Hugo Chavez sendatuta, jainkoari esker?

Hugo Chavez
Hugo Chavez

Venezuelako presidentea eta XXI. mendeko sozialismoaren erreferentea Kubatik itzuli berri da, tratamendua etxean jasotzeko. “¡Gracias Díos mío!”, esan du Twitter bidez. EHko ezkerretik begira, azken aldian Chavezek jainkoari eginiko etengabeko erreferentziak zailak dira barneratzen.

1999tik babestu dute venezuelarrek Hugo Chavez presidentea (@chavezcandanga), eta presidente izan da ordutik, 2002ko estatu kolpea tarteko. Orain, aldiz, eraso handiena ez datorkio kanpotik, bere barnetik baizik. Osasunez makal dabil, minbizitik eta haren aurkako tratamenduetatik atera ezinik. Artikulu honek aztergai nahi duenari lotuz, deigarria da Hugo Chavezek jainkoari eskaintzen dion gurtza, zeina nabarmen hazi den gaixotasunak jo duenetik. Medikuentzako bezain besteko hitz onak ditu presidenteak “Jainkoarentzat”.

 

Azken hilabeteetan areagotu dela badirudi ere, ez da gauza berria Hugo Chavez eta kristautasunaren arteko ezkontza: “Sozialismoa kristatua izan behar da, ez marxista-leninista” zion Venezuelako Telebista publikoan, 2011 urtean. Hitzaldi horretan aipatu zuen nola Daniel Ortega Nikaraguako presidenteak kristautasuna besarkatu zuen ateoa izan eta gero. Chavezen arabera, “herri pobrearekin kontaktuan” jarri zelako egin zen kristaua Ortega.

Hego Amerikan, Venezuela barne, kristautasuna oso hedatua dago: %88 da katolikoa. Ezin harritu beraz agintari politikoek fede adierazpenei muzin egiten ez badiote, nahiz eta batzuk “erlijioa herriaren opioa da” zioen marxismotik ikasiak izan. Hedabide batzuk zabaldu dutenez, bi arrazoi daude Chavezen erlijio bilakaeraren edo kristautzearen atzean: herri xehearen sinismenetara hurbildu nahia eta osasun egoerari aurre egiteko beharrezko babes izpirituala.

Zenbateraino uztartu daitekeen XXI. mendeko sozialismoa eta kristautasuna, hortxe galdera; mamitsua gaia. Hasteko, ezin dira aipatu gabe utzi kristautasuna teorizatzeko eta praktikan jartzeko dauden modu arras ezberdinak. Presidente bolibartarrak askapenaren teologiatik edan du, ez Vatikanoko dotrinatik. Chavez berak gogor kritikatu du elizaren hierarkia, kritikatu duen bezala Benekdito XVI. ere; “haitzulotar” deitu zion. Venezuelako eliza katolikoarekin ere harreman tirabiratsuak izan ditu, infernura joango zirela ere esan zien Chavezek, aberatsen alde egiteagatik.

Fidel Castro Kubako buruzagi historikoak, nahiz eta sinisduna ez izan, hala zion bera kristatua ote zen galdetuta: “Herritarrek kristau deitzen banaute, ez ikuspuntu erlijiosotik baizik eta gizarte ikuspegitik, nik neure burua kristau izendatzen dut”. (Cien Horas con Fidel, Ignacio Ramonet)

Sozialismoaren eta kristautasunaren adar baten (jatorrizko enborraren?) arteko lotura existitzen da. Baina, ez ote du kirrinka egiten, zentzu batean aberasgarri izanagatik, XXI. mendeko sozialismoaren garapen ideologikoan? Zeru eta lurraren sortzaile den Jainkoaren existentzian sinistea a priori atzerakoia begitantzen zait, horrek dakarren fede itsu eta galga zientifikoa kontuan hartuta.

Ikusi alderaketa: Espainiako gizarte ateoak iseka egiten dio Mariano Raxoi presidenteari jainkoari erreferentzia egiten dion bakoitzean. Halere, ziur asko Hugo Chavezek gehiago darabil jainkoa edo kristo bere diskurtsoetan. Lehen aipatu bezala, hitza berbera izanagatik, bataren eta bestearen atzean konnotazio ezberdinak daude, erabat kontrakoak ez esatearren. Baina, funtsean, jainkoaren izena gora eta behera ibiltzea ahultasun politikoaren ikur dakusa hemengo ezkerrak, “lege natural” injustuari eusteko berme gisa, edozein herriren askapenerako akuilu baino. Horregatik Chavez Jesukristori buruz pulpitutik ia negar zotinka hizketan ikusteak ez du inondik inora begikotasunik sortzen itsasoz bestaldeko lur hauetan.

chavez kristaua

Hori alde batetik. Baina, bestetik, Hego Amerikako kasuari mugaturik, harrigarriagoa da Chavezek ez sartzea erlijio katolikoa gupida gabe kritikatzen dituen mendebaldeko kolonialismoaren  elementuen zakuan. XV-XVI. mendean Espainiako Inperioak, bertako sinismenak suntsituz inposatutako erlijioa bere egiteak ez ote duen neurri gabeko talka eragiten. Ez ote den Eduardo Galeanok Las venas abiertas de América Latina liburuan azaldutako harrapaketa kolonialaren zutoina izan gizonezko Jainko ahalguztidun (zuriaren) gurtza izan. Jesukristoren istorioa ez zen Amerikara heldu itsasontzi europarrek lurra jo zuten arte. Garai hartan ez zuen Hego Amerikak behar Erromako elizgizonen salbaziorik, orain agian behar ez duen bezala haren oinordekoak diren erlijio monoteistarik.

Herriak, gizarteak, diren bezalakoak dira, onerako zein txarrerako, haien kontraesan eta inertziekin, bertute eta ahulguneekin. Ez da gizarte idealik, halakorik sortzeko gai den jainkorik ez den heinean. Kristautasuna eta sozialismoaren arteko uztardurari buruz gehiago eta taxuz esaterik izango dute gaian adituak direnek, ikuspegi zabalago batetik. Nere aldetik, nahigo nuke Chavez onik aterako balitz kinka larritik. Hala izatekotan, medikuei esker izango da.

erlijioa, Hugo Chavez, Venezuela
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu “Hugo Chavez sendatuta, jainkoari esker?”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2013-02-18 23:26

    Bestalde:

    Capriles Radonskik ere Jainkoaren eta Amabirjinaren faborea duela aldarrikatu izan du. Venezuelako banderaren koloreekin egindako txandala ere erabiltzen du, Chavezek bezala… Badirudi han ezkerrekoen nahiz eskuinekoen kontua dela.

  • “Espainiako gizarte ateoak” esatea agian gehiegi esatea da. Eliza katolikoak parrokiano gutxiago izango du, baina gure artean, baita Euskal Herrian ere, zabaldu den mistizismo orientala eta beste motako sinesmenak ez dira gutxi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude