Izebarik ez badaukazu

Izebarik ez badaukazuEz bazara bizi ez zara hilko. Izateko eduki egin behar duzu. Baina edukiz gero galdu egingo duzu. Edukitzea garrantzitsua da beraz. Edo ez. Iritsiko baita memento bat noiz ez duzun edukiko. Ez daukazu eta bazara. Eta ez da materialismo-dialektikoari kritika, kontsumismo zentzugabekoari baizik. Egin beharko genuke balantze-moduko bat eta hausnartu: zer daukagun (soberan) garela sinesteko, eta zer egiazki eduki/galdu beharko genukeen bizitzeko/hiltzeko.

 

Etxerik ez badaukazu,

ez zaizu erreko.

Neskak ez zaitu beste batengatik utziko,

neskarik ez badaukazu.

Txakurrik ez badaukazu,

ez dizu bizilagunak pozoituko.

Ez duzu lagunarekin borroka egingo,

lagunik ez baduzu.

(…)

Ez baduzu izebarik,

ez duzu galduko.

Ez bazara bizi,

ez zara hilko.

Dena pentsatu, dena erabaki,

eduki ala ez eduki.

 

Zhenya eta bere lagunak sauna publikoetan gelditu dira urte zahar eguna edanez bertan ospatzeko. Erritu bat da. Erabat mozkortu dira denak . Lagun-talde horretako batek aireportura joan beharra du neska laguna ikusteko hegazkina hartzera. Horren mozkorrak daude denak ezen inor ez dela oroitzen nork hartu behar duen hegazkina. Lagunek Zhenya eramaten dute aireportura eta hegazkinean sartu. Jaitsi da hegazkinetik Zhenya. Beste hiri batean dago, baina ez da jabe horretaz. Bere bizilekuan dagoela du uste; alkoholaren ajeak. Kale-izen berdin anitz daude hiri gehienetan, eta ate-sarrailak ere bai, dirudienez. Taxi bat hartu du eta “bere etxerantz” egin. Hutsik dago etxea. Lo kuluxka bat botatzea erabakitzen du oraindik mozkor dagoen Zhenyak, bere ohean dagoelakoan. Bada, halabeharrez, beste emakume baten etxean dago. Emakumeak, etxera iritsitakoan, sekulako izualdia izanen du. Mozkorra etxetik bidali nahi du. Denborarekin, baina, mozkorra dena mutil kurioso, jakintsu eta alai bilakatzen da, izualdia laguntasun eta laguntasuna, agian, amodio.

Izan zitekeen, baina ez da Hollywood. Sobietar Batasuna da, 1975.Patuaren ironiak, edo gozatu baporeaz. Hala itzuli daiteke euskarara filmaren titulua. Dena delakoa, film jantzi gisa onartua da oraindik ere Errusian. Moskun bizi da Zhenya eta San Petersburgon amaitzen du hegazkinean. Hiperbolikoa da kontakizuna. Nola da posible San Petersburgon dagoen hankabikoak Moskun dagoela uste izatea? Nola azaldu ahal da hirugarren pertsona baten etxea zeure eguneroko bizilekuarekin nahastea? surrealista da. Komunismoari kritika bezala interpretatu izan da zinema-lana. Heterogeneoa homogeneizatu izana egotzi nahian-edo; “Dena berdindu” izana.

Arestiko olerkia pelikularen zati bati dagokio. Izebarik ez baduzuizena du kantak. Eduki ala ez eduki. Materialismo dialektikoa: ideiek fisikoan dute jatorria, materialean, ukigarria denean. Izan ala ez izan, eduki ala ez. Ez baduzu ez zara, baina izan gabe ezin galdu. Dena pentsatu, dena erabaki, eduki ala ez eduki. Ez baduzu etxerik ez zaizu erreko. Ez bazara bizi ez zara hilko. Baina bizi zara, eta nekez eginen duzu aurrera etxe hutsik –erre zaizulako-, lagun gabe –borroka egin duzuelako-, janaririk gabe –kendu dizutelako-. Hil nahi ez baduzu ez zaitez bizi. Baina bizi zara eta, beraz, hilko zara. Baduzu, beraz, galduko duzu.

Paradoxikoa da kontakizuna. Izateko eduki egin behar duzu. Baina edukiz gero galdu egingo duzu. Edukitzea garrantzitsua da beraz. Edo ez. Iritsiko baita memento bat noiz ez duzun edukiko. Ez daukazu eta bazara. Eta ez da materialismo-dialektikoari kritika, kontsumismo zentzugabekoari baizik. Egin beharko genuke balantze-moduko bat eta hausnartu: zer daukagun (soberan) garela sinesteko, eta zer egiazki eduki/galdu beharko genukeen bizitzeko/hiltzeko.

(Jatorrizkoa Zirriborroak blogean)

badaukazu, ez, Izebarik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude