Hauteskunde lehiak: Venezuela, Galizia, AEB eta Katalunia

Udazkeneko lau hauteskunde lehia: Venezuela, Galizia, AEB eta Katalunia

EAEn ez ezik, munduko hamaika txokotan egingo dituzte hauteskundeak udazkeneko datozen asteetan: Lituania, Txekiar Errepublika, Eslovenia, Montenegro, Ukraina, Palau, Hego Korea, Errumania, Kosovo… Hauetako hauteskunde batzuk hemengo hedabideetako zutabe-erdiak besterik ez dituzte beteko, beste batzuek, aldiz, asteetako analisi eta erreportaje jarioak ekarriko dituzte.

Udazkeneko lau hauteskunde lehia: Venezuela, Galizia, AEB eta Katalunia

Euskal Herrian oihartzun zabalena izango duten lau hauteskunde prozesu aukeratu ditugu azaletik bada ere azterketzeko. Goazen banan-banan azaltzera, Venezuela, Galizia, Ameriketako Estatu Batuak eta Katalunian egingo diren hauteskundeen egoerak, iragarpenak eta balizko ondorioak.

Urriaren 7an, Venezuelan
Venezuelako Errepublika Bolibartarreko presidente Hugo Chavezek azken 14 urteetan bizi izan duen hauteskunde erronka handiena du parez pare. PSUVek hezurmamitzen duen Gran Polo Patriotico koalizioak Henrique Capriles “el Delgado” presidentegaiaren Mesa de Unidad Democratica du aurrean.

Batak zein besteak beraien orbita politikoko alderdiak eta gizarte mugimenduak batu dituzte urriaren 7ko hauteskunde erabakiorretarako. Chavezen oposizioko indarrak lan eskerga egin du presidentea kargutik kentzeko adinako multzoa eta diskurtsoa sortzeko. Ondorioz, inkesta batzuk alde ditu; garaile jotzen dute Capriles. Aldiz, 10 puntuko aldea ere ematen diote Chavezen GPPri beste batzuk. Tarte estuagatik erabakiko da garailea.

Venezuela XXI. mendeko sozialismo deitu dioten mugimenduaren motorra da. AEBren hegemoniari aurre egin diezaiokeen blokea egituratzen joan da Venezuela, estatubatuarren arerio estrategiko diren estatuekin harremanak estutzen, Iran kasu. Latinoamerikako gobernu ezkertiarren babesa du Chavezek, Correaren Ekuadortik, Fernandezen Argentinara, Castroren Kuba ahaztu gabe. Aliantza sozialistak botere kapitalistetan eragin duen zirikaduraren erakuslea izan zen 2002ko estatu kolpea. Militarrek egin eta AEBk hauspotutako kolpearen ondorioz, Chavez bera bahitu egin zuten.

Hauteskundeetarako egun gutxi falta direnean, Venezuela material sukoia da. Biolentzia erabiltzea egotzi diote Chavistek Caprilesen aldekoei, eta alderantziz. Europako hedabideetan sona izan du oposizioko kideen tiroketak, antza Chavezen aldekoek eginak. Bestetik, lider bolibartarrak iragarri du Mesa de Unidad Democraticak hauteskundeak galtzekotan iruzurtzat joko dituela bozak eta hori armak erabiltzeko aitzakiatzat erabiliko dutela. Emaitzek Chavez babesten badute laugarren legealdiaren jardunari eutsiko diote sozialistek, iraultza bolibartarra egonkortuz, besteak beste, erregai fosilen estatu monopolioari eutsiz. Kontrakoa gertatuz gero, kontra-erreforma garaia heldu daiteke Venezuelara. Horrekin bat, AEB eta mendebaldeko interes ekonomikoen esku sartzea eta latinoamerikako sozialisten sinboloaren botere galera letorke.

Urriaren 21ean, Galizian
Espainiako estatuan, Galiziako nazioak hauteskunde eguna izango du urriaren 21ekoa. Alberto Ñuñez Feijoo Xuntako presidenteak bozak aurreratzea erabaki zuen Patxi Lopez lehendakariak hori bera egin ostean. “Estatuaren eta Galiziaren egonkortasuna” argudiatu zuen bozak aurreratzeko. Baina, egiari zor, Patxi Vazquez azken unean hautagai izendatu duen PSGren barne egoera ahula probestu nahi zuen, eta, aldi berean, Espainiako ekonomiaren gainbehera etengabeari aurrea hartu. Galiziako PPk gehiengo absolutua dauka helburu, garaipena ez baitago zalantzan. Galizia autonomia erkidegoa denetik, alderdi kontserbadoreak irabazi du, Manuel Fraga buru. Alta, salbuespen gisa, 2005etik 2009 urtera PSG eta BNGren arteko koalizioak izan zuen aginte makila, Emilio Perez Touriño sozialistak hain zuzen ere. Arriskua ekidin nahi dute Galiziako popularrek. Gehiengo absolutuarekin datozen lau urteetarako egonkortasuna eta malgutasuna bermatzea dute helburu. Herritarrek erabakiko dute Mariano Raxoi Espainiako presidentearen errezeta ekonomikoei leial mantendu ala balizko kontrabotere sozialista bati aukera eman.

Inkesten arabera, 2009an lortutako gehiengo absolutuaren 38 eserlekuak aise eskuratuko ditu bigarren aldiz Feijook. Anartean, BNGko nazionalisten buru Francisco Jorquerak barne zatiketei egin beharko die aurre. EU-ANOVA eta Alternativa Galega Esquerda koalizioak ordezkaria erdiesteko lanean ari dira. Biak ezkertiar eta nazionalistez osatutako alderdiak dira, eszisioen eta hauteskundeentzako ad hoc  itunen ondorio. PSG, BNG eta alderdi txikiek koalizio gobernua osatzeko aukera izan dezaten, PPk bi astean hanka sartu beharko du, hautesleak abstentziora edo sozialistengana joatea baitu mehatxu.

Aipatzekoa da aurrekanpaina makala: Galizian ustelkeria kasuek estali dute marketing politikoa, Ourenseko alkatearen dimisio eta guzti. La Voz de Galicia egunkarian gainbegiratu bat ematea nahikoa da agenda mediatikoaz jabetzeko; alderdi gehienetako politikariak daude saltsan.

Azaroaren 6an, Ameriketako Estatu Batuetan
Barack Obama eta Mitt Romney. AEBtako show politiko gorenaren izarren izenak dira. Astoak eta elefanteak, demokratak eta errepublikarrak, nor baino nor Ameriketako Estatu Batuen inperioko presidente nor izan. Horrez gain, Europan gutxitan aipatzen diren baina bereziko garrantzisua duten ordezkarien ganbera eta senatuko eserlekuen herena berriztatuko dituzte. Barack Obama presidenteak 2009 urtean itxaropena eta “Yes we can” leloa kanpainako funtsezko akuilu izan bazituen, aurten zapuztutako ametsak berreskuratzen lanak izango ditu. Horregatik, John McCain errepublikarraren aldean, gogorra izango zaie demokratei Mitt Romney garaitzea.

Betiko moduan, “estatu kulunkari” izendatuak izango dira emaitzen gakoa. Izan ere, AEBtako estatu gehientsuenak aldagaitzak dira: errepublikarren edo demokraten gotorlekuak (boto bat gehiago duenak irabazten du estatu osoa). Hamahiru estatu dira kanpainaren gudu eremuak. Historian zehar erabakigarriena: Ohio industriala (18 boto). Orain arteko inkestek Barack Obama beste lau urtez Etxe Zurian izango dela aurreikusi dute, baina aldea estua da. Gutxiengo afroamerikar eta latinoen (gehiengo izango dira laster) leialtasuna du demokratak, baita ekologistena, homosexualena… Aldiz, dirudun, kontserbadoreen eta Fox News bezalako hedabideen laguntza du Romneyk. Apalduta dabilen ekonomiak eta langabeziak larritzen duen klase ertain zuria persuaditzea nahi dute bi alderdiek azken txanpan.

Eta zertan eragingo du 2016 arte Etxe Zurian Romneyk edo Obamak lo egin? Ezin da aldaketa politiko ikusgarririk espero, sistema inperialista eta kapitalistaren parte diren bitartean. Halere, begi bistakoa da Barack Obamaren diskurtsoa eta bere aurretiko George W. Bushen artekoaren aldea. Kontrara, argudiatu daiteke Obamak Israelen alde diharduela, Osama Bin Laden erahil zuela, herrialde arabiarretan bere interesen arabera jokatu duela, Kubaren blokeoari eutsi diola… Baina egia da eskala zabaleko gerrarik ez duela abiatu. Obamak ez du bakea ziurtatzen, aldiz, Romney, gerraren bermea da.

Azaroaren 25ean, Katalunian
2012ko irailaren 11 mugarria izan da, kontzientzia kolektiboan xakitutako eguna. Milioitik gora kataluniarrek independentzia eskatu zuten Diada egunean. Ordutik hilabete igaro ez denean, independentzia hitza atzerriko enbaxadetan, Raxoiren karpetan, Espainiako estatuko hedabideetan eta, batik bat, kataluniar printzerriko 7 milioi biztanleetan dabil bolo bolo. Artus Mas CiUko presidenteak herriaren hitza bere egin eta Espainiari nahikoa dela esan dio. Abilezia erakutsi du Masek hauteskundeak aurreratzen. Legealdi hasieratik aplikatu dituen mozketa itzelak eta protestak bigarren mailan utzi eta Espainiarekiko kateak mozteko aldarriarekin hautesleak erakarri baititu bere ingurura.

Autodeterminazio eskubidea egikaritzeko konpromisoarekin egingo diote CiU, ERC eta ICVk aurre datozen lau urteei. Hauteskundeek hein handi batean autodeterminazio edo “trantsizio nazionala” burutzeko nahia gizartean badagoen ala ez erakutsiko dute. Hala balitz, atzera urratsik gabeko bideari ekin diezaioke Kataluniak. Herri mailan egindako galdeketa nazio mailara eramango ote dute? Espainiak trabak jarriko ditu, hori ziurra da, baina independentziaren aldebakarreko aldarrikapenaren eszenatokia ere mahai gainean dago. Bata ala bestea, Espainia kraskatzen hasia da, Europaren begien bistan. Katalunian independentzia azken hamarkadetan lehenbizikoz aukera zilegi bezain egingarri ikusten dute.

Hauteskundeei dagokionean, inkestek nazionalisten igoera apala iragarri dute. Gehiengo osoa -67 parlamentari, gaur 62 ditu- hatz puntekin ukitzen du Masen alderdiak. ERC ezkertiar nazionalistek ere gora egingo dutela dio El Periodico egunkariaren urriaren 1eko inkestak. Bidegurutzean trabatuta gelditu den PSCk eta porrot ekonomikoaren PP unionistak herritarren babesa galduko lukete. Jokoan dagoena ez da gauerdiko ahuntzaren estula. Estatuarekin itunak atzean utzi eta independentziaren bidea kosta ala kosta egitea, autonomiaren erdi bidea bazterretan utzita. Bozen emaitzek utziko dute agerian akordio moderatu eta aldebakarreko indendentziaren sokaren muturretik non kokatuko den Kataluniako Generalitatea.

 Udazkeneko lau hauteskunde lehia: Venezuela, Galizia, AEB eta Katalunia

Zer duzu buruan “Hauteskunde lehiak: Venezuela, Galizia, AEB eta Katalunia”-ri buruz