Greziara goaz, mugak irekitzeko eskatzera

Greziara goaz, mugak irekitzeko eskatzera

Greziara goaz, mugak irekitzeko eskatzeraHurrengo ostiralean, hilak 15, 120 bat pertsona aterako gara Hego Euskal Herritik Greziako Tesalonikaruntz, “No Border Camp 2016” egitasmoaren barruan. Lehenengo geltokia Iruñean izango dugu, Euskal Herriko hiriburua babes hiria baita. Hortik Bartzelonara —hau ere babes hiria da— abiatuko da, non espainiar Estatu osotik etorritako autobusak batuko garen; bertan ere ekitaldi politiko bat izango da, Poble Noun, Ca la Dona i Comissio de Soport a la Caravana delakoak antolatuta, eta Bartzelonako Udalaren babesaz. Hurrengo geralekua Milanen izango da, eta hor ere ekitaldi politikoz beteriko egitaraua dugu zain, Casa de la Dona-k eta arrazismoaren aurkako kolektiboek  antolatuta. Milan eta Italia utziko dugu ferryz Greziara heltzeko; Tesalonikan uztailaren 18an egotea aurreikusten dugu, eta bertan No Border Camp kanpamenduan sartuko gara. Autobus eta ferry orduak, ordea, ez dira izango ordu hutsak; bide osoa aprobetxatu nahi baitugu irakurtzeko, ikasteko, formatzeko eta eztabaidatzeko. Jakin baitakigu gurea ez dela opor-bidaia, elkartasunez beteriko ibilbide politikoa baizik.

Eta politikoa diogu, gure helbura politikoa baita: milaka pertsona haien etxetik, lantokitik, eskoletatik, plazetatik botatzen dituzten gerrek edo miseriek arrazoi politikoa dutelako. Pertsona errefuxiatuak ez dira Greziara heltzen katastrofe naturalen eraginez, Europako gobernuek hartzen dituzten erabakien ondorioz, baizik. Errefuxiatuen krisia gaizki deituriko horren atzean badago armen negozioa, gerraren  negozioa, lurraren eta baliabide naturalen kontrola… Eta, nahiz eta errudunak izan, Europako estatuek, gainera, ihes egiten duten pertsonei ateak ixten dizkiete, harresiak jartzen dizkiete, gure Europan sartzeko oztopo salbaezinak. Eta hori salatzera goaz Tesalonikara, Europa eta bere gobernuak jokatzen ari diren papera; lehenik, gerrak eta pobrezia jatorrian konpontzeko bitartekoak ez jartzeagatik —aitzitik, haiek areagotzeagatik— eta, bigarrenik, gerratik edo/eta pobreziatik ihes egiten datozen pertsonen aurkako politikak eta estrategiak bultzatzeagatik.

Bereziki salatu nahi dugu ihes egiten duten emakumeek pairatzen duten indarkeria; pertsona errefuxiatuek jasaten dituzten indarkeria politiko eta polizialari gehitu behar zaie emakumeek bidean sufritzen dituzten bortxaketak, eraso sexistak… Askotan umea beso artean heltzen dira guregana, tamalez zenbaitetan, bidean jasandako bortxaketa baten emaitza den haurrarekin; beste batzuetan, bidaia gorputzarekin, beren askatasunarekin, ordaindu behar izan dute, eta, ia guztietan, beldurrari aurre egin behar izan diote  hain ohikoa den komunera joateko edo zelaitik libre ibiltzeko… Hori ezkutatzen da informazio-saio gehienetan, eta titularretan; baina ez dugu ikusezina izan dadin nahi.

Horregatik, armen negozioaren, gerren, kapitalismoaren, Europaren politiken eta indarkeria matxistaren salaketa eramango dugu Euskal Herritik, Europako beste herrietatik joandako milaka pertsonekin batera Tesalonikako zelaietara; gure herria maitatzen ikasi dugunean beste herriak maitatzen ere ikasi dugulako. Ez da harritzeko, beraz, Hego Euskal Herritik ia karabana erdia osatzea, herriarekiko, aberriarekiko, maitasunak gure independentzia aldarrikatzera eramatean gaituen bezala, beste herrien duintasuna ere erreibindikatzera eramaten gaituelako, otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreiaren kontra, justiziaren kontra.

.

Gure arrazoiez gehiago nahi izanez gero, honako artikulua irakurtzeko gomendatzen dizuet: http://www.economiasolidaria.org/caravana_grecia

Greziarako karabanaren informazio gehiago nahi izanez gero: http://bizkaia.ongietorrierrefuxiatuak.info/eu/karabanagrezia2016/

Greziara goaz, mugak irekitzeko eskatzera

Greziara goaz / Greziara goaz / Greziara goaz