Grezia, Truman, erreferenduma eta gehiengo osoa

syriza Grezia

  • Herri-galdeketak errealitatearen irakurketa baztertzaile eta faltsu bat eskatzen du. Errealitatearen konplexutasuna, sinplifikaturik; bazkaltzeko zer nahi den galdetu beharrean, txahal-xerra ala legatzaren artean erabakitzeko eskatzen da. Xerrak irabaziko du: haragi gorria jatearen aurka dauden sendagileak protestan, eta postrea zein sarrerakoa nahi zutenak, gose-greban.
  • Ideologia eta norabidea galdu duen PASOK, 2009an gehiengo osoa zuena, desagertzear dago. EAJko jarraitzaile lagunak argi zuen Espainiarra izan balitz nori eman boza: PSOEri.

Syriza gehiengo-osotik oso gertu: 151 eserlekutik bitara. KKE Greziako alderdi komunistak (15 eserleku) iragarri zuen ez zuela Syrizarekin koaliziorik egingo Europar Batasunaren, NATOren eta kapitalismoaren aurka zeudelako. Eta bai, ezkertiarrak dira Syrizakoak, ez dute erreparorik aitortzeko –Podemos ez bezala-, baina Podemosen gisan horiek ere indar zentripetuak direla erakutsi dute. NATOren barruan jarraituko dute, eta zorra nola kitatu adostuko; kapitalismoaren baitako Ongizate Estatua, jomugan.

Ez dira iraultzaileak Syrizakoak, baina Europako inertzia kapitalista-liberalarekiko haustura irudika dezakete. Aldaketa etor liteke; domino-efektua, Europa-hegoaldeko beste Estatuetan: Die LinkeAlemanian –zailtxo orain oraingoz-, eta Podemos-IU fronte bat Estatu espainiarrean. Italian zein Frantzian, egia esan, ez dago itxaropentasunerako arrazoirik eta Hego Euskal Herriko paradigma nekez aldatuko da.

“Domino-teoria” izan zen, baita ere, 1947an Dean Acheson-ek iragarri zuena. Harry S. Trumanen Estatu-idazkaria zen Acheson. “Grezia komunisten mende gelditzen bada –ELAS armada partisanoaren alde lerrokatu zen Stalin-, Iranetik Afrikara eta Asiara kutsatuko da komunismoa, sagar-upel batean sagar ustela sartuko balitz bezala. Are gehiago, Europa mendebalderantz ere igaroko da komunismoa Italiatik eta Frantziatik, bertako alderdi komunisten mehatxupean baitaude jadanik (Josep Fontana, Por el bien de imperio, Ediciones Pasado y Presente, 2011)”.

1947ko martxoan bertan onartu zen, Estatu Batuetako Kongresuan, Greziako gerra zibilean militarki parte-hartzea. Trumanek erabilitako diskurtsoan zatiketa argi bat zegoen: onak eta txarrak. Mundu librea eta komunismoa. “Demokraziaren defentsaren izenean”, Estatu Batuei zegokien munduan “bakea” ezartzea. Merkatu librea zen bakea, interbentzionismo komunista, aldiz, tirania. Diskurtso eta jokabide hori izango zen Truman Doktrina gidatuko zuena. Greziari dagokionez, Estatu Batuen aliatu bilakatuko zen gerraostean, eta NATOn sartu. Truman Doktrina abian zen; Guda Hotzari hastapena eman zitzaion.

Errealitatearen konplexutasuna dikotomizatzea ere gustuko da hemen. Manikeoak gara, horrenbeste, ezen bi aldiz pentsatu gabe diogu: gehiengo absolutua txarra da demokraziarentzat / erreferenduma laostiako ariketa demokratikoa da. Astakeria galantak.

  1. Herri-galdeketak errealitatearen irakurketa baztertzaile eta faltsu bat eragiten du. Bazkaltzeko zer nahi den galdetu beharrean, txahal-xerra ala legatzaren artean aukeratzera behartzen da. Xerra aukeratuko du herri horrek berak, bigarren mailakoa gainera, eta legatza gura zutenak baztertzearekin nahikoa ez-ezik, beganoak zein haragi gorria irenstea gomendatzen ez duten medikuen kolektiboak ere alboratuko dira. Baliteke, baita, hiru platereko otordua egin nahi zutenak gose-greban hastea, demokrazia-ariketa eztabaidaezin horren ostean.
  1. Bestetik, demokrazia-liberalaren paradigma hobezina alderdi bozkatuenak gehiengo osoa lortzea da. Hala, herriak gehien sostengatu duen alderdiak beharrezko berme eta egonkortasuna izango du lau urtez, legebiltzarreko interes alderdikoien enbarazu gabe. Egin dezala exekutiboak gizartearentzat hoberena dena uste duena. Hala ez bada, mehatxu-ahalmena herritarrek izango dute –ez alderdiek-: orotariko mobilizazioak, guda soziala, eta besterik ez bada, boza-eza. Gehiengo-osoak ez du esan nahi Gobernuak herriaren inputei muzin egin behar dienik. Inposaketarik ez bada nahi, akratak gara. Oso ondo iruditzen zaidana, baina beste analisi ugari eskatzen dituena.

Eta Syriza gehiengo osotik bi eserlekura. Eta Syriza zoragarria da, baina gehiengo osoa oso txarra. Hori hala, Syrizak legebiltzarreko alderdi politikoekin adostu beharko ditu neurriak gehiengo osoa ez duelako lortu. Eta alderdi komunistak, baliteke, ez laguntzea kapitalarekin aliatu direlako, eta ez dutelako politika klase-ikuspuntu batetik ulertzen. Beraz, probablea da, Syriza bera oraindik eta zentripetuago bilakatzea: aldaketa zena, ez-hain-aldaketa izatea.

Berri on aratz bat: PSOEren homologoa den PASOKek -2009ko hauteskundeetan gehiengo osoa lortu zuenak- boza onartuen artean %4 inguru jaso dituela. Berdina jazo zitekeen hemen ere ideologia zein norabide bila dabilen alderdiarekin. Espainiarra izan banintz zein alderdiri emango niokeen boza galdetu zidan orain ez asko EAJko jarraitzaile aitortu batek: ezin izan nion erantzun garbirik eman. EAJkoak argi zuen, ordea: PSOE bozkatuko zukeen. Zoragarria da dena.

(Jatorrizkoa Zirriborroak blogean)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude