Irakerako eta Afganistanerako AEBen arduradunak, dimisioa eman du asteon, adituen arabera George Bush presidentearen erabakiekin bat ez datorrelako. Hasieran inbasioa baimendu ez zuen arren, NBEren Segurtasun Kontseiluak okupazioa zilegitu zuen gero, boterea irakiarrei ahal bezain laster itzultzeko baldintzarekin. Bi aldiz luzatu duen mandatua aurten amaituko da.
    Chomskyren jarraitzaile itsua -jarraitzailea banaiz- izan beharrik ez dago horrelakoei fidagarritasuna emateko. 2008tik hona gauza asko gertatu da, eta hemendik aurrera ere bai. Baina AEBen atzapar armatuak dabiltza han, eta AEBetan ez, eta Europan ere ez, zorionez, nahiz zipriztinak heldu. Autoflagelaziorik batere ez, baina inbasio bidegabe hartatik zer etorri den, zer etortzen ari den, eta zer etor daitekeen…bai, oso konplexua da.

  • euskaldun bat 2020-01-06 17:01

    Guztiz ados: Azoreetako hirukote hura tribunal baten aurrera eraman behar zuten zalantzarik gabe. Norbaitek zerbait egin zuen? Errusia eta Txinak adibidez hauzibidean jar zezaketen. Kontrabotereak direla diozun horiek. Nik ulertu nuenez estatu batek soilik jar zezakeen horrelako salaketa bat. Sistemaren hain laguna zen Obamak ere zerbait egin zuen? Inbasio hura kritikatu zuen baina ezertxo ere ez zuen egin. Frantzia ere buruan ibili zen inbasioaren aurka, zerbait egin zuen? Baina inbasioa alde batera utzita, Saddam Husein zegoen agintean. Inbasio hura esistitu ez balitz, nola izango zen ondorengo Historia Saddam-ekin? Ez dakigu, hobeto edo okerrago, baina Irak jada bolborategi bat zen: kurduak, txiiak eta suniak nahastuta eta petrolio asko. Historia ez da amaitu alegia. Sistemak hori sinestarazi nahi digu (“XXI.mendean bizi gara eta oraindik…” espresio ospetsua) baina ez da horrela, ezta gutxiagorik ere. Eta Historian irabazleek ez dute irabazi hauzitegietan irabazi dutelako edo eskubideak aldarrikatuta. Euskaldunok zertxobait jakin beharko genuke dagoeneko. Eta hortik aurrera bandoa aukeratzea da kontua.

  • Hori dagoena onartzea da (Hegel. Historian gertatua ondo dago; halaxe behar zuen), eta irabazlearen alde jartzea. Ez nauzu konbentzitzen. Onena, justiziaren eta askatasunaren alde jartzea eta irabaztea.

  • euskaldun bat 2020-01-06 17:32

    Justizia eta ona zer den jakingo banu… Iranek justizia aldarrikatzen du eta jainkoa ere alde duela esaten du, Saudi Arabiak ere bai, AEBak ere bai, denek jainkoari zuzentzen dizkiote otoitzak. Denek diotenez ondo ari dira jokatzen. Zein da orduan gaiztoa? Agian Historiako unerik baldin badago gaiztoa benetan zein zen argi gelditu zena Bigarren Mundu Gerratean izan zen. Baina benetan hala zen? Zergatik? Eta Alemaniak irabazi izan balu nola ikusiko genuke orain Historia? Beno… uste dut Filosofiaren eremuan sartu naizela eta hemen ez naiz batere aditua. Errua Institutuko Filosofia irakasleak izan zuen: Selektibitaterako 4 autore gutxienez ikasi behar zirela uste dut eta ez dakit zergatik ia urte osoa Platonen ditxosozko kobazuloari begira egon ginen gero azkenengo bi astetan beste hirurak korrika eta presaka ikusteko. Errua irakaslearena zela uste nuen baina duela gutxi lagun bati kontatu nion eta berari ere gauza bera gertatu zitzaiola madarikatzen zuenez, fenomeno orokorra dela pentsatuz gelditu nintzen. Zergatik dira filosofiako irakasleak hain txarrak eta desorganizatuak?

  • Zertara dator aurrez epaitu gabe norbait hiltzea? Zertara gerra deklaratu gabe atzerriko goi kargu bat hiltzea? Iranek AEBko Mike Pence hilko balu bihar, horren ulerkor zinateke? Irakeko gobernuak etzi Margarita Robles hilko balu, Iraken Espainiak ilegalki dituen tropen aitzakian, “onak eta txarrak bereiztea oso zaila da” esanda aterako zinateke?
    Plano etiko moralean, gu ez al gara “musulman basapiztia” horiek baina garatuagoak, modernoagoak, justuagoak? Erlijioa gainditu dugula eta, ez al gara eurak baino gehiago? Ez al diogu hori etengabe? Guk zibilizazioa dugu. Eta hala ere, judizioz kanpoko hilketa baten aurrean, gobernu aurreratu guzti hauek, erlijioaren zama atzean utzi zuten estatu guzti horiek, ixilik. Hara zertan den mendebaldearen etika eta garapena, demokrazia eta zuzenbide estatua…
    Soleiman Sirian Siriako gobernu legitimoak eskatuta ari zen, eta gauza berbera Iraken. Detailetxoak dira, baina naizoarteko harremanen mundu hipokritan, detaileak dena dira.
    Gerra ekintza dela ere aipatu da. AEB-ek ez du gerrarik deklaratu Iranekin. Beste detaile bat. Hain da basatia egin dutena, aitzakia bila Etxe Zuriak Yamamoto buruzagi japoniarraren hilketa baliatu duela, baina Japonia eta AEB gerran (deklaratuan) ziren.
    Azkenik, Estatu Islamikoaren sorrera Al Malikiren jarrera sektarioari egoztea oso motz geratzea da. Ahaztu zaigu Sirian Estatu Islamikoa CIA eta Israelek finantzatu eta armatu zutela Al Assad gobernutik kentzeko, edo? Turkiak hasieratik EI-ri eman zion babesa ez dugu gogoan? Iran Sirian eta Iraken bazterrak nahasten dabilela? Bai, baina bertako gobernuek eskatuta.
    AEBk egin dutea ez da justifikagarria ez juridikoki, ez moralki. Baina, Inperioek beti izango dituzte apologetak.

  • Oso ekarpen ona “Ba ote”, batez ere, hausnarketa hau: “Plano etiko moralean, gu ez al gara “musulman basapiztia” horiek baina garatuagoak, modernoagoak, justuagoak? Erlijioa gainditu dugula eta, ez al gara eurak baino gehiago? Ez al diogu hori etengabe? Guk zibilizazioa dugu. Eta hala ere, judizioz kanpoko hilketa baten aurrean, gobernu aurreratu guzti hauek, erlijioaren zama atzean utzi zuten estatu guzti horiek, ixilik. Hara zertan den mendebaldearen etika eta garapena, demokrazia eta zuzenbide estatua…”

    Irango parlamentuak AEBetako Komando Zentrala (Centcom ingeles laburdura) “erakunde terrorista” izendatu du.
    Iazko apirilaren 8an, AEBetako gobernuak Iraultza Islamikoaren Zaindarien Gorputza (IIZG) atzerriko “erakunde terroristen” zerrrendan sartu zuen.
    Orain, zehazki, Irango Batzar Aholku-emaile Islamikoak Centcom eta haren indar eta antolakuntza eta erakunde guztiak “terrorista” deklaratu ditu, eta haiekin kolaboratzea “ekintza terroristak egiteko laguntzatzat” hartuko da.

  • Ari dira argitara ateratzeko Soleimaniren erailketari buruzko datuak.
    Iran eta Saudi Arabiaren arteko bitartekari lanak egiten zebilen Irakeko gobernua, AEBen onespenarekin. Saudi Arabiak egindako eskaintza batzuei Irango gobernuak emandako erantzuna zeraman Solemainik Irakera, bertako gobernuari jakinarazteko. Pasaporte diplomatikoz bidaiatu zuen, lineako hegazkin batean, inongo ezkutaketan ari gabe.
    Eta hara non AEBk hiltzen duten, Irakeko gobernuak AEBen beraren onespenez etxean hartutako diplomatikoa! Ez da harritzekoa Irakeko gobernua sutan egotea gero, etxean hartutako maizterra garbitu ez dute ba!
    Eta oraindik, “munduko zonalde horretan txintxoa eta gaiztoa (sic) nortzuk diren bereiztea ezinezkoa da” esanda batzuk pozik geratzen dira. Ez sinestekoa! Gora demokrazia eta gora zuzenbide estatua!

  • euskaldun bat 2020-01-09 21:11

    “Ba Ote!”, paraje horietako herrialdeen artean gehien gustatu izan zaidana betidanik, eta ez dakit garbi zergatik den horrela (inoiz ez naiz egon…), Iran izan da. Saudi Arabia inoiz ez zait gustatu eta horrez gain herrialde arriskutsua iruditzen zait, eta beste herrialdeekiko sinpatiarik ez daukat. Baina beste gauza bat da han gertatzen ari den guztiarekin han ez dagoela ez txintxorik eta ez gaiztorik, eta izatekotan denak gaiztoak. Badirudi zuk gauzak garbi dituzula, informazioa ere baduzu (Soleiman zertan zebilen han…), Estatu Islamikoa nork sortu zuen ere badakizu (CIA ahalguztiduna, zerbait iluna gertatzen denean CIA ahalguztiduna egoten da beti atzean). Ukraniara zihoan hegazkin horri zer gertatu zaion ere jakingo duzu, ez? Niri akats mekanikoarena esan zidatenean ez nuen sinestu behintzat, kasualitatea behar du izan gero misilen jaurtiketa egunean horrelako istripu bat gertatzea, estatistikak ezetz esaten dit. Beraz, zein da pelikulaz duzun ikuspegia? Zein da txintxoa eta zein gaiztoa? Nire esku balego, nahi beste diru eta botere militar emango nizkizun zonalde hura baketzeko, ea lortzerik izango zenuen.

  • Nik ez dut mundua txintxo eta gaiztoetan banatzen. Eta ez diot “hiltzea beti gaizki dago” faltsuki eta interesatuki.
    Baina AEB hilketa selektiboak egiten hasten denean ez zait gustatzen, are gutxiago demokraziaren izenean.
    Eta AEBk uste badute zilegi dela Irango goi kargu bat Iraken hiltzea, inolako gerra deklaraziorik gabe, pasaporte diplomatiko batekin, inolako epaiketa gabe heriotza zigorra aplikatuz, gutxienez salatu dezagun, giza eskubideak urratzeagatik, eta estatu terrorismoagatik.
    Baina horrelako erahilketa bidegabe eta ilegal baten aurrean europako zuzenbide estatu guztiak, europako iritzi publiko txit demokratikoa, demokraziaren laugarren indarra diren medioak, denak ixilik edo alde azaltzea, lotsagarria iruditzen zait.
    Eta txintxoak eta gaiztoak ez da mundua ulertzeko inolako modua, onar iezadazu mesedez aholku hau.

  • euskaldun bat 2020-01-09 22:50

    Ah! Orduan biok ados gaude txintxoa/gaiztoa ez dela ulertzeko modua. Erahilketa hori oso arraroa iruditu zitzaidan hasieratik, AEBetan bertan ere ez dute ulertu. Trumpen muskulu erakustaldia? Zaila egiten zait hori sinestea. Ziur nago Pentagonoko jendea aurka zegoela… zergatik hartu zuen erabaki hori? Trump harroputza bada baina gero ez du erabaki bortitzik hartzen. Gainera behin eta berriz jakinarazi du gerra honekin ez duela ezer jakin nahi, soldaduak atera egin nahi ditu baina Pentagonoa da frenatzen duena behin eta berriz. Hauteskundeei begira ere erabaki horrek ez du zentzurik: begira nola gelditu den, Iranek 22 misil bota dizkio eta ez du erantzunik eman nahi ere. Erabaki hura hartzerakoan aurreikus zezakeen, berak ez bada, ingurukoek. Guk ez dakizkigun gauza asko ariko da gertatzen hor. Batek daki….

  • Baina kontua ez da zer ari den gertatzen atzean, nola dauden gauza Irak, Siria edo Iranen, edo zertan zebilen Soleimani. Kontua da AEBk diplomatiko bat garbitu duela. Eta ekintza hori salatu eta kritikatu beharrean, konteporizatu egin dela.
    Denak balio du AEBk egiten badute, antza.
    Eta Trump bera atera zen hasieran esanaz 52 helburu apuntatuta zituztela Iranen, nazioarteko legediaren aurkakoak asko, beraz tipo horren ahoberokeriei kasu gutxi egiten diet. Emaitza da AEBk atzerriko goi kargu bat garbitu dutela, eta salatu beharrean, hainbatek fokoa desbideratu nahi duzuela. Iranek Pence garbitu izan balu, ez ginateke CIAren joko ilunaz hitz egiten ariko, zuzenean salatuko genuke Iranen basakeria. Baina Inperioak egin duenez, ulertu behar da, “gerran” daude, Iran oso oso txarra da eta ez dakit ze eskusa gehiago.

  • Oso harira datoz gaurko Berriako alean (2020-01-12) datozen bi artikuluok: Iker Aranburu “Iran galtzen ari den gerra”, eta Urtzi Urrutikoetxea “Aste beldurgarria”.

  • euskaldun bat 2020-01-12 15:31

    Urtzi Urrutikoetxearen artikuluan “…gurean ere baden agenda islamista salatu izan du berdintsu, Europako ezkerraren bolizko dorrearen itsutasuna azpimarratzeko…” irakurtzeak harritu nau. Autokritikarako aukera oraindik badago nonbait.