Gerra bat dago munduan

Gerra bat dago munduan

“Gerra bat dago munduan, eta bere eremua zure burmuina da” dugu Borja Agirrek Uriola agerkarian idatzi duen iritzi artikuluaren izenburu osoa, Siriako guda eta berau komunikabideek nola jasotzen duten ahotan hartzen duena.

Ehun urte atzera doi-doi egingo bagenu, Kaliforniako gobernadorearen aulkian Hiram Johnson jauna topatuko genuke. Isolazionista amorratua zenez, bere ustez, Ameriketako Estatu Batuen politikek Estatu Batuetako mugetan bertan bukatu behar zuten. Nazio bakoitzak badauka bere bizitza eta bere gobernua, hori zen bere printzipioa. Garai haietan, adibidez, Nazioen Liga (Nazio Batuen aitzinekoa) sortzen ari zen, eta Hiramek proposamen horren kontra bozkatu zuen. Ia bakarra izan zen, jakina; oso isolatua gelditu ziren bai bera bai bere pentsaera, baina hala ere oso gobernadore arrakastatsua eta maitatua izan zen. Hiroshimako bonbaketaren egunean hil zen.

Gaur egun Hiram Johnson ez da oso ezaguna, baina edonon entzuten da berak behin botatako esaldi bat: “Egia da guda ororen lehen biktima”.

Gerra bat dago munduanGure egunetara itzuliz, Hiram Johnsonen eta bere ideien porrot izugarria ikus daiteke: mundu ultra-globalizatu batean bizi gara. Mugak desagertzen ari dira arlo askotan, mundu bakarra ari da bihurtzen. Internet eta teknologia berriek aldaketaren bideak zabaltzen dituzte: informazioak puntu batetik bestera mikro-segundo batean bidaiatzen du, eta albiste berdinak errepikatzen dira orduz ordu munduko telebista guztietan. Beste arlo batzuetan (politika, ekonomia, kultura, etab.) joera berdina bizi dugu: bateratzen ari dira.

Baina azken urte hauetan jazoera oso garrantzitsua gertatzen ari da munduan. Teleberri-etan ez duzu ikusiko, baina gertakari honek albiste guztiak tindatzen ditu: mundua bitan zatitzen ari da.

Globalizazioa, adituek esaten dutenez, 1989an hasi zen, azaroaren 9an hain zuzen ere. Egun horretan, jendea hasi zen Berlineko harresia zeharkatzen. Hortik aurrera, kateatutako erreakzio baten moduan, Sobiet Batasunaren egiturak lehertu ziren, eta munduan buru bakarra gelditu zen: Ameriketako Estatu Batuak.

Herri horren nagusitasuna izan da azken 27 urteotako bizitza. Baina gauzek ez dute betiko irauten, eta azken urteotan, Errusiak eta Txinak indar handia hartu dute. Gainera, 2014tik aurrera akordio andana egin dute beraien artean: arlo askotan herri bakar bat bezala jokatzen dute, estatubatuarrei aurre egiten. Badirudi gainera gero eta indartsuagoak bihurtzen ari direla.

Horrela ikusita, ‘gerra hotz’ batean sartuta gaude berriro. Mundua bitan zatituta, Berlineko harresiaren garaietan bezala. Baina harresi hori, momentuz, komunikabideetan topa daiteke bakarrik.

Europa, Estatu Batuetako alderdian dago, jakina. Txinarekin oraindik negozio handiak eta askotarikoak dauzkagu eta ez dugu mindu nahi, baina Errusia astiro-astiro gure Luzifer pribatua bihurtu da.

Edo… beharbada, gerra hori ez da hain hotza. Gutxienez, munduko bi eskualde zehatz oso bero daude, eta benetako gerrak (oso odoltsuak gainera) sufritzen ari dira bere lurraldeetan: Ukraina eta Siria. Eta gerra horietan hiru potentzia erraldoiak sartuta daude, buru-belarri.

Dudarik gabe, bi gerra horietan munduaren etorkizuna dago jokoan. Horregatik, friki askok, gure denbora librea (gero eta urriagoa) erretzen dugu pantaila baten aurrean, albiste fidagarrien bila. Momentu honetan, aitite Hiram Johnson berriro agertzen da eszenatokian, bere mezua oihukatzen: “Egia da gudaren lehen biktima”.

Bai, jaun-andreok; gure herriko komunikabideetan azaldutakoa eta beste herrietako komunikabideetan agertzen dena, guztiz desberdina da. Benetako gertaerak ezagutzea Rubik kuboa ordenatzea bezain zaila bihurtu da. Ez dago modurik egia ezagutzeko.

Gerra bat dago munduanSiriako gerrako gertakari batzuk ez dira ulertzen komunikabideei soilik entzuten badiegu. Are gehiago, albisteak sarritan guztiz kontrajarriak dira. Baina horretaz konturatzeko, minutu bat gelditu, arnasa hartu, eta telebistan edo egunkarietan azaldutako nahaspilaren erdian ordena apur bat jarri behar dugu.

Adibide bat jarriko dugu. Hau da (gure komunikabideei jarraitzen badiegu) gatazka horren egitura logikoa:

1) Mendebaldekoren (Europa, AEB…) etsai nagusia yihadismoa da: Al-Qaeda, ISIS, etab. Talde txiki batzuek, inoiz pertsona bakarrak, atentatu oso larriak burutzen dituzte Europan zehar, gehienak oso odoltsuak.

2) Yihadismo horrek armada potolo bat sortu du Ekialde Ertainean, milaka eta milaka partaideduna. Tankeak eta misilak dauzkate, gauza benetan beldurgarria. Munduko arazo larriena bihurtu da.

3) Armada yihadista hau gobernu baten kontra jotzen ari da: Siriako Al-Assaden gobernuaren kontra.

4) Mendebaldearen helburua, Siriako gerran, Al-Assad boteretik kentzea da.

Beraz, logika hori bukaeraraino jarraitzen badugu, Mendebaldea eta yihadismoa alde berdinean daude guda honetan.

Handikeria? Ikus dezagun. Azken aste hauetan, Siriako gobernuak alimaleko garaipena lortu du, Alepo (Siriako bigarren hiriburua eta oso leku estrategikoa) bereganatuz, Rusia eta Hezbolaren laguntzarekin. Yihadista guztiak, atzerritarrak gehienak, bota dituzte hiritik. Alepon gerra aurreko normaltasunera itzultzeko aukera sortu da. Baina gure komunikabideen iritziz, ikusi duguna “Aleporen erorialdia” da. Garaipen hori suziriekin ospatu beharko genuke mundu osoan zehar, baina telebistaren arabera ezbehar atsekabetsua izan da.

Beste egoera susmagarri bat: ISIS bihurtu da, dudarik gabe, islamismorik fanatikoena. Ekialde Ertainean bertan kokatu da. Horren musulman sutsuak izanik, pentsa daiteke judutarrak izugarri gorrotatzen dituztela, eta Israel helburu militarra bihurtuko dutela, ezta? Ba ez, hori ez da gertatu.

Egia da Siriako gerra oso korapilatsua dela eta maila desberdinetako gatazkak bildu direla herri bakar batean: islamaren barruko adarren artean, inguruko estatuen artean, Siriako klaseen artean, etab. Baina guzti horren gainetik, nazioarteko gerra da, eta talde guzti horiek bi alderdi nagusiren inguruan biltzen ari dira: Ameriketako Estatu Batuak alde batetik, eta Rusia eta Txina bestetik. Eta, sinesteko zaila izan arren, yihadistak eta Estatu Batuak alderdi berdinean daude.

Beharbada planteamendu honek eskandalugarria dirudi. Baina, historiari begiratzen badiogu, yihadistak betidanik Mendebaldearen mertzenarioak izan direla konturatuko gara. Rambok, bere hirugarren filman, beraien alde borrokatzen zuen. Reaganentzat ‘freedom fighters’-ak ziren. Beste aldetik, Sadam eta Gadaffi gobernuburu laikoak ziren. Libian bertan, Sirian bezala, ‘matxinatuak’ yihadistak ziren, eta gerra hori NATOren laguntzarekin irabazi zuten.

Gerra bat dago munduanGauza hauek salatzen direnean, erantzuna beti da berdina: komentario horiekin Siriako gobernu maltzurra babesten ari garela. Egia da, jakina, Al Assad ez dela santu bat. Baina Sadam Hussein ez zen Gandhi, eta hala ere kristoren manifestazioak sortu ziren munduan zehar Irakeko gerraren kontra, 2003an. Mundu guztian jendea kalera atera zen, Irakeko inbasioaren kontra, bere gobernua benetan ankerra izan arren. Manifestazio horien atzean, iritzi sinplea zegoen: herriak ezin dira inbaditu: bakean utzi behar dira, nahiz eta diktadura ankerrak izan. Bestela, ondorioak okerragoak izan daitezke (ikusi dugun moduan, zoritxarrez).

Hori zen Hiram Johnsonen ikuspuntua, eta dirudienez AEBetako hurrengo presidenteak, 100 urte beranduago, ideia antzekoak dauzka, edo gutxienez hori da adierazi duena; ikusiko dugu.

“Egia da guda ororen lehen biktima”. Siriari buruzko artikuluak ez dira sinistu behar, hau barne: ikertu behar dira. Azken finean, epaiketa guztietan bi bertsioak entzun behar dira, ez da inporta gaiztakeriaren larritasuna. Gaur egun, Siria, Errusia edo Txinaren bertsioak irakur daitezke ingelesez interneten; Siriako auzokideen Twitter edo Youtubeko eduki pilo bat daude, eta Mendebaldeko alderdi bako kazetariak topa daitezke: Robert Fisk, Patrick Cockburn eta abar. Hori bai, egia bilatzeko lana ez da batere erraza, eta batzutan mingarria da ere. Beharbada, gerra bat piztuko da zure burmuinean.

Gerra bat dago munduan Gerra bat dago munduan Gerra bat dago munduan Gerra bat dago munduan
Gerra bat dago munduan Gerra bat dago munduan Gerra bat dago munduan Gerra bat dago munduan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.