Hegoafrika, FIFA eta mundialaren aztarnaz

Mjg0NQ==

6.000 milioi euro xahutu ditu Hegoafrikak mundialerako prestaketetan. Lekuz kanpoko gastua dela salatu dute askok, eta dirua premiazko beharretan inbertitu zitekeela deritzote: osasuna, hezkuntza eta muturreko pobrezia pairatzen duen herrialdearen %40an, hasteko.

Telecinco-k erakutsi ez duen arren, auzia pil-pilean dago Hegoafrikan, zalantzan jarri baita garapen bidean dagoen herrialde bati anfitrioi europarren azpiegitura berak eskatzeko beharra. Mundiala Hegoafrikak berez bazituen zelaietan inolako arazorik gabe ospatu zitekeela salatzen du Craig Tannerrek “Farenheit 2010” dokumentalean. 40 Hegoafrikarrekin aritu zen Tanner bere pelikula akitu aurretik eta mundialaren inguruan zituzten esperantza eta zalantzez galdetu zien. “Jendea proiektuarekin ilusionaturik zegoen arren, hark zekarren kostuak kezka eragiten ziela ohartu nintzen”, kontatzen du Tannerrek filmean.

FIFAren menpe

FIFAk jarritako baldintzek nabarmen hazi dute Hegoafrikaren faktura. Besteak beste, Ciudad del Caboko Green Point estadioa lekuz aldatzeko berreraikuntzak ia 60 milioi euroko gastua eragin zuen. Erakundeak bere informeetan adierazi zuenez, hiriak berez zuen estadioa auzo marjinaletatik gertuegi zegoen eta munduko mila milioi ikusleok ez gaude halako pobrezia ikusteko prest. Esfortzu itzela hartzen da nazioarteko kirol txapelketetan munduko kamerei pobrezia ezkutatzen; duela pare bat urteko Pekineko Joko Olinpikoak datozkit burura.

Baina FIFAk soka estutzen jarraitu zuen, erakundea eta enpresa kideentzat zerga murrizketak eskaintzea inposatuz. Hala, apirila aurretik, Hegoafrikak 10 milioi euro galdu zituen mundialarekin zerikusia duten ondasunetan zergak kentzearen ondorioz. Gainera, jet pribatu, auto, gidari, hegazkin txartel eta hoteletako zerbitzuak FIFAri lagatu behar izan zizkion. 

Mundialaren osteko Hego Afrika

Ze aztarna utziko dio txapelketak munduan ezberdintasun sozio-ekonomiko larriena duen herriari? Patrick Bond irakasleak argi azaltzen duenez, mundialak Hegoafrika mundu globalizatuan murgiltzea sustatuko du; aberatsei onura eta txiroei kaltea besterik eragiten ez dien sisteman, alegia. Honez gain, herrialdearen zorra eutsiezina bilakatzeko arriskua dago; mundialaren aurretik, 60.000 milioi euroko kanpo zorra baitzuen Hegoafrikak. 

Futbolaren festak eztanda egingo du ilunabarreko finalean, eta gau osoan iraungo du. Baina, bihar goizetik aurrera, frustrazioak biolentzia xenofoboa haztea eragingo duen beldur ageri da Witts-eko unibertsitateko errektoreorde Yunnus Ballim Farenheit 2010-en.

Irudia | futbola | AFP | Creative Commons By SA

kazetaria-edo