Ederragoak, argalagoak, beltzaranagoak… osasuna galtzearen truke
Badira UVA izpien ondorioz minbizia izateko aukera are handiagoa dela dioten ikerketak ere. Eta badira urte batzuk halako kabinen erabilera osasunarentzat kaltegarria dela esaten hasi zirela. Baina, antza, modak pisu handiago du medikuen alarma hitzek baino. Hainbat lekutan irakurri ahal izan dugu hobe dela hondartzara lehen aldiz beltzaranduta joatea eguzkiaren eragina gure azalean txikiagoa izateko. Baina ez da egia, UVA izpiak ez dira onuragarriak eta eguzkia hartzea beste obsesiorik ez izatea, ezta ere. Tanorexia izenez ezagutzen da ahalik eta beltzaranen egoteko obsesio hori.
Nork esango luke duela hainbat urte moreno egotea modan jarriko zenik. Lehen belztuta egotea pobre izatearen seinale zen. Azal iluna, soroetan lanean igarotako orduen salataria zen. Aberatsek itzalpean igarotzen zituzten orduak eguzkitik ihesi, azal zuria harro babestuz.
Orain guztiz alderantzizkoa gertatzen da, zenbat eta beltzaranago egon orduan eta denbora libre gehiago duzula esan nahi baitu. Oporretara joateko edo nagikerian hondartzan botata egoteko.
Eta beste behin gure osasuna arriskuan jartzeraino zaintzen dugu gure itxura. Komunikabideek ere horretara bultzatzen digute eta ohartu gabe edo ohartuta modaren tranpan erortzen gara. Egunotan telebistan etengabe ikusi ahal izan dugun iragarkiak ere emakumeoi zoriontasunaren giltzarria gure azalaren kolorean dagoela esaten digu: FeliciKas, es estar más morena que tu amiga Elena… Horixe saltzen digute eta horixe sinesten dugu…
Lehen aipaturiko ikerketa Espainiak eskatu zion Europako Kontsumo Produktuen Zientzia Batzordeari, melanoma kasuen gorakadaren aurrean. Eta ezin ahantzi, azalekoa, minbizirik hilgarriena dela. Baina berdin dio, gure zoriontasuna gainontzekoak baino beltzarango egotean oinarritzen baita, ezta? Azala zaharkitzen du gainera, eguzkiak. Minbiziaren argumentuak huts egiten duenean, horixe esaten digute medikiek. Baina hori ere alferrik, mahaspasa itxura izanda ere cara al sol ikusiko baitugu jendea orduak eta orduak hondartzan.
Modaren eta modako gaixotasuna dugu tanorexia, (gaixotasun bat modan egon badaiteke), 20-30 urteko gazteen artean, batik bat emakumezkoen artean. Jada ez da nahikoa ile orrazkera edo erropa moda modan eramatea, azala ere honen elementu bilakatu baita. Eta urtero 50.000 mila pertsona hiltzen dira azaleko minbiziak jota…