I killed the bank

Ez, ez da nirea meritua, eta ez da kontu berria. Bankuak gora eta behera bolo-bolo dabiltza askoren ahotan, diru publikoz erreskatatuak izan direla, eta erreparorik ez, ordea, pertsonak eta familiak etxeetatik ostikatzeko. Zaharrak berri? Hizpidea (edo aitzakia) jarri dit behintzat, duela 200 urte, artean, askok ez zuten onartzen Banku zentralaren izaera eta jarrera. Gudu epiko baten elementu guztiak ditu, beste garai batzuk ziren, baina susmoa dut garai horiek ez zirela hor bukatu?

Andrew Jackson Estatu Batuetako 6. presidenteak egin zuen izenburuko hori, zer eta… Bankua killtzea, noiz eta 1836an. Garai hartan, AEBetako presidenteek bazuten zeresana… Egungo 20ko AEB dolarretan agertzen den pertsonaia ospetsu eta eztabaidagarria da Jackson presidentea. Atzera begiratuan, ordea, 20ko dolarraren erdiko begitik nola atera borrokatzen ibiliko zen: Jacksonek ez zuen (Bankuaren) dolarra maite, ezta Bankuaren dolarrak bera ere.Jackson buru askoko herensuge-Bankuaren kontra borrokan, presidente Nicholas Biddle duela

Ez ditut nik Jacksonek amerindiarrekin hartutako politikak defendatuko: etnozentrista zen, eta ordu arte inoiz egin gabeko zerbait egin zuen: Ipar Amerikako jatorrizko biztanleak beren lurraldeetatik kanporatzea. Nork atera bitza bere konklusioak: noiz gertatu zen hori? Jackson Banku zentralarekin gerra bete-betean zela (1833). Jackson ingelesen kontrako heroi militarra izan zen (Laffite anaia segur aski lapurtar kortsarioen laguntzaz, 1815ean), exekutiboa ordu arte Estatu Batuetan inoiz ez bezala sendotu zuen, baina errepublikanoa zen (=demokrata), alegia, sutsuki sinetsita zegoen gobernua herriaren onuran eta bere alde aritu behar zela, Alderdi Federalista ez bezala (=eliteen gobernua).

Nicholas Biddle (Estatu Batuetako Bigarren Bankuko presidentea) ari zen Londresko Ingalaterrako Bankuaren eredua (zorra, interesa) Estatu Batuetan sustraitzeko ahaleginean. AEBetako Banku hori ez zen publikoa, ez zen gobernuarena, pribatua baizik, eta jabe ezkutukoa (akziodunak), salbu eta gobernua (bankuaren funtsen %20 jarri zuen, gehiago ez bada), baina Bankuak dirua igortzeko monopolioa zuen. Estatu Batuen konstituzioaren kontrakoa zen, da, egun ere, haren biloba: Estatu Batuetako Erreserba Federala, banku pribatu bat.

Bada, 1829an, hauteskunde kanpainan, kalean lehiatutako lehenengoan, Jacksonek emaztea galdu zuen, ezusteko heriotza batean. Jacksonek, berriz, ez zuen zalantzarik izan hilketatzat jotzeko. Handik hiru urtera, ondorengoa esan zion bere presidenteorde Martin Van Bureni: “Bankua ni hiltzeko ahaleginean dabil, baina neronek hilko dut Bankua” (1832ko uztaila). Estatu Batuetako Kongresuak, ordea, Bankuaren eraginpean (eskupekoen pean) baitzen, ez zion Banku zentralari (pribatuari) amaiera eman nahi.

Zer egin, orduan? Jacksonek, hil ala biziko lehian, hauteskundeak irabazi zituen 1832ko abenduan, eta gobernua bere funtsak Bankutik ateratzeari ekin zion hainbatetan oposizio porrokatua aurkitu ondoren (1833ko azaroa). Ondorengoak dira Filadelfiako banku-gizonekin egindako bilerako aktan gordetako Jacksonen hitzak (1834ko otsaila):Jackson Estatu Batuetako Bigarren Bankua suntsitzen, eta AEBetako Konstituzioaren printzipioak erakusten

(…) Bankuaren funtsak herrialdearen janari-kontuekin espekulatzeko erabili dituzue. Irabazi duzuenean, etekinak zuen artean banatu dituzue eta, galtzean, bankuari kargatu. Esan didazue bankuko gordailuak atera eta [Bankuaren] baimenaldia bertan behera uzten badut, hamar mila familia hondamendira eramango ditudala. Jaunok, egia izango da, baina hori zuen bekatua da!

Aldiz, jarraitzen uzten baldin badizuet, berrogeita hamar mila familia hondatuko dituzue, eta hori nire bekatua izango da! Sugegorrien zulo bat zarete, zuek erauzteko asmo irmoa daukat eta, Alajainkoa, erauziko zaituztet!

1835eko urtarrilean, Jacksonek gobernuaren zor publikoa kitatzea lortu zuen (AEBetako gobernu batek harrezkero inoiz ez lortutakoa) eta, hiru aste geroago, Richard Lawrence delako ingeles bat Jackson bi tiroz hiltzen saiatu zen. Jacksonen kontrako bigarren hilketa saioa izan zen hori, baina oraingoan ere onik atera zen (Kennedyk eta beste batzuek ez zuten zorte berdina izan!). 1836an, Banku zentralarenak egin zuen, azkenean Kongresuak horren alde bozkatuta. Andrew Jackson zaharra zela, bere bizitzako balentria handiena zein izan zen galdetuta, honela erantzun zuen: “BANKUA HILTZEA!”, I KILLED THE BANK!*

*Info gehiago euskal wikipedian

Andrew Jackson AEBetako presidentearen hilketa saiakera (1835)

Itzultzailea, hizkuntza-irakaslea eta eleaniztuna, historiazalea, WPko beteranoa, bizi(kleta)duna, besteak beste.