Ikasgelak hutsik, plazak beteta #KatU1 [Bideoa+arg]

Ikasgelak hutsik, plazak beteta –

Egun luzea izan zen atzokoa. Gaztelania hiztun gisa paradoxikoa iruditzen zait katalanez grebari “vaga” deitzea, horrelako egunetan alperkeria astindu behar izaten baita. Egin dezagun paseo azkar bat Tarragonatik Bartzelonara, ikasle grebatik CUPen kanpaina amaierako ekitaldira.

Tarragonan ikasle eragile guztiek deitu zuten grebara, eta Tarraconensiz zaharrera hurbildu ziren inguruko hiri eta herrietako gazteak, institutu zein unibertsitatekoak. PSC-ek eta PP-ek agintzen dute Tarragonan Unió-ri esker, eta jakinarazi digutenez, ez da historikoki eremu independentistena izan, inondik inora; baina unibertsitateko zenbait maisuk kontatu zigutenaren arabera, inoiz ikusitako ikasle manifestazio handienaren lekukoak izan ginen atzo. Sekretak ere aspertu arte ikusi daitezke. Izan ere, polizia barkuetako bat, bederen, Tarragonako portuan dago.

Manifestazio giro itzelean joan zen, jendea dena emanda zegoen, oihuka, jauzika, barrezka, eta herritarrek balkoitik berotasuna itzultzen zieten.

Bazkaltzera joan eta turista tontoarena egin nuen: ez eskatu calçotsik asteburuan, neguan eta udaberri hasieran jaten baitira. Bazkal ondoren Bartzelonara abiatu ginen, eta adiskide katalana mozkortu samar zegoenez, nik gidatu nuen. Aizue, hirietara garraio publikoan joaten den goierritar batentzako abentura itzela da Bartzelonan gidatzea. Onik iritsi ginen.

Dena prest zegoen Bartzelonako Poble Nou auzoan CUPen amaierako ekitaldia hasi zedin (gaur alderdi guztiek egingo dute elkarrekin). Jendeak bor-bor hitz egiten zuen, bakoitza bere azken egunetako abenturak eta pasadizoak kontatzen, edo analisi politikoa, edo iritzia, edo susmoak… Ez da harritzekoa. Azkeneko egunotan aspaldian ikusi ez diren irudiak ikusi dituzte: CIU-koa zen jende aski heldua arratsalde erdian margoketak egiten bere herrian, ERC-ko edo PDeCAT-eko jendea CUPen kartelak jartzen, eta alderantziz… CUPen enkartelada batean parte hartu zuen gazte batek kontatu zigun berak ezezkoa bozkatuko duela igandean: “eta orduan, zer egiten duzu baiezkoa eskatzen duten kartelak jartzen?”. “Oso gaizki iruditzen zait erreferenduma ez baimentzea, eta hau da, oraingoz, protesta egiteko daukadan kanala”. Bestalde, igandean jaioko den hedabide baten promoa banatu zuten antolatzaileek: Jornada. Katalan hutsez, Kataluniak oraintxe dauzkan erronkei begira izango den hedabide herritarra.

Ekitaldiak denetik izan zuen: lehenik, Eskoziako independentista batek hartu zuen hitza, eta jarraian oroimen historikoaren alde lan egiten duen militante batek. Musikariek eta hainbeste arrakasta lortu duten CUPen bideoek tartekatzen ziren elkar, ordu eta erdiko ekitaldia aski arina bilakatuz. Musikari horietako batzuk izan ziren Feliu Ventura kantautore bikaina, edota Chavi Sarria, Obrint Paseko abeslaria. Fermin Muguruza berak ere parte hartu zuen Kortaturen bi abesti kantatuz, eta eserita zegoen jendea zutik jarri zuen.

Amaierako hitzartze politikoak izan ziren indartsuenak: lehenik Montse Venturos, Bergako alkatea; jarraian David Fernandez, eta bukatzeko, Anna Gabriel. Mezua oso garbi: oraingoan ez dira pasako, ezin diogu geure buruari hutsik egin, igandean baiezkoa bozkatzera, urriaren 3an greba orokorra, eta errefenduma irabaziz gero (eta irabaziko dute) urriaren 4ean independentzia aldarrikapena. Zirt eta zart.

Euskaldun batzuon artean aritu ginen esaten han beti militatu izan dela konpromisoz, engaiamenduz, egin behar dena delako, baina ez han nabaritzen zen ilusioarekin. Irabazi dezakeela pentsatzen duenaren ilusio deskribaezin hori. Gaur jakin dugu aire espazio ixtea agindu duela estatuak, agerikoa den bezala, herritar ilara amaiezinen irudirik ez izateko igandean.

Feliu Venturak esan zuen herria orain tandem baten modukoa dela, eta ez amore emateko, denak pedalkadak emateari utziz gero guztia pikutara doala guztia, orain dela unea indarra egiteko; eta niri plaza txirrindulari bikainez mukuru zela iruditu zitzaidan.

Ikasgelak hutsik, plazak beteta

Ikasgelak hutsik, plazak beteta

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.