[2022ko brigadak] Greziatik 2. kronika

[2022ko brigadak] Greziatik 2. kronika –

[2022ko brigadak] Greziatik 2. kronikaUrdin-argi koloreko hondartza, paisaia zoragarria begien aurrean eta eguzkia gure aurpegian. Zer gehiago eska dezakegu une konkretu honetan? Agian, hondartzaren pare-parean dauden kafetegi-jatetxeren baten garagardo edo mokadutxoren bat. Eta, garrantzitsua oso, ura. Hori edozein jatetxe edo tabernetan ematen dizute; ezer baino lehenago, ura. Botillak ere nonahi saltzen dituzte. Baina baretasunetik larritasunera garamatza Grezian garatzen ari den uraren kudeaketak. Greziako hiri nagusietako bitan, Tesalonikan eta Atenasen, aspaldi saiatzen ari dira ura pribatizatzen eta urteetako borroka daramate soinean. Izan ere, ura gero eta baliabide preziatuagoa da.

Tesalonikako uraren pribatizazioaren aurkako borroka 2004an hasi zen (2011n erreferenduma egin zen Tesalonikan, gehiengoaren ezetzarekin) eta beharrezkotasunak eraginda, III. Memorandumaren osteko garaietan horri aurre egitea gero eta zailagoa bihurtu zen. Economical fund (ikus: savegreekwater.org/4582) deritzonak salmentan jarri zituen herrialdearen ondasunak, eta, bere momentuan funts horretan ura ez sartzea lortu zen arren, orain bide malkartsuago eta ezezagunagoetatik egiten da pribatizazioaren saiakera. Publikoaren eta pribatuaren arteko muga lausotu egin da eta kapitalaren jabeek etekina atera dute egoera horretatik. Izan ere, uraren inguruan ezarritako legeen ondorioz, zaila da konpainia publiko gisa lan egitea, kanpoko multinazionalen laguntzarik gabe. PPPak (public-private paternship) deritzenak garrantzitsuak dira gaur egungo uraren pribatizazioaren joera ulertzeko.

Greziar irlek (Kretak esaterako) arazo larria dute testuinguru honetan. Izan ere, turista kopurua dela eta, uraren kontsumoa asko igotzen da eta zaila da gastu horri aurre egitea.

[2022ko brigadak] Greziatik 2. kronikaEz da, ordea, irlek azken urteetan duten arazo bakarra. Zorraren testuinguruan ere, hazkunde ekonomikoaren inguruan hitz egiten jarraitu zuten eliteek eta gobernuak, eta, Green energy bultzatzearen aitzakiapean, 2016ko abuztuan, energia berriztagarriaren lege berri bat onartu zen, berriztagarrietan egiten diren inbertsioak are gehiago suspertzeko. Legearen arabera, elektrizitatearen merkatuan jasotzen dutena gehi elikadura-prima aldakor bat izango da energia berriztagarriaren ekoizleentzako konpentsazioa. Parke-eoliko gero eta gehiago daude Kretan, baina horiek egiteko mendiak eta ekosistemak hondatzen dituzte. Are gehiago, kanpoko multinazional handiek  bultzatzen dituzte proiektuok. Nahiz eta Greziar gobernua harro egon green energyan egiten ari den inbertsioaz, asko dira horren atzean ezkutatzen dena salatzen dutenak. Bitartean, Greziarrek gertutik bizi izan dute hainbat energia-iturri motaren prezioaren gorakada. Parke-eolikoen eraikuntzak Euskal Herrian gertatzen ari dena gogorarazten digu. Izan ere, Nafarroan egon dira saiakerak tankera honetako proiektuak gratzeko (ikus: argia.eus/hainbat-gogoeta-sacyrren-proiektu-eolikoak-atzera-bota-ondoren).

Kretan, energia eolikoaz gain erregai fosiletatik ere etekina atera nahi dute enpresa handiek. Konpainia pribatuak energia sismikoa ikertzeko aitzakiarekin ozeanoak zulatzen hasi ziren, kalte nabarmena sortuaz. Ondoren, erregaiak eta gasa ateratzeko balioko zien ikerketa horrek. Oil and gas drill movement delakoak indartsu egin die kontra saiakerei eta behin eta berriz salatzen ari dira konpainia pribatuen ekintzak.

.

Argazkiak: Yiannis Hatziyannis

[2022ko brigadak] Greziatik 2. kronika