Ikasturtea ezkortasunez hasten

Ikasturtea ezkortasunez hasten –

Beste ikasturte bat Bilboko Uriolan. Eta ez dadila azkena izan. Ziurgabetasun handienarekin hasten den denboraldia dela esango nuke, baita etorkizun ilunena duena ere. Izan ere, COVID-19 krisiaren ostean inflazioaren krisiarekin topo egin dugu eta aurreikuspen ekonomikoek argi uzten dute datorrena gogorra izango dela, batez ere langile klasearentzat. Hilez hil ikusiko dugu aurreikuspenak betetzen diren ala ez.

Ikasturtea ezkortasunez hasten

Geopolitikoan gertatzen dena ez da kasualitatea, atzean interes politiko eta ekonomikoak daude. Mundu polobakar batetik igaro gara, AEB munduaren jabe eta nagusi izan den mundu batetik, balizko agertoki multipolar batera, non aktore gehiagoren existentziak etorkizunean hegemonia global hori kolokan jar lezakeen. Txina aktore garrantzitsua izaten hasi da maila globalean eta, bereziki, hegoalde globalean. Hala ere, Ukraniako gerrak AEBren posizioa indartu egin du: enpresa asko bertara eramaten ari dira haien produkzioa, Europaren gas hornitzaile nagusienetakoa bilakatu da eta dolarrak beste moneten aurrean nagusitasuna handitu du.

Europari dagokionez, egoera honetan kaltetuena dela esan dezakegu. Gasaren dependentzia eta inflazioaren krisiak arazo estrukturalak bilakatu dira eta Macronek argi utzi zuen “oparotasunaren amaiera” datorrela kontinente zaharrera, non jendeak “sakrifizioak” egin beharko dituen. Gogoratu behar da Europan badaudela herrialdeak non BPG pandemia aurreko maila ez den berreskuratu, hala nola Alemania, Txekiar Errepublika edo espainiar Estatua. Eta, nahiz eta langabezia murriztu den, prekaritatea jendartearen egunerokotasunean dago: soldata izoztuak, lanaldi partzialak eta behin-behinekotasuna.

Inflazioa arazo estrukturala bilakatu da. Azken datuen arabera, KPIa % 8,9an kokatzen da eta azpiko inflazioa % 6,2an, Honek agerian uzten du enpresek haien kostuak preziotara eramaten ari direla. Orain arte, energia, elektrizitatea, elikagaiak eta garraioa izan dira gehien garestitu diren elementuak. Horregatik ezinbestekoa da errentaren araberako irakurketa egitea. Izan ere, errenta baxuena dutenek horretara bideratzen dute haien diru-sarreren zati handi bat eta horregatik krisi honen kaltetu nagusiak dira. Pobretze-fase nabarmen baten aurrean gaude.

Hau gutxi balitz, Europako Banku Zentralak erabaki du errezeta neoliberalak aurrera eramatea inflazioari aurre egiteko, interes tasak igoz. Modu grafikoagoan, EBZk tiro egin du Europarren oinetan. Neurri horrekin hipoteken zenbatekoak handitzen ari dira, enpresentzat garestiagoa izango da inbertitzea (honek etorkizunean sor dezakeen lan-suntsiketarekin) eta herrialdeek gehiago ordaindu beharko dute haien zorragatik. Tira, behintzat gutxi bankuentzat ez da berri txarra. Interes tipoen igoerek haien mozkinak handitzeko balio izango du.

Eta ez bankuentzat bakarrik. Ibex-35eko enpresek mozkinen errekorra lortu zuten 2021an eta aurten baliteke langa hori gainditzea. Lehen sei-hilabeteko datuek hori esaten dute. Eta mozkinek gutxi batzuen aberastasuna handitzen dute; dibidenduen ordainketa soldatak baino 30 aldiz gehiago igo da eta IBEXeko kontseilari batek bere langileak baino 60 aldiz gehiago irabazten du.

Hasieran aipatu bezala, etorkizuna iluna da. aurreikuspen ekonomikoak gero eta okerragoak dira, eta 2023an Alemania atzeraldian eroriko dela ere esaten da. Hego Euskal Herrian hazkundea erdira murriztu da ere aurreko hilabeteekin alderatuta. Arriskua handia da, hazkunde txikiak edo atzeraldi ekonomikoak lanen suntsipena ekar dezakelako. Joango gara ikusten ikasturtean zehar. Barkatu ezkortasuna.

Ikasturtea ezkortasunez hasten

ELA sindikatua