Hetero Harrotasuna ala homofobia?

Hetero Harrotasuna ala homofobia? –

Sao Paulon (Brasil) Hetero Harrotasun eguna ospatuko dute aurrerantzean, abenduko hirugarren igandean. Kristau Ebangelikoen Kontseiluak eta Gayen Eskubideen Aurkako elkarteek proposatuta onartu zen udalean jai egun berria. Hautsak harrotu ditu Hetero Harrotasunaren izendatzeak eta probokaziotzat jo dute homosexualen elkarteek.

  • Oso logikoa da, guk, heterosexualok, historian zehar errepresioa eta aurreiritziak sufritu behar izan ditugun horiek, egun bat behar izatea gure posizioa berrindartzeko.

Ironiak bete du Twitter sare soziala Sao Paulon Heterosexualen Harrotasunaren eguna ospatuko dela jakin eta berehala.

Tulio Vianna irakasleak hala laburbildu zuen bere iritzia gaiari buruz.

  • Homosexualek “gay jai eguna” ospatzen dutenean haien joera sexualarentzako errespetua eskatzen dute. Heterosexualek “jai eguna” ospatzen dutenean, joera sexual ezberdinenganako intolerantzia erakusten dute

Lola Aranovich feministak galdetzen du:

  • Pentsa pertsona heterosexual batek dituen pribilegioetaz. Noiz sentitu zinen lotsatuta heterosexuala izatearren? Noiz izan zinez azkenekoz diskriminatua heterosexuala izatearren? Hetero eguna ospatzea da “normal” jaio izatearen poza ospatzea. Inork ez zaitu logelatik botako, inork ez zaitu joko edo hilko, inork ez zaitu transformatu nahi, inork ez zaitu kalera botako heterosexual izatearren, inork ez zaitu pekataritzat joko“.

Ironiaz ere beste “harrotasun egunak” proposatu ditu Rosangela Bassok:

  • “Zurien harrotasun eguna, elbarritasunik gabekoen eguna, aberatsen harrotasun eguna”.

Argi dago mezua: Jai eguna behar du zapaldua dagoenak, aurkakoa inondik inora behar ez den “normaltasunaren” apologia da.

Hetero Harroen arrazoiak

Carlos Apolinario Alderdi Demokrateko kideak proposatu zuen Heteroen Harrotasun eguna: “Ez da gayen aurkako neurria, baina berdintasunean bagaude guk ere jaia nahi dugu”. Hurrengo esaldian laburbiltzen da ospakizun berriaren jaustifikazioa:

  • Ez dut gayekin elkarbizitzeko arazorik beraien portaera normala den bitartean“.

Antza, homosexualek haien maitasunaz eta sexuaz publikoan egiten duten erakustaldia da Apolinariori gustatzen ez zaiona. Muxuak tabernetan, besarkadak parkean, eskutik helduta kalean. Bere hitzen arabera, esparru intimora mugatu behar dira jarrera batzuk. Pribilegioa omen dute alor honetan homosexualek.

 Brasil, kontrastez betea

  • Herrialde katolikoetan katolikoena da Brasil. Hala ere, Rio Janeiro eta Sao Paulo bezalako hiri handietan homosexualen mugimendu itzela dago.
  •  Gay Harrotasun egunak 3.000.000 pertsona biltzen ditu urtero Sao Paulon.
  •  Brasilgo homofobiaren aurkako erakundeek Brasil munduko herrialdeko homofobikoena dela diote, gainera inoiz baino hilketa homofobiko gehiago salatu dituzte azkeen urteetan, 2010 urtean 260 heriotza.
  • Homosexualen arteko batasun zibilak legezkoak dira.

Hetero Harrotasuna ala homofobia?

Informazio iturri nagusia: GoblalvoicesonlineHetero Harrotasuna ala homofobia?

Zer duzu buruan “Hetero Harrotasuna ala homofobia?”-ri buruz

  • Baina nahikoa da, aski da, hetero guztiak zoroetxera! Horrelako erakustaldi lizunek frogatzen digute, beste behin ere, zer nolako arazo soziala dugun jendilaje honekin, guk normalok, (oinezko hiritarrok). Txerrikeriak alor pribatuan egitearekin konforme ez, eta publikoki jasan beharko dugu orain euren “harrotasuna”? Eta zer izango da hurrena? Naturaren kontrako heterozikinkeri hori NORMALTZAT har dezagun…?! Euren lanpostuetan, eskoletan, aisialdi-guneetan, familietan, TOLERATU ditzagun, ezta? Eskutik helduak ibili nahiko dute parkeetatik, kaleetatik, hondartzetatik, gure umeen aurrean? Ez dugu ezer egingo? Zeren zain gaude?? Itxaron ezazue, ez dezatela gure botere publikoek ezer egin, eta harrotuz joango dira; eurentzat ESKUBIDEAK aldarrikatzen hasiko dira. Gure umeak (GUREAK!) adoptatu ditzaketela otutzen zaienean zer? Orduan damutuko zaigu halako otzantasunaz onartu izana espektakulu iraingarriok. Heteroak armairura!!! (Eta EZ NAIZ HETEROFOBOA. Normala naiz eta kito.)