Harri guztiak ez dira berdinak

Harri guztiak ez dira berdinak –

Zergatik izan dira hain gozoak joan diren egunotan Catalunyan zerutik erori diren harriak? Bale, harriak, harrikada horiek ez dira guztiontzat gozoak, atseginak, irribarre-arrazoi izan. Batzuek kritikoki aztertu dute aste horretako zafarrantxoa, borondate onez, zinez pentsaturik horrek ez duela ezertan laguntzen. (Ñabardurak badaude. Batzuen ustez hasierakoak bai, ostia txarra erakusteko balio zuen, baina gero lar luzatu zen. Gero badaude edozein harri hegalari gaizki ikusten dutenak, betiere, edonon. Lehenengoekin eztabaidatuko nuen; azken hauekin aspaldian nekatu nintzen). Tira, kontrako muturrean badaude Catalunyakoa horrekin hasi dela bideratzen pentsatzen dutenak, epaiaren ondorengo ostia-entsalada baino lehenago ganorazko deus ez zegoela eta, are, kaleak hartu dituen sua dela prozesu politiko horren osagai politikoki baliagarri bakarra. Baina, harira. Nire barometroa kontsultatu nuen aurrekoan, “Hi, hire koadrilan eta mundu horretan, Catalunyan gertatzen ari denak ba al du presentziarik? Nola definituko huke zuongan sortzen duena?” Eta nire barometroak erantzun: “Ilusioa”. Ostia. Badaezpada ere aurreratuko dut: nire termometroak aztertzen duen mundu horretan dabiltzanen artean ez du inork harri puta bat ere jaurtiko!, eta, hala ere, ilusioa.

Harrikada ilusionagarriak, zergatik? Horrekin Catalunyak eskuartean darabilen prozesu politikoa irabaziko duelako? Ez. Argi dut nik behintzat ezetz. Baina harrikada horiek prozesu politiko baten une zehatz batean kokatzen dira. Ez dira estrategia oso baten ardatz nagusia, baina euren funtzioa betetzen dute. (Agian hortxe datza 90.etako hamarkadako euskal intifadatxo harekiko aldea). Catalunyan ez dira etapak merkeki erretzen ari. Hori uste dut (batzuek esaten didate katalandarrek berek ez dakitela zehazki norantz/nola doazen. Auskalo, baina inprobisazio etengabe horretan dezente txukun asmatzen dutelakoan nago). Urriaren 1ekoa gertatu zen, estatuak mendekua hartu du, sententzia ejenplifikantea atera (esan nahi baita: ez da izan -bakarrik- mendeku pertsonala, ezpada batez ere esanahi politikoa duen zerbait), eta gure lagun katalandarrak kalera atera dira ostia txarra erakustera eta, pin-pan-pun, asaskatze galanta. Zertarako balio duen horrek? Bada, barruko korapiloa askatzeko (bestela etsipen bihurtzen da, ardotxartzen gara), merezi duten horiei ordaina emateko (eta horrela ez dugu gure aldamenekoarekin ordaintzen) eta, fantasiarik gabe, bai, baina gauzak okertuz gero han ere denek asko dutela galtzeko ulertarazteko. Sanoa izan da, bai, Catalunyakoa, jendarte zibil arduratsu batek behar zuen deskonprentsioa, …

Eta listo. Hau da. Bukle melankolikorik ez, ipuin hori aspaldi agortu zen. Harrikada horiek ez dute lehenago process.aren alde egon litekeen inortxo ere uxatu. Bestetik, sor litekeen arriskua ez da gauzatuko. Harrikadek/barrikadek ez dute prozesu subiranista sendo oso bat ordezkatuko, horren beharrik ez dagoelako. Nondik eta nola ez dakit, baina ziur naiz epe motzean indar independentistek eskuratuko dutela, berriro, bide-orri bat. Eta horrek ere ez ditu garaipenera zuzenean eramango, baina horrela eraikitzen dira prozesu politiko eraldatzaileak: etapak errez, aurrerapausoak eta atzerapausoak txandakatuz. Txapo, Catalunyako txabaleria.

Bestela, aste famatu horretan denok egin dugu portreta. Esango nuke espero litekeena gertatu dela: Espainiako faxistak alkandora urdina janzten (joder, Rivera, nor duzu estilo-aholkulari?), Sánchez patetikoki harro, Espainiako ezker berriak beti bezain espainol, EAJ bere ildoan (Catalunyako independentismoari espreski muzin eginez eta EAEn bortizkeria gratuitoa barra-barra zabalduz) eta, gureari dagokionez, Ernai txisposo (baina ez zaitezte gorantz etorri, e!) eta besteok xuabe edo, …

Tira, esana dut, a zein aste oparitu diguten Mediterraneo aldeko lagun horiek.

Harri guztiak ez dira berdinak

Harri guztiak ez dira berdinak