Hondarraren azpian

Hondarraren azpian –

Nerea Ibarzabalek Bizkaiko Hitzan.

Norvegiako irla batean ezagutzen dugun denboraren kontzeptua deuseztatzea proposatu dute, hiru hilabete irauten duten gauek eta egunek bestelako antolaketa bat eskatzen dutela irudituta. Bakea transmititzen du imajinatze hutsak, ezta? Zerbait askatzea da denbora desagerraraztea, pisu bat kentzea. Etorkizuna suntsitzea, bizitza oraintzea. Eta iragana? Iragana ere desaktibatuko luke erlojuak itzaltzeak? Erlojurik gabe, egutegirik ere ez litzatekeelako egongo, eta hortaz urterik ere ez, urteurrenik ere ez, data ahaztezinik ere ez.

Nahi nuke nik ere penintsula honetako denbora suntsitu, gau eta egun orekatuak ditugun arren Sommaroy irlarekin konparatuta. Horrela ez nukeelako izango etengabe iraganetik urruntzen ari garen sentsazio hau, une oro aspaldiko hariei eutsi behar hau, gal ez daitezen segundoen hondar artean. 83 urte igaro dira Gerra Zibila hasi zenetik, lekuko zuzenik apenas geratuko den hogei urte barru. Itolarria eragiten du dena garaiz bildu ezinak, denboraren aurkako gerra honek, batez ere orduko altxamenduaren oinarrian zeuden ideiak hain bizirik eta hain demokrazian onartuta dauden honetan. Hondarra hondarraren gainera, eta dena iruditzen zaigu normala.

Hondarraren azpianDuela gutxi zabaldu dira Palentziako aitona baten irudiak, bere umetako txintxirrina berreskuratu berri. Bere amak zeraman txintxirrin hura fusilatu zuten egunean, eta orain arte egon da lurperatuta, dagoeneko haur-parke bilakatutako antzinako kanposantuan. Hondarra hondarraren gainera, baina iraganak han iraun du, norbait lurrean aztarka noiz hasiko zain.

Jendeak iruzkinak utzi ditu albistearen azpian, tartean etorkizun-zaleek ere bai, faxista haien ondorengoek. Zelan asaldatzen diren ikusi besterik ez dago ordukoak aipatzean. “Utzi zauriak lasai; utzi kunetak lasai; utzi aitona-amonei lasai hiltzen; ordukoa beste egoera bat zen; bi bandoek sufritu zuten; euskararekiko hartutako neurriek ez zuten gaur egungo egoeran eragin; 78an dena konpondu zen”. Eta gerra hau ere ez al dute irabaziko, ahanztura kolektiboaren programatzaile bihurtu direnek ia…

Arduraz erantzun behar diogu honi, jakinda erraztasun gutxi etorriko direla goitik. Geratuko dira inork oroitzen ez dituen zabaldu gabeko hobiak, senideen gorpurik aurkitu gabe hilko diren aitona-amona asko, erreparazioa auskalo zein belaunaldik jasoko duen eta zelan. Baina denboraren hondarraren azpiko txintxirrin hotsa mantendu daiteke testigantzak bilatuz eta bilduz, geroko estatu frankistaren zapalkuntza mekanismoak biluztuz, honi buruz hitz eginez eta gazteei pentsaraziz. Hemen ere behar da denboraren bestelako kudeaketa bat ahanzturan eta inpunitatean oinarritzen ez dena. Hemen ere izan dira urteak iraun duten gauak.

Hondarraren azpian
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude