Inperialismo iraultzailea

Carlos Baute, Paulina Rubio edo Alejandro Sanz kultura ingenieria sozial antzeko baten bidez sortu daitekeela frogatzen duten adibide nabarmenak dira. Showaren kultura, kultura merkantilizatua, sexualitate eta azken finean, identitate aurrezehaztu eta plastifikatuen ondorio eta bultzatzaile. Hori guztia ez da berria, baina badirudi orain iraultzaile ere bilakatu direla, Venezuelako oposizioarekin bat egin eta herria babesteko eta biolentzia geldiarazteko deia egin dute hiru hauek, beste hainbaten artean. Bakea da aldarria azken egunotan, giza eskubideak, adierazpen askatasuna eta errepresioaren amaiera. Nor ez dago horrelako leloen alde?

Gaur bertan, Cuatro albistegian Primavera Venezolana izena jarri diote lurralde hartan gertatzen ari denari. Mediaset eta Prisaren esku dagoen kate honek era horretan baloratu du bertan gertatzen ari dena, altxamendu demokratiko eta zibil baten gisara. 15-M edo Occupy balira moduan, gazte haserretu eta indignatuen establishment-aren kontrako jarduna edo horrelako zerbait saldu nahian, gu geu islatuta senti gaitezen. Baina ez da azken egunotan gertatzen ari den gauza bakarra. Ukrainan ere istiluak ez dira nolanaikoak, atzo bertan 26 hildako izan ziren, horietatik 10 poliziak. Eta medioek zera diote: errepresioa izugarria dela, onartezina, eta suminduak odoletan aurkezten dituzte, ezinean polizia basatiaren aurrean.

RT (Rusia Today) katearen lana paradigmatikoa deritzot gertaera hauek guztien nondik norakoak ulertu ahal izateko. Gertaera hauen bestaldea erakutsi digute: Kiev-go irudi beldurgarriak plazaratu ditu, non manifestatzaileak polizia egurtzen ikusten den, ez harrika edo makilekin bakarrik, baita suzko arma sofistikatuekin ere. Berdin Venezuelan, beraien kazetari bat nola tiroketa baten erdian aurkitu zen erakutsiz. Telesur bidez ere ikusi ahal izan dugu nola manifestariak oldartzen ziren poliziaren aurrean, eraikin publikoei su ematen saiatu edota biktimak teatralizatu ustezko errepresioaren biktimak bailira. Baita nola estatu kolpe saiakera errepikatu nahi zutela adierazten zuten elkarrizketak filtratu ere.  Bitartean El País egunkariak, 2002-an Venezuelako estatu kolpearen alde kokatu zen berberak, Leopoldo Lopez opositorea iraultzaile karismatiko moduan saldu nahi izan du horrelako argazkiekin.

Badaude halere osagai gehiago pilpilean dagoen joko politiko hau ulertzeko, berebiziko garrantzia dutenak gainera. Sochiko jokoak adibidez, non homosexualen aldeko aldarria Putin-en gobernuaren aurkako kanpaina izugarri bat egiteko erabili den (ez diot justifikatuta ez dagoenik, lortu duen oihartzunaren zergatia politikoa ulertzen saiatzen ari naiz). Edota, eta askoz ere era argigarriagoan, mundu arabiarrean gertatu eta gertatzen ari dena. Siria ikusi besterik ez dago, Al Assad-en errepresioari erantzun asmoz errebeldeak babestu eta armatu dituzte “mendebaldeak” edota Arabia Saudi edo Qatar-ek  herria babesteko asmotan eta Libian egin moduan (bide batez, kuriosoa litzateke medioek Errusiari jartzen dioten arretaren erdia jarriko baliote Arabia Saudin gertatzen denari, adibidez). Koloretako iraultzetan jokatutako molde beretsuan, Serbia, Ukraina, Georgia edo Kyrgyzstanen, dokumental honetan ondo adierazten den moduan, Gene Sharp politologoaren eskema eta “kolpe biguna” aurrera eramanaz, biolentzia dosi gehiago edo gutxiagorekin.

Esan bezala, iraultzak omen ditugu uneoro eta globoko toki desberdinetan. Eta posizionatzea zaila gertatzen zaigu, objetiboki, irauli nahi diren erregimenak ez zaizkigulako iruditzen guk nahi bezain eredugarriak. Ez gara konturatzen, ordea, zeinen jokoan sartzen ari garen, iraultzak inposatzen ari diren horiek fundamentalista erlijiosoa eta faxismoa erabiltzen badute ere, guk printzipioz iraultzak begi onez begiratzen ikasi baitugu. Horrexegatik, beharrezkotzat deritzot, estrategia inperialista honen aurrean posizionatze aktiboa sustatzea. Mundu multipolar honetan Estatu Batuek bere hegemonia mantentzen saiatzen besterik ez baita ari eta gu, gure Europa maitean, OTAN-en eskuetan gauden titere hutsak besterik ez gara, filtratu zen bideo honetan interpreta daitekeen  moduan.

Iraultza telebisatua izango ez zela genioenean ez ginen honetaz hari eta geroz eta zailagoa den arren, sobreinformazioaren garaiotan nor den nor argi izaten saiatu behar gara, bestela dekoratu batean antzeztutako altxamendu eta ingenieria belikoz sortutako iraultzaileen artean galduko baikara. Ezin gara orain duintasuna eskuratzen ari den Latinoamerika kontrolpean mantentzera ohituta dagoen Estatu Batuen jokoan sartu ezta bere mundu mailako, eta azken aldian Errusiaren inguruan zentratzen ari den xake partida babestu ere, beste estatuekiko injerentziak inoiz ez baitu inolako asmo humanitario edo demokratikorik izan. Ezta orain ere.

Inperialismo iraultzailea
Jon Urzelai

Gertutik begiratzeko betaurrekoak jartzen ditudanekoak

5 pentsamendu “Inperialismo iraultzailea”-ri buruz

  • Eskumak eta inperialismoak esaten badute Siria, Libia, Ukrania, Venezuelan.. gertatzen ari dena “iraultza” dela, argi dago ezkerrekoentzat “kontrairaultza” dela.
    .

    Horregatik ikusten ari gara telebistatuta “kontrairaultza” eta “demokraziaren aldeko” eraso inperialista hauek; mozketa, muntai eta manipulazio ugari tarteko, noski.

  • Eta 2019 eta 2012ko Bake Nobel Sariek, Barack Obamak eta Europar Batasunak, Ukraniako ezegonkortasuna elikatzen eta faxismoari hauspoa ematen, berriro ere:
    .
    “UKRAINAREN KONTRAKO ISUNAK AZTERTZEN ARI DA EUROPAKO BATASUNA”
    .
    “…Ukrainako Gobernuak agindua du handik ateratzeko, eta oposizioko politikariei eskatu die “eskuin muturrekoengandik aldentzeko”, izan ere, Kieven ustez, eskuin muturrekoak dira gobernuaren eraikinak suntsitu eta tiroka ari direnak. AEBek eta Europako Batasunak, ordea, besterik pentsatzen dute, Janukovitx eta bere gobernuko hainbat buruzagiri isunak ezartzeko eginbeharrak azkartzen ari baitira…”
    .
    http://www.berria.info/albisteak/88948/ukrainarenkontrakoisunakaztertzenaridaeuropako_batasuna.htm
    .
    Egia esanda, ezer berririk ez, errepikapen etengabea: Siria, Libia, Iran ….

  • Nire etsaiaren etsaiak nire lagunak dira; ikuspegi kamuts honekin ez da harritzekoa ikustea ustezko aurrerakoi batzuk defendatzen erregimen oligarkikoak, sozialistatzat mozorrotutako kapitalismo basatiko estatuak, fundamentalismo erligiosoan oinarritutako gobernuak, diktadura estalinista hereditarioak eta horroreen museotik ateratako bestelako erregimen batzuk.
    Ohitu beharko ginateke gauzak ñabardura gehiagorekin aztertzen eta sinplekeriak alde batera uzten.
    Bestela, hau bezalako artikulu penagarria ateratzen zaigu.

    • Hain ederra dira herri atzeratu horiei eramaten dizkiegun aurrerabidea eta giza eskubideak!!
      NATO, Nazioarteko Diru Funtsa, Misilak, bonbarderoak, gobernu “etsaia” ezegonkortu eta suntsitu , islamistak eta faxistak armatzea eta antolatzea…. “Erregimen horiek horroreen museotik” ateratzeko demokratok ñabardura handiekin erabiltzen ditugun tresna horiek ez dira “kamutsak” ezin zorrotzagoak baizik.
      .
      Orain Venezuela, Ukrania, Siria.
      Atzo Mali, Libia, Afganistan, Irak.
      Bihar Iran, Ipar Korea, Errusia, Txina….
      .
      Yes we can!

  • Kaixo Margola

    Lehenik eta behin esan nahiko nuke eztabaida beharrezkoa deritzodala eta gai konkretu honi buruz artikulua idazterakoan gogoa ere banuela beste ikuspuntu batzuk ezagutzeko. Baina egia esan ez nago seguru artikulua benetan irakurri duzun. Ez dut inon esan nire etsaiaren etsaiak nire lagunak direnik, nire etsaiaren desestabilizazio eta injerenzia planak salatu behar direla baizik (eta baita manipulazio mediatikoa ere), besteak zeintzuk diren ahaztu gabe. Esan dut Errusia ez dela paradisua eta nahi baduzu orain gehi dezaket Ukrainakoa bi oligarkien arteko borroka dela, ez daukat inongo arazorik horretarako eta ez diot inongo sinpatiarik Errusiari. Berdin Al Assad edo Gadaffiren kasuan ere, ez dira inongo eredu. Baina diodana da hainbeste ñabarduretan galdu gabe, zuhaitzek basoa ezin diezagutela ikustea galarazi.

    Penagarria dela artikulua diozu baina ez duzu argudio gehiegirik ematen ezta nire datu edo argudio konkretuak kuestionatzen ere. Artikuluaren funtsa zera da, gertatzen ari direnak estatu batuen proiektu inperialistaren baitan aurkitzen dira, legitimoa izan daitekeen sumin bat erabiltzen (edo sortzen) dutenak, ondoren estatu konkretu bat desestabilizatu eta baita gerra zibilak sortzeko ere. Estatu horiek hain demokratikoak ez izateak edota sumina justifikatua egoteak ez du atzerriko interbentzio horiei buruzko dudan iritzia aldatzen eta zurea bezalako erantzun batek ez du horretan laguntzen

    Erantzuna gehixeago landu eta “penagarri” bezalako hitzak baztertuko bazenitu eskertuko nizuke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude