Gutun eskatologikoak (tragikomedia)

Gutun eskatologikoak (tragikomedia)

Gaur Twiterren jira eta buelta nenbilela egunkari arrotz batean argitaratu zuten pasadizo edo gertakizun hau topatu dut. Alf, 91 urteko agure bat, gutunez komunikatzen zen maitatu baina urruti zeuzkanekin. Eskutitzak idazten jartzen zen unea irudikatzen saiatu naiz: ingelesen estilora atondutako egongela bat, moketarekin, eta Alf bazter batean. Mahaitxo baten parean dago eserita, flexoa piztuta, eta albornoza jantzi du, aurreikusi baitu denbora apur bat igaroko duela geldi, eta horrelakoetan hotza hezurretaraino sartzen zaio. Luma eta papera dauzka parean, eta dezente makurtu behar da idazteko; betaurrekoek irrist egiten diote sudurraren puntaraino, eta flexoaren argi indartsuak agerian uzten ditu bere zimurrak.

Alfek bere tartea behar du idazteko. Burua ez doakio lehengo abiadura berean, eta esan nahi duena idatziz jarri aurretik behin baino gehiagotan marruskatu behar du; baina ze demonio, burua bere tokian dauka, elkarrizketetan fundamentuz hitz egin eta gutunak taxuz idazteko gai da, eta hori, bere adinarekin, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Isilik dago egongela, lumak paperaren gainean egiten duen hots leuna besterik ez da entzuten, eta hori ere eten egiten da batzuetan, burua aginduak bidali nahian dabilelako eskuari, edo eskuak garunari atsedena eskatu diolako.

Gutun eskatologikoak (tragikomedia)Halako batean bukatu eta eskutitza gutun-azalean sartu du, eta ilusioz beteta itxi du mingaina pasa ostean, ondo egindako lanari amaiera emanez. Makulua hartu eta kalera irten da gutuna dagokion postontzian botatzeko.

Puntu honetan dago tragikomedia. Alfek nahastu egin zituen etxe pareko postontzia eta zakurren gorotza botatzeko edukiontzia, biak gorriak baitira; eta bere gutunak bi urte luzez behar ez ziren tokian sartu zituen.

Kontu honek luzerako eman dezake, komiki, film edota idatzi baterako; eta Alfek txakurra balu, zer esanik ez, telesail bat! Ezin dut ukatu kontu honek grazia eragin didala, baina benetan diotsuet irribarrea sortu bezain laster, ikaragarrizko tristura ere sentitu dudala nire baitan. Nori idatziko zion? Zer pentsatuko zuen Alfek erantzuten ez ziotela ikustean? Zer pasako zen bere burutik eguna joan eta eguna etorri?

Gutun eskatologikoak (tragikomedia)

Zer duzu buruan “Gutun eskatologikoak (tragikomedia)”-ri buruz