Gerra azkenean Ukrainan

Gerra azkenean Ukrainan –

Eduardo Arriolabengoa Abasolok Alea agerkarian.

Balkanetako gerra gertatu zenetik urte gutxi batzuk beranduago, beste gerra bat Europan, Ukrainako gerra.

Ukraina izenburupean urtarrilaren 26an idatzi nuen idazkian, Anton Chejovek esan zuena, antzerki obra bateko lehen ekitaldian pistola bat azaltzen denean tiroaren hotsa entzungo dela hirugarrenean, zoritxarrez, bete egin da: gerran dira Ukrainian.

Gerra azkenean Ukrainan
“No Man’s Land”.

Eta Balkanetako gerran kokatuta dagoen Inoren lurrean pelikula datorkit burura. Bosniar soldadu taldetxo bat galdu da laino artean, eta, gaua eguratsa gorrian pasa ondoren, serbiarren eta bosniarren artean kokatuta dagoen lubakian hartzen du taldetxoak abaroa. Handik denbora gutxira serbiarrek bonbardatuko dute lubakia, eta, bi lagun ezik, beste bosniar taldekide guztiak hilik suertatuko dira. Horietako bat lurrean geratzen da etzanda zauri larriekin eta, nahiz eta zauriturik egon bigarrena, gai da herrenka zutik ibiltzeko. Bonbardaketaren emaitzak zeintzuk izan diren egiaztatzeko, bi soldadu serbiar, eskarmentu handikoa bata eta heldu berria bestea, arrastaka hurbiltzen dira lubakira, ibiltzeko moduan dagoen soldadu bosniarra ezkutatzen den bitartean. Behin lubakian, soldadu serbiar beteranoak, hilik dagoela ematen duen etzanda dagoen soldadu bosniarraren gorputzaren azpian pertsonen kontrako mina aktibatua jartzen du. Zauritutako soldadu bosniarrak badaki gorputza mugituz gero, eztanda egingo duela minak eta hamar metroko itzulinguruan milaka burdin zatitxoak sakabanatuko direla eta izugarrizko sarraskia sorraraziko. Halako batean, ezkutuan egon den soldadu bosniarrak tiroz erailtzen du beterano serbiarra eta zauritu bigarren soldadu serbiar gaztea. Tentsio handiko egoera sortzen da, soldadu bosniarra etzanda mina baten gainean mugitu ezinean, beste soldadu bosniarra zauritua eta armatua eta, azkenez, soldadu serbiarra armarik gabe eta zauritua ere. Orduak emango dituzte mugitzeko gai diren bi soldaduek, liskarretan; armatua dagoena armarik gabe geratuko da besteak kendu egin diolako arma; Nazio Batuen Erakundeak frontean duen destakamentu baten tanke bat lubakira heltzen da. Ofizialak egoeraren berri ematen die bere nagusiei, eta joan-etorri askoren ostean, bidaltzen diete lehergailu-teknikari bat mina erabilezin bihur dezan. Teknikaria lanean ari den bitartean, bosniar soldaduak pistola bat lortzen du NBEko soldaduaren deskuidu batean, erailtzen du soldadu serbiarra, eta bera hilik suertatzen da NBEko soldadu batek tirokatu ondoren. Guzti hau gertatzen den bitartean kazetari saldoa dago inguruan operazio guztia zuzenean telebistaz ematen. Behin eta berriz saiatu arren, teknikariak ez du lortzen mina desaktibatzea; helikopteroz heldu den koronelak kanporatzen ditu kazetariak esanez gaueko hamarretan emango duen prentsaurrekoan jakinaraziko dizkiela operazioaren azken berriak; jasotzen dituzte hildako guztien hilotzak eta, bai kazetariak zein NBEko soldadu guztiak alde egin ostean, lubakian geratzen den bakarra mina gainean zauriturik dagoen soldadu bosniarra da.

Musikarik gabeko pelikula, lubakia da pelikula osoan eszenatoki bakarra, tentsio handiko momentuez osatua, gerraren miseriak agerian uzteko filma argigarria. Gerraren zentzugabekeria, serbiarren eta bosniarren arteko gorrotoa eta ezinikusia, NBEak bakearen aldeko misioetan jokatzen duen zeregin hutsala, prentsa informazio objektiboaren bilaketaren atzetik ibili baino sentsazionalismoaren aldeko jarrera, nazioarteko operazioetan misioa garatzen den herrien hizkuntza ezagueraren beharra. Kritika gogorra, zehatza, gupidagabea film honek egiten duena. Pelikula ederra, baliabide gutxikoa baina indartsua, gerraren inguruan pentsarazteko aproposa.

Beste gerra berri bat munduan, eta, Balkanetako gerra gertatu zenetik urte gutxi batzuk beranduago, beste gerra bat Europan, Ukrainako gerra. Beste pelikula bat egiteko aukera, baina, zoritxarrez, ezer ikasteko balioko duena. Eta jarraituko dugu esaten, Hartmannekin batera, elkar ezagutu eta gorrotatzen baina hiltzen ez duten zaharren erabakiagatik, elkar ezagutu eta gorrotatzen ez duten gazteek elkar hiltzen den lekua dela gerra.

Gerra azkenean Ukrainan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.