Guantanamo; agindutakoa ezin bete

MTI4MQ==

Presidentetza eskuratu eta hiru egunetara, 2009ko urtarrilaren 21ean, tortura debekatu zuen eta urte betean Guantanamoko basea itxiko zuela agindu zuen Barack Obamak. George Bushen aroaren amaiera markatu zuen erabaki harekin. CIAko atxiloketa gune klandestinoekin ere amaitu nahi izan zuen eta “terrorismoa” egotzita atxilotuta zirenen kasuak berriz ebaluatu behar zirela esan zuen.

“Nire gobernuak ez du gure idealen eta gure segurtasunaren arteko aukera faltsuarekin jarraituko”. Aurkezpen hitzaldian esan zuen esaldi hori.

Bushekin amaitu nahi zuen, zortzi urte “ilunekin”. Lan egiteko beste modu bat zekarren presidente berriak. AEBk eta mundu guztiak Obamaren ausardia txalotu zuen.

Arazoa ordea, agindutakoa egi bilakatzea da. Zer egin, presoekin? Helburua ez da Guantanamoko basea AEBren lurretara eramatea, hori arazoa tokiz aldatzea baizik ez bailitzateke. Hainbat preso euren herrialdeetara itzultzea ere ezinezkoa da. Hainbat kasutan, herrialde horiek sarrera debekatu dietelako eta beste hainbat kasutan, giza eskubideen urraketa jasateko arriskua handiegia delako.

Preso batzuk AEBtara eramatea eta beste batzuk Europako hainbat herrialdeetara eramatea pentsatu zuten. Eta noski, horiek epaitzea, auzitegi militarren esku ez egotea, orain bezala.

Onarpena

Hitza betetzeak ordea ez dirudi uste bezain erraza. Urtarrilean Guantanamo ixtea ezinezkoa zela onartu zuen lehen aldiz, azaroan. Baina 2010ean gauzatzea espero duela ere esan zuen.

Obamak ezin izan du bere buruari jarritako epearen barruan, agindutakoa bete. Eta oraingoan ez da data bat ematera ausartu. Hitza jateak ondorioak ekarriko dizkio, ziur.

Irudia | Guantanamoren aurkako protesta | takomabibelot | Creative Commons By SA