Hasieran idazkera izan zen

Hasieran idazkera izan zen

Hasieran idazkera izan zen— Irakurleak erotu nahi ez baditugu, blogaren mapa bat egin beharko genuke — diost Bankari anarkistak.

Muturtu naiz. Izan ere, ez dut  batere gogoko nire gauzetan beste bat tartean sartzea.

— Ez ezazu ahantz bloga nirea dela — diotsot garraztasunez.

— Bale! Bale! —  esku ahurrak erakutsiz, bake keinu modura —. Ez nekien hain bertikala zinenik. Zu ere Gerediagakoen boterekerian eroriko al zara? Harritzekoa da, lur-sail txiki bat ematen zaizue eta jauntxo feudalak sentitzen zarete.  Lasaitu, gizona, eta etzan zaitez. Utz ezazu, arren, profeta-jite  bertikal hori. Ez ote zara nekatzen beti tente eta zurrun ibiltzen? Herriak aurpegi gozoagoak ditu gustuko, lagun. Erlaxa zaitez eta alai ezazu zure aurpegia.

Gogoz kontra ere, irribarretxo bat atera zait.

— Gainera, nire eskaera ez da hain burugabea — jarraitzen du doinu erakargarriz.

— Bai, arrazoi osoa duzu.  — erantzuten diot samurtasunez, adiskidetu nahian —. Hori zen, gainera, nire aspaldiko asmoa, baina ez nintzen ausartzen zure asmoak ezagutzen ez nituelako. Gainera, idatzi ahala ideia berriak bururatzen zaizkit eta beldurrak nago mapa hori laster zahartuko ez ote den. Une honetan, halere, nire mapa oso garbi daukat. Hona hemen:

Hasieran idazkera izan zen

Arretaz begiratzen du irudia.

— Bertsolariak ez dira agertzen —  diost.

— Agertuko dira, halere. Bertsolariek Estatutik Komunitatera eramango gaituzte, hain zuzen. Izan ere, haiek baino ez dute bide hori gogoratzen. Bai, nonahi eta noiznahi agertuko dira bertsolariak, blog honen protagonista nagusiak dira eta. Agertu gabe ere, hor egongo dira beti.

– Halere, zure eskema ikusi ondoren, susmo bat  datorkit burura. Zu ere “esentzia galduen” bila, euskarak gordetzen omen duen esentzia miragarri horren bila zabiltza? – sarkasmo doinuz.  Zu ere  nortasun berezia eta garaiezina  emango digun edabe magikoaren bila?

-Inork baino hobeto jakin beharko zenuke ni ez naizela horietakoa, guztiz kontrakoa baizik – diotsot kemenez, behin baino gehiagotan esentzialista horiekin nahastu gaituzte -. Inork baino hobeto jakin beharko zenuke, nire etxean zaude eta, pentsalari horiek ez ditudala gogoko. Halere, gure artean hain zabalduta dauden jarrera horien zergatia aurkitu nahi dut. Zergatik dute hainbeste euskaldunek “esentzia galduak” bilatzeko joera itsu hori? Hori da, hain zuzen, argitu nahi dudan galdera. Arrazoia, nire ustez, hemendik doa: Arrazoizkotasuna – adimenaren erabilera arrazionala – idazkerari loturik dago. Idazkera ukatzen badugu, zein bide geratzen zaigu esentzia galduei buruzko diskurtso ilunzale horiek baino?

– Horregatik bertsolariek ere idazten dakitela azaldu nahi duzu.

-Bai horixe! Primitiboak ere azkarrak edo adimentsuak ez ezik arrazionalak ere badirela azaldu nahi dut. Zergatik? Haiek ere idazten dakitelako. Izan ere, gizon-emakumeen bereizgarria ez da mintzoa – hori ere azken hominidoek bazuten – idazkera baizik. Baina horretarako, hau da soinu-idazkera aurkitzeko, idazkera grafikoa bere lekuan jarri behar da.

– Halere, Udarregiren ganbara irakurriz gero, idazkera grafikoa mesprezatzen duzula susma liteke.

-Ezta gutxiago ere! Nire asmoa – filosofoa naiz eta, beraz, idazkera grafikoaren semea – guztiz kontrakoa da. Nire asmoa idazkera grafikoa berreskuratzea da, baina erlazioa alderantzikatuz; hau da, soinu-idazkeraren zerbitzura jarriz. Hizkera politikoa erabiliz, Estatua komunitatearen (herriaren) zerbitzura jarriz. Baina horretarako soinu-idazkerak idazkera grafikoaz jabetu behar dira (eta herria Estatuz). Zergatik areagotu da bertsolarien indarra? Bertsolariak gero eta kultuagoak direlako; bertsolariak gero eta gehiago idazkera grafikoaz jabetzen ari direlako. Baina aldi berean diot euskaldunon komunitatea berpizteko ahalmen-muina haiengan dagoela eta ez idazleengan edo filosofoengan. Hauek, idazkera grafikoa bezala, laguntzaileak dira. Ezinbesteko laguntzaileak, kasu!

— Urruti joan behar izan duzu bertsolarien misterioa argitzeko, bizitzaren jatorriraino ere! – diost berriro mapari begira.

— Idazkeraren funtzioa argitu nahi izanez gero, haraino joan behar da. Duela bost miloi urte edo nukleoaren eta zitoplasmaren batzeak zerikusi handia du, nire ustez, idazkeraren eta mintzoaren arteko erlazioa argitzeko. Ez naiz erredukzionista, halere. Analogiaren bidez ulertu behar da erlazio hori, hain zuzen. Bizitza, izatea bezala, bat izan arren, era askotara adieraz daiteke. Filosofo baten zeregina analogia horren legea aurkitzea da.

— Eta gero, bigarren puntuan, gizakiaren sorrera…

— Izan ere, argitu behar dugu zein izan zen homo sapiensek jaso zuen ahalmen genetiko berria.

— Litekeena al da hori argitzea? — galdetzen dit mirespenarekin nahasturiko eszeptizismoz.

— Hori da nire asmoa.

— Idazkerarekin zerikusia izango du —  jarraitzen du detektibe doinuz —, zeren eta hirugarren puntu inguruan “soinu-idazkera” arraro hori agertzen da. Hori berria da, ez da hala?

— Hala da. Kokapena, halere, arbitrario samarra da, ikusiko dugunez — diotsot.

— Eta gero hirugarren puntu hori, zuen teoriaren erdigunea dena.

— “Nola sortzen da giza komunitate bat?” izan zen Ibiltariren abiapuntu galdera. Eta…

— Hirugarren puntu horretan, oker ez banago,  dago erantzuna.

— Hala uste dut behintzat.

— Ez dizut galdetuko zer gertatu zen, zure ikerketaren intriga ez zapuzteko. Baina jai batekin zerikusia izan liteke?

—  Bai, jai batekin zerikusi handia du —  erantzuten diot irribarretxo bat saihestu ezinik.

—  Eta agian jai horretan zure gorputza berreskuratzeko itxaropena jarriko duzu.

— Ez nirea bakarrik, guztiona ere bai. Komunitaterik gabe gorputza eta mintzoa ere izozten edo mamu bihurtzen dira.

— Banengoen ba ni – irribarrez -. Eta gero laugarren puntua, Estatuaren agerpena. Eta apur bat lehenago, idazkera grafikoa. Zer iradokitzen duzu idazkera grafikoak gaitzen Pandoraren kutxa ireki zuela?

— Pandoraren kutxa ireki zuena Estatua izan zen, ez idazkera. Idazkera grafikoa eta Estatua ez dira gauza bera. Horregatik leku ezberdinetan kokatu ditut. Baina egia da Estatua idazkera grafikoaren bidez inposatu zela. Are gehiago esango nuke, historian zehar grafikoa dena hierarkia eta boterea ezartzeko erabili dela. Idazkera grafikoarena adibide nabariena litzateke, horri esker Estatua agertu zelako.

— Baina Estatuaren sorrera, teoria materialisten arabera, jauntza eta jabetzaren gose eta grinarekin lotu ohi da.

— Eta halaxe da, baina komunitatea bitan banatzen duten jauntza eta jabetza horiek zilegi bihurtzeko  “eskriturak” ezinbestekoak ziren. Horregatik diot Estatuak- hau da, jauntxoek eta jabeek – idazkera grafikoaren bidez idazkeraren ahalmenaz jabetu zirela bere botere jabetza zilegi bihurtzeko

—  Orduan, Idazkera grafikoa boteredun eta jabeen eskuetan menderatzeko teknologia bihurtu zen?  Hala bada, idazkera grafikoa menderatzeko teknologia da!— harriduraz.

—  Halaxe da, bai. Idazkera grafikoa, berez, teknologia bat da. Oso teknologia ahaltsua idazkeraren ahalmen sortzailea garatu eta profitatzeko balio duelako. Boteredun eta jabeek idazkera grafikoaz jabetuz , idazkeraren lapurtze eta ordezte bat burutu zen. Orduan bai, idazkera grafikoa menderatzeko teknologia bihurtzen da. Are gehiago, horren inguruan menderatzeko teknologia guztiak garatuko dira. Bestela esanda, lapurtze eta ordezte horren bidez teknologiaren nagusikeria inposatzen hasten da. Baina guk ez dugu ezer teknologiaren kontra, idazkera grafikoaren kontra ez gaudenez, lapurtze eta ordezte horren kontra baizik. Ulertzen al duzu gure jarrera? Ez da erraza, berri samarra da eta. Halere, funtsean Ibiltari eta biok garatu nahi dugun pentsamendua Marxek ireki zuen ildotik doa. Bai, arraroa dirudien arren, gu ere materialistak gara, idazkera izaki materiala da eta. Eta dialektikoak, idazkeraren bidez – hau da, oinarri material baten bidez – historiaren bilakaera ulertu eta azaldu nahi dugu eta. Gu, halere, ez gara Marxen jarraitzaileak, oinordekoak baizik, gure abiapuntua Marxen jatorrizko galdera baita, ez ortodoxoen katiximan nahiz kritikoen metodoan agertzen diren erantzunak.

Hasieran idazkera izan zen! – hotsandiz, ia apaiz baten doinuz  -. Horrela labur liteke zuk proposatzen duzun ibilbide teorikoa,  gaur indarrean dagoen paradigma apurtuko lukeen proposamena.

—  Bai, hori izan liteke Ibiltari eta bion pentsamenduaren goiburu egokia. Baina paradigma hori Levi-Straussek eta Derridak, besteek beste, kolokan jarri zuten aspaldi. Gure ekarpena apurtze horri oinarri biologikoa eta historikoa ematea litzateke – Eta doinua aldatuz, diotsot: Nire mapa egina dago. Orain zure txanda da.

– Nire txanda bukatuta dago – diost irribarre malenkoniatsuaz -.  Agur esatera etorri naiz, izan ere.

– Ze ba?

– Erdaraz idatzi nahi dut eta. Ilusioa egiten zidan euskaraz idazteak,  baina nire ama hizkuntzara itzuliko naiz.  Proiektu filosofiko batzuk dabilzkit buruan eta euskaraz ez naiz oso ondo moldatzen.  Alde egiteko, halere, beste arrazoi  bat ere badut: zure blogean geratuz gero, irakurle askok ez gintuzkete bereiziko, eta nahaste hori – bankari batekin nahastea alegia – zuretzat oso kaltegarria izango litzateke. 

–  Zinez sentitzen dut , bizilagun ona eta atsegina izan baitzara. Gainera idazteko buruan zenuena oso interesgarria iruditzen zitzaidan eta herri honetan zu bezalako akuilua onuragarria izan zitekeen. Baina erdaraz idatzi nahi eta behar baduzu, zure aukera da. Ea zer sortzen duzun. Niregan gogoko irakurlea izango duzu.

– Eskerrik asko. Eta mila esker nirekin hain abegitsua izanagatik.

– Badakizu non duzun zure etxea.

– Bai, agian noizbait bisitatxo bat egingo dizut. Nork daki! Esker mila, berriro. Agur.

Hasieran idazkera izan zen

FILOSOFO OHIA