"Iraultza telebisatua izango da"

Gil Scott Heronek Iraultza ez zela telebisatua izango kantatzen zuen aspaldi. Orain posible da, ikus dezakezu Tahrir plazan gertatzen dena, unez une. Al Jazeeraren bidez adibidez, baina baita bestelako iturri independente batzuetatik ere.

Lehen aldietakoa da, gogoan dudana bederen, halako gertakari baten jarraipena egin dezakedala prentsa idatzi edo kronisten bitartekorik gabe, kamera batean ikusten dudanaren arabera, nire etxeko salatik. Iraultza telebisatua da, Scott Heronek iragarri zuenaz beste: Gran Hermano politiko bat, nahi baduzue, Egipton gertatu dena.

Sare sozialen garrantzia

Asko hitz egin da sare sozialek, nola protesten antolaketan nola hauen hedatzean izan duten paperaz. Mundura Egipton (eta Tunisian) gertatzen zena jarraitzeko bitarteko azkar eta egokiak zirelako debekatu ziren, debekatu zirenean. Azkar jabetu ziren agintariak ordea, hura itsasoa hesitzea bezala zela: ezinezkoa.

Eredu komunikatibo baten aldaketa ekarri du horrek? Aurretiaz emana zegoenaren plasmazio politikoa besterik ez da izan Egipto eta Tunisiakoa. Baina protesten aktibaziorako ez ezik, munduaren punta bakoitzetik han gertatzen zenaz jabetu nahi zuenarentzat erabateko iraultza izan da.

Ordura arte ohikoak eta ezinbestekoak ziren kronisten beharrik gabe (nola ahaztu John Reed, Kapuscinski edo Karlos Zurutuzak Argian Iraki buruz idatzitakoak), Kairoko erdigunean garrantzia sinbolikoa hartu duen Tahrir plazan gertatzen zena ikus daiteke. Hiriaren termometroa da, protesten oihartzuna han neurtzen da

Iraultza telebisatua da

Egipto eta Tunisiako kasuak, nire ustez, azken urtetan garatzen eta praktikan jartzen ari ziren eredu batzuen eztanda izan da. Horrek nabarmen uzten duelarik honakoa:

  • Orain arteko komunikazio/komunikabideen paradigma zalantzan jartzea.
  • Kazetaritzaren figura ere zalantzan jartzea (jarraitu daiteke iraultza bat kronistarik gabe? Zein da hauen papera ondorioz? Zer kontatu eta nola hurrengo eguneko egunkarian edizio jarraituan eta kamera finkoen bidez gertatzen ari denaren berri izaten ari bagara?)
  • Agintarien aldetik komunikazioaren kontrola ia ezinezko da. Ez bakarrik komunikazio bideak nabarmen ugaritu direlako. Aktualizazio erabateko bat bizi dugulako baizik: unean bertan ari gara notiziaren lekuko izaten, albistegi edo biharamuneko egunkariaren zain egon gabe.

Komunikazio bitartekoen aldaketak gertakarien narrazioan aldaketak suposatu ditu. Eta narrazioaren aldaketak, aldez edo moldez, iraultzaren forman bertan ere eragina izan du. Ia beste inoiz baino presenteago izan dute Tahrir plazan zeudenek, Mubaraken aurkako protestetan ez ezik, munduaren begietan zeudela.

Informazio gehiago Magrebeko iraultzez eta sare sozialez

Tunisia eta Egipto: sare sozialak iraultzarako tresna?

Sare sozialen eragina iraultza batean

Egipto eta Tunisia: iraultza berrien isla

Zer ikasi dugu Egipto eta Tunisiatik

Egipto eta Tunisiako adibideetatik zer ikasi?

Irudia | Egipto eta Tunisiako adibideetatik zer ikasi? | Ezezaguna | LGPL
al-jazeera, egipto, komunikabideak

2 pentsamendu “"Iraultza telebisatua izango da"”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude