«Islandiako krisi ekonomikoa: ‘NDFren botika’ ez da irtenbidea»

1999an, Islandiako Gobernua bankuak pribatizatzen hasi zen, eta hiru banku handienak negozio nagusiak atzerrian egiten hasi ziren; besteak beste, Luxenburgon, Londresen eta Holandan. Kontu korronteak irekitzearen truke etekinak eskainiz, arrakasta handia lortu zuten, baina beren erreserben zati bat finantza produktu oso espekulatiboetan inbertitu zuten. 2008ko urrian, Londres konturatu zen Islandiako bankuak Erresuma Batuko kontuetako dirua Reykjavikera eramaten ari zirela, eta funtsak izoztu zizkion. Gehiegi zorpetuta zeuden. Orduan, Londresek eta Amsterdamek bertako bezeroei zor zitzaien dirua ordaindu zieten: 4.000 milioi euro inguru, hau da, Islandiako BPGaren herena. Horixe da orain Islandiari itzultzeko eskatzen diotena.

Azkenean, Reykjavikek bankuak kontrolpean hartu, Nazioarteko Diru Funtsari (NDF) larrialdiko diru-laguntza eskatu, eta herrialdea Europar Batasunean (EB) sartzeko bidean jarri zuen, herritarrak urtetan EBrekin bat egitearen aurka egon ondoren. Burtsak behea jo zuen, koroaren balioa izugarri murriztu zen, langabezia eta zergak handitu egin ziren eta gastu publikoa murriztu. Hudson ekonomialariaren ustez, NDFren austeritate neurriak ezartzea «bankuen desarauketak eta ‘merkatu askeak’ Islandia munduko herrialderik aberatsena eta zoriontsuena izango zela pentsatzeagatik» onartutako penitentzia izan da.

Azken urtean Europako beste herrialde batzuetan gertatutakoa kontuan hartzea garrantzitsua dela dio; hau da, Portugal, Irlanda, Italia, Grezia eta Espainian («PIIGS herrialdeak» deiturikoak). Grezian, zerga-ihesak eragindako defizitaren ondorioz, Alemaniako eta Frantziako kreditu emaileen laguntza eskatu zuten, eta haiek ezarritako interes altuek egoera okertu zuten. Horri aurre egiteko, EBk lanaren gaineko zergak handitzeko eta zerbitzu publikoak garestitzeko eskatu zion. «Asmoa da enplegu publikoa zorrozki murriztu eta sektore publikoko soldatak jaistea, sektore pribatukoak ere jaitsarazteko, gizarte zerbitzuak gutxitzea, eta bizitzaren kostua handitzea». Horregatik, Michael Hudsonen iritziz, Islandiak ez du kontuan hartu EBn sartzearen prezioa.

Gaur egun, finantza arloa «gerra egiteko modu berria» da, haren arabera: «EB sortzea bultzatu zuten buruzagien ustez, nazio-estatuek kontinentea gerra milurteko batean sartu zuten. Baina, gaur egun, finantza arloa da gerra egiteko modu berria. Konkista militarraren helburu berak dauzka: lurra eta oinarrizko azpiegitura bereganatzea, eta zergak ezartzea –eufemistikoki esanda, maileguan utzitako dirua itzularaztea–, finantza sistema industria eta lana bultzatzeko beharrezkoa balitz bezala, haien superatiba bidegabeki erabiltzeko modu bat izan ordez [..] Horren emaitza austeritate ekonomikoa eta depresio kronikoa dira eta, hala, belaunaldi bat lehenago agindutako bizi-mailaren igoera amaiaraztea». «Azken urteari begiratuta, badirudi uharte-nazioa esperimentu psikologiko eta politiko bat –krudela– egiteko erabili dela, herritarrak bankuko nagusiek lapurtu dutena edo beren buruari utzi diotena ordaintzeko zenbateraino dauden prest ikusteko».  

Hudsonek Argentinak mendearen hasieran eta Mexikok 1982an hartutako bide berari ekitea proposatu dio Islandiari: NDFri benetan ordain diezaiokeena bakarrik itzuli, eta ekonomia berrindartzen ahalegintzea.  

Haukadalur eremuko geyser baten erupzioa, 2000. urtean. Islandiak baliabide natural handiak dauzka eta baliteke horien ustiapena erabiltzea ekonomia berrindartzeko

Irudia | Haukadalur eremuko geyser baten erupzioa, 2000. urtean. Islandiak baliabide natural handiak dauzka eta baliteke horien ustiapena erabiltzea ekonomia berrindartzeko | Dieter Schweizer | Creative Commons By SA

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...