Itxiera perimetrala

Itxiera perimetrala –

Itxiera perimetrala

Salem Ahmedu Dakhlan sortu zen duela ia hiru hamarkada, Mendebaldeko Saharako errefuxiatuak bizi diren kanpamentuetan. Zortzi urteak arte ez zuen basamortua besterik ezagutzen. Oporrak Bakean egitasmoari esker uda goriak atzean utzi eta bi hilabetez Galiziara joateko aukera izan zuen 12 urte bete zituen arte. Beste mundu bat ezagutu zuen orduan: belarra, parkeak, play stationa, komunak… eta itsasoa. Itsasoarekin flipatu zuela dio.

Zortzi urte bete zituen arte, udak kanpamentuetan igarotzen zituen. 11:00etatik aurrera ezin izaten zuen etxetik atera beroa jasanezina baita, hatsa kentzerainokoa. Zeukaten ur gutxi haren tanta batzuekin freskatzen zuen amaren melfa eta soinean paratu.

Osasuna da egonaldi hauetako aferarik garrantzitsuena: haur askoren gaitzen berri kanpamentuetatik kanpora ateratzean izaten baitute familiek.

Gaur egun zortzi urte dituen saharar batek ezin izanen du bero itogarria atzean utzi. Aurten, iaz bezala, haur sahararrek ezin izanen dute kanpamentuetatik atera, pandemia dela eta. Ederra paradoxa: osasun neurriengatik haur horien osasunerako ezinbestekoa den egonaldia bertan behera geratu baita. Hori bai itxiera perimetrala.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko martxoaren 12koa]

Itxiera perimetrala

BARDO GORRI NAFARRA

Zer duzu buruan “Itxiera perimetrala”-ri buruz

  • Iker, barkatuko al didazu, baina testu hau irakurrita lotsa sentitzen dut. Munduaren erdigunean dagoela pentsatzen duen batek idatzitakoa dirudi, oso inperialista. Alde batetik, haur horiek Europara oporretan etortzeko duten beharra adierazten duzu. Beharra, ez dut uste ume horiek edo euren gurasoek ikusten dutenik, zeu zara behar hori ikusten duena. Beroa da aitzakia, zure ustez. Ez dakit… eskimalek pasatzen duten hotzaz errukiturik, oporretan Europara etortzeko beharra ez duzu ikusten? Hona etorri eta… berdea, itsasoa… eta playstationa, aizue! Behar-beharrezkoa playstationa ezagutzea. Jakin ezazu, nire bizi osoan ez dudala playstation bat ukitu ere egin, ezta xbox-a ere. Entzunda dakit zer diren, baina ikusi ere ez ditut egin… eh! eta zinez diozut, ez dudala behar zipitzik ere sentitzen horietako bat ukitzeko. Harridura sortzen diezu ume horiei, eta badirudi horrekin arro sentitzen zarela, zure autoestima igotzen dute nonbait “beltz gixajo” horiek. Nahiko mentalidade inperialista iruditzen zait. Zuk ezagutzen al dituzu desertuko ilunabarrak? Ezagutzen al dituzu desertuko soinuak? Ezagutzen al dituzu eskimalek bereizten dituzten ehundik gora zuri kolore ezberdin? Garbi dago, arazoa zeuk duzula, ez ume horiek. Mentalitate kolonialista eta inperialista iruditzen zait. Hori, eta gero pertsona ona zarela erakutsi nahi hori, zeure burua zuritu nahia bezala.