Hainbat irakaskaspen Boliviatik

Hainbat irakaskaspen Boliviatik –

Estatu kolpea gauzatuta eta honen osteko jazarpen- eta erresistentzia-testuinguruan murgilduta, ondorio batzuk atera ditzakegu Boliviako Estatu Plurinazionalean gertatutakoari buruz. Informazio, bideo eta sare sozialeko mezuez gain, gertatzen ari denaren atzean dauden eragile eta interesez jabetu behar gara. Era laburrean, eta beharrezko tartearekin, hauexek dira Estatu kolpearen egiaztapen batzuk:

– Mehatxua benetakoa da. Nahiz eta ezkerraren zati handi bat “bake sozial” egoera erlatibora egokitu eta antolatzeko, formatzeko eta etorriko diren erasoen aurrean prestatzeko tentsiorik ez mantendu, kontraesanek presente diraute jendarteetan. Ezkerrak nagusitasun sozial eta diskurtsiboa lortu arren, aldaketa-prozesuaren etsaiek beren momentua itxaroten jarraitzen dute, baita izkutuan lan egiten momentu hori bizkortzeko.

– Erantzuna ezin da berandutu. Gobernuaren uko egite behartuaren eta jazarpen, arrazismo eta irain gertakizunen ostean, mobilizazio erraldoiek hartu dute kalea. Milaka aymara jaitsi dira La Paz-era, kokaleroek errepideak moztu dituzte eta jatorrizko herrien, mehatzarien eta beste sektoreen martxa anitz egin dira, hauteskunde-iruzurra salatzen zutenek okupatu zuten espazioa hartuz. Hala ere, erantzuna beranduegi heldu da. Evo presidentzian egonda bakea eta elkarrizketaren aldeko mezuak igorri zituen, eta eskuinarekiko talka ekidin zen. Alabaina, saihestu zen konfrontazio hori populazioaren hilketa bilakatu da orain, polizia eta militarren esku.

– Munstroari egindako kontsezioek errebantxismora daramate. Gobernu zilegiaren ahultasuna eta egindako kontsezioek eskuina harrotu baino ez dute egin, amaieraraino eztutzen jarrai zezakeela erakutsiz. Polizien matxinada eta Indar Armatuak kolpearekin lerrokatzea atzeraezin-puntua izan ziren. OEAren auditoretza lotezlea onartzea (erabaki oso arriskutsua; geroaro deitoratua), hauteskunde berriak iragartzea, presidentziari uko egitea… ez ziren nahikoak izan hondamena ekiditeko, ezta errepresioa gelditzeko. Bi sektoreen arteko talka saihestu da (dena den, oso posiblea zen klase ertaineko protestalariek atzera egitea herri masa-antolakundeen aurrean…) baina kolpearen kontra adierazten direnak hildakoekin ordaintzen ari dira. Ehizaldiak (Barne Ministroak erabilitako terminoa) jarraitzen du MASen karguen eta militante sozialen kontra, baita kazetarien eta komunikabideen kontrako jazarpena ere. Mendekua eta umiliazioa ultraeskuinaren ezaugarriak dira botere politikoa berrezkuratzean. Venezuelan badakite; 3 egun bizi izan zuten 2002an. Horregatik chavismoa bere prozesua kosta ahala kosta defendatzeko prest dago.

Hainbat irakaskaspen Boliviatik

– Klase ertainaren jokabide erreakzionario eta arrazista. Álvaro García Linerak “El odio al indio” artikuluan azaltzen duenez, herri sektore handiak (batez ere jatorrizko herrikoak) zerbitzu publikoetara eta, batez ere, administrazio eta beste instantzietako postuetara heltzeak hiriko klase ertainaren pribilegio egoera erasan du nabari, espazio hori okupatzera ausartzen den “indio”aren aurkako arrazismo eta supremazismoa areagotuz. Aldi berean, hobekuntza ekonomikoagatik klase ertainera heldu ziren sektore pobreen ideologizazioari ez zitzaion jarri behar zuen arreta, eta egitura mentalen hutsune hori komunikabide eta entretenimendu-industriaren ideologia erreakzionario hegemonikoak bete zuen.

García Lineraren hitzetan, Boliviako klase soziala arraza-hierarkia moduan agertzen da, Estatu kolonialaren egitura baino ez dena. “Indio”arekiko gailentasuna jatorrizkoen sinesmen eta praktika “basatien” aurrean Biblia kontrajarriz irudikatzen da. Kolpistek kolonizatzaileen ezpata fusilekin ordeztu dute, baina Biblia beste eskuan heldu dira berriz. Aurreiritzi, arrazismo eta integrismo erlijiosoa barnebiltzen dituen gorroto sentimendua agertu da ikasketa unibertsitarioak eta nolabaiteko estatus soziala dituen sektoreetan. Hedabide pribatuek guztiz manipulatuta eta klase-kontzientziarik gabeko sektoreetan hain zuzen ere, Boliviako oligarkiaren mugimenduen atzean dauden arrazoi ekonomiko eta geopolitikoak ikusteko itsu.

– Polizia eta militarrak, ezer ez berri. Herria defendatzeko formatu gabe, prozesuarekin konprometituta dagoen aginteren bidezko barne kontrol zorrotzik gabe edota herri osoa barne hartzen duen milizia-egiturarik gabe, oso zaila da indarkeriaren monopolioa duten instituzioen mendetasuna ziurtatzea. Presidentearen aurrean tentetzeak ez du bermatzen bihar kontra izatea. Txileko militar kolpistek fideltasuna agindu zioten Allenderi kolpearen aurreko egunean.

– Europako gobernu eta alderdiak, ezer ez berri ere. Kapitalaren eragile ezberdinek estaldura ematen diote kolpeari autoizendatuaren gobernua aitortuz, gobernu batzuek Guaidó-rekin egin zuten moduan. Euroganberak kolpea izendatzea errefusatu zuen eta gobernu eta alderdi askok onartu dute kolpetik sortutako gobernua, esplizitoki edo de facto. Heriotzengatik kezka azaldu arren eta hauteskunde berrien deiarekin bat egin arren (ikusi behar zein baldintzetan, zeren eta 13 urte berreskuratzea kostatu zaiena ez dute arriskuan jarriko…), herri baten ahalduntze prozesua etetea ospatzen dute pribatuan, pastel boliviarraren zati handiago lortzeko irekitzen diren negozio-aukerak aztertzen dituzten bitartean. “Egoera gaitzesgarri argiak egon arren, ez da bidezkoa enpresa-eragile bati eskatzea agintariek eta diplomazia politikoak konpontzeko gai ez direna” adierazi zuen Arantxa Tapiak, Jerusalemgo okupatutako eremuak zeharkatuko lukeen tranbiaren eraikuntzan CAF parte ez hartzeko eskaeren aurrean. Negozioen eta herri zein giza eskubideen artean, lehentasunak argi daude kapitalaren ordezkarientzat.

– Kolpea, egoera geoestrategikoa eta baliabide naturalak. Kolpearen artikulazioa graduala izan da: klase ertainean iruzur baten ideia garatu, protestak guarimbak bihurtu, protesten buru moderatuenak (Mesa) biolentoenekin (Camacho, Añez) ordezkatu, matxinada poliziala, OEAren txostenaren filtrazioa eta militarren mehatxuaren sinkronizazioa… Artikulazio zehatz honek agerian uzten du EEBBetako Estatu Sailetik prestatutako kolpea izan dela. EEBBek behar dute beren “atzeko patioa”ren aberastasunak berreskuratzea (batez ere gasa eta litioa), beren Txina eta Errusiaren kontrako lehian.

– Bakarrik antolaketak kolpismoa geldi dezake. Boliviako herriek borroka eta erresistentzia historia luzea daukate, Inperio espainiarraren kontra, diktaduren kontra, mehatzari eta kokaleroen mugimenduan edota ura eta gasa pribatizatzearen kontra. Historia honek antolaketa sakona du oinarri. Horri esker lortu dute beren bizimodua bizirautea edota sindikalista kokalero aymara bat presidentziara eramatea. Kolektibitate zentzuak, antolakuntza tradizioak eta borroka adoreak egoerari buelta ematearen itxaropena elikatzen dute.

Kolpistek kontuan hartu behar dute Evoren gobernutik haratago jatorrizko herriak eta langile klaseak daudela. Erresistentziazko 500 urteren ostean “nahikoa da” oihukatu dute eta ibiltzen hasi dira, Abya Yalaren benetako askatasun politiko, sozial eta ekonomikoa lortu arte.

.

Iñaki Etaio eta René Behoteguy, Askapenaren militanteak

Hainbat irakaskaspen Boliviatik Hainbat irakaskaspen Boliviatik

Internazionalista. EHUko irakaslea