Impasse

Impasse –

Joan den urriko autodeterminazio kontsultaren ondotik hirugarren bat ere izanen ote da Kanakian, Matignoneko itunak aintzinikusten duen bezala. Egiten balitz,  arriskua litzateke bi zatien arteko aldea biziki ttipi izaitea eta gauzak alde batera edo bestera egiazki treinkatu gabe gelditzea. Orduan, herri proiektu berri baten asmatzea beharrezkoa litzateke.

Impasse

Joanden urrian iragan zen Kanakian bigarren autodeterminazio kontsulta, 1998ko Numeako akoridioak aintzinikusi bezala.

Independentziaren kontrakoek berriz ere irabazi zuten % 53,26 eginez eta independentistek %46,74.

Ohargarria bi bloke politikoen arteko indar korrelazioa hertsitzen edo orekatzen ari dela bereziki lehen kontsultaren emaitzak ikusita.. Independentziaren aldeko ikurra den FLNKSk pentsatzen duenez haizea alde duela eta Numeako akordioan adostu bezala, hirugarren eta azken kontsulta bat aldarrikatzen du ozenki. Alta gauzak ez dira hain xinple manerarat eta hainbat adituek diote akordio hura nolabait “impasse” batean dela 30 bat urte baino berantago.

Aski da ikustea funtsean zer nolako giro politiko gogor eta polemikoan iragan den bigarren kontsultarako hauteskunde kanpaina osoa.

Anti-independentistek goraki eta ahoa beteka errepikatu dute Kanakia independente bat apokaliptikoa litaikela jendarte osoarentzat eta auzoko Vanuatu edo Fidji ugarteak bezain egoera sozioekonomiko latzean jar litzatekeela. Egia erran independentistek ere dudazko hainbat argumentu  erabili zituzten Frantzia eta Kanakiaren arteko dirutza joan jinak zehazterakoan. Ezagutu izan da ere bigarren hauteskunde kanpaina hortan banderen gerla deitutako hainbat konfrontazio bortitz, bide bazterretan edo hainbat leku publiko edo administrazio egoitza aintzinean. Beste elementu aipagarri bat izan da ere bigarren bozketa horrek ezagutu duen parte hartze gorakada ikusgarria (%86) gehien bat independentziaren aldeko blokearen mesedetan iduriz.

Bozkatzaile erreserbaren eragina

Lehen erreferendumak zointan independentziaren kontrakoek irabazi zuten % kasik 57rekin duda frango sortu zituen egiazko indar korelazioa neurtzeko.

Loyauté ugartetan parte hartze ahula izan zen eta Numeako aglomerazioko boto kopuruak bi aldeeri itxaropena emaiten zuen bakotxak bere zenbakiak hobetzeko bigarren bozka egunean.

Bi aldeek ondorioz beren hauteskunde kanpaina arras ziblatu bat egin zuten: dudazkoak eta abstenzionistak izan ziren ziblak.

Ohargarria da ikustea bigarren bozka emaitzak argiki erakusten duela bozkatzaile erreserba horrek zati nabarmen batean independentziaren aldeko hautua egin duela.

Ikusita zer nolako parte hartze haundia izan den bigarren kontsulta hortan, ez da batere segur hirugarren eta azken kontsultan bi aldeek oraindik goratu lezaketela beren emaitza. Bainan ikusita milaka gazteek ahalko dutela lehen aldikotz bozka zerrendetan sartu hemendik eta 2022 urte bururatzerako (horietarik gehiengo haundia independentziaren alde bozkatzen duten eremuetarik), pentsatzerat eramaiten du hirugarren bozkaldi horren emaitza biziki tinkoa litaikela eta emaitza itzulipurdikatze bat ere ekar lezakela burujabetzaren alde. Hirugarren kontsulta hori halere ez da derrigorrezkoa edo nahitaezkoa, funtsean bigarrena zen bezala.

Herri proiektu berri bat?

Egoera doi bat blokatua ikusten dutenez alde guziek balitaike behar bada frantses estadoa, Frantzian egoitearen aldekoak eta independentziaren alde direnak bestelako aterabide baten alde so jartzea.

Proiektu berri bat sakontzeko entseguak ba omen dira hasiak molde arras diskretoan. Gisa hortan azken xantzako kontsulta hura bilaka daiteke herri proiektu kontsulta berri bat.

Bainan nola egin alta galtzaile/irabazle horizonte edo etorkizun hortarik ateratzeko? Bereziki jakinik agian bi aldeak berdinketa tekniko batean direla.

Independentziaren kontra direnek onartuko ote lukete estatu berri baten printzipioa lankidetza-federazio batean oinarritua Frantziarekin?

Independentistak asebeteko dira independentzia partzial batekin nun Frantziak beti bere esku lituzkeen oinarrizko eskumen batzu?

Funtsezko galdera horietarik haratago beste konstatazio batekin gelditzen da gauregun Kanakiako jendarte osoa: hirugarren bide bat posible eta beharrezkoa ez ote da?

Numeako akordioa bake bidetik ez ote da bide itsu bat bilakatzen ari?

Emaiten du beharrezko soluzio edo aterabide zen prozesuaren gatibu edo preso dela egoera politikoa Kanakian. Independentisten posizio nagusia iduri luke izaitea independentzia- lankidetza-federazioa Frantziarekin, kontsulta irabazita, gisa hortan molde optimalean negoziatzeko urratska Frantziarekin behintzat hunek nahi badu beti presente izan estrategikoki Pazifiko aldean. Anti-independentistek ere pentsatzen dute Pariserekin negoziatu beharko dutela gisa hortan sortu egoera berriaz, funtsean pundu hori zehazki idatzita dago Numeako akordioan.

Gauregun nehor ez da deusetaz segur. Nehork ez daki ere hirugarren kontsulta hori gauzatuko den.

Haatik segur dena da bi bloke politikoak ados direla agian badela oraindik zer negoziatu frantses estadoarekin aterabide berri bat aurkitzeko, hirugarren eta azken kontsulta saihesteko eta herri proiektu adostu bati buruz joaiteko.

Denbora jina zaio Pariseri iniziatiba hartzea kanakiar guzien duda eta eskubideeri arrapostu iraunkor bat ekartzeko.

Andde Sainte-Marie

Impasse
Impasse
Impasse

Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude