Gaza urte bete geroago

Mikel Ayestaran kazetari freelance-ak Gasteizko Kazetaritza Bertatik Bertara jardunaldietan parte hartu du egunotan.

Jardunaldietan Gazari buruz ematekoa zen berbaldiaren harira, Natalia Gonzalez de Uriartek elkarrizketa egin dio eldiario.es egunkari digitalerako, eta bertatik Gazari buruz adierazi dituenak jaso ditugu, gure kasara laburtu eta azpimarratuak, interesgarri egingo zaizkizuelakoan.

.

Iazko udan Israelek egin zuen erasoaldi militar bortitzaren ondotik, urte bete pasa eta ezer ez da aldatu Gazan.

(Bideoa UNRWA-rena da eta ez du zerikusirik Ayestaranen elkarrizketarekin)

.

Nazio Batuen eskolak milaka lagunen gordeleku bihurtu ziren. Bertara heldu eta familia osoak nola zartatu dituzten ikusten duzunean, paretak odoletan, zaurituak han eta hemen sakabanatutako haurren gorputz atalak biltzen; ikusten duzunean nola heltzen diren gurasoak leher eginda, anbulantziak falta direla… deskribaezina da. Nik pot egiten nuen, ezin nuen gehiago”. 

.

“Palestinar-israeldiar gatazkatik bizirik atera direnak gorrotozko bonbak dira”

Mikel Ayestaran, beste mila lankiderekin batera Gazakoa kontatu eta gero, gogaituta ei dago, kazetarien lanak ez duela ezertarako balio izan-eta. “Maila praktikoan, Gazak pairatu behar izan zituenei buruz sentsibilizatzen saiatzeak ez du eraginik ekarri. Israelen partez dagoen blokeoa mantendu egiten da, eta oso bizi kalitate eskasa izaten jarraitzen dute. Oso etsigarria da”.

Kazetaritza Parez Pare jardunaldietan Gazari buruz egin zuen berba Ayestaranek, azken erasoaldi militarra jasan eta urte betera estutasunez bizi baitira. Egun bonbak erortzen ez badira ere gerrak presente jarraitzen du Israelen blokeoarekin. Langabezia %40-60 ingurukoa da eta herritar gehienak txirotasunean bizi dira. Gainera, ez du ematen gatazkak, epe motzera, bukaerarik izango duenik. “Guzti hauek Nazio Batuen datuak dira, iaioak baitira estatistikak egiten. Nire aldetik, zenbaki horiei aurpegia jartzen saiatzen naiz”.

“Kazetari bezala Israelen erasoaldiak ezagutzeko aukera izan dut, zoritxarrez. Eta azkena oso gogorra izan da; izugarria. Ez dut beste inon horrelakorik gogoratzen”.

“Oso lurralde txikia da Gaza eta amorru handia dago espazio urri hartan. Hamask garaipena aldarrikatzen du, Israelek garaipena aldarrikatzen du, eta bitartean gizartea kokoteraino dago Hamasez, Israelez eta Palestinako Aginte Nazionalaz. Jendeak arnasa hartu nahi du; bizi. Okiturik daude baina ez dute ihesbiderik, preso dira”.

 

Gaza urte bete geroagoSu-etena

Alta, politikoki oso garai interesgarrian daudenaren irudipena du Ayestaranek. “Gudatik urte betera, israeldarrak eta islamiarrak su-eten tekniko batean daudela onartzen dute. Denbora luzez elkarri talkaka jardun eta gero jabetu dira gelditu beharraz, komeni zaiela elkar ulertzea”.

Kazetariak Ejerzitoko ofizial baten lekukotza eraman zuen Gasteizko jardunaldietara, primizian, oraindik telebistan ere eman gabea baita. “Publikoki onartzen du su-etenarena; eta guztiz ezohikoa da horrela, argi eta garbi, onartzea”.

“Su-etena izateak ez du esan nahi bakea dutenik, baina oso berri ona da edonola ere. Jendeari burua altxatzen utziko dio, eta ikaragarria da paraitu dutena pairatu eta gero beren bizitzak aurrera ateratzeko duten erraztasuna. Zutitu eta oinez jarraitzeko kapazak dira; beste txip bat dute”.

 

Haurrak

“Gazan hil dituzten umeen zenbakiak… ezin dira sinestu, justifika ezinak dira. Israelek behin eta berriro esaten du Hamasek giza ezkutu bezala erabiltzen dituela baina, egitan diot, nik ez nuen horrelakorik ikusi. Dena dela, ezin da onartu haurrek guda hau ordaindu behar izatea, beren bizitzarekin ordaintzen ari baitira; eta inork ez du ezertxo ere egin geldi dadin”, dio oso umezalea ei den Ayestaranek.

Kazetari gipuzkoarraren esanetan, “Palestinar-israeldiar gatazkatik bizirik atera direnak gorrotozko bonbak dira; edozertarako prest direnak”.

“Belaunaldi gazteak blokeopean jaioak dira, ez dute israeldar bat sekula ikusi aurrez aurre, 2005ean alde egin zutenetik harresiaren beste aldean bizi baitira; telebistan baino ez dituzte ikusten. Eta beste horrenbeste gertatzen zaie israeldarrei. Hamasi buruz egiten dute berba, baina beren etsaia parez pare norbait atxilotzen dutenean baino ez dute ikusten”.

Gauzak horrela, ez da erraza itxaropena izatea. “Beti dago izpiren bat, bain oso denbora gutxian erein den gorrotoa nekez gaindituko da. Bestalde, guk barneratuta dugun kristau izateak beste masaila jartzera eramaten bagaitu, han begia begi truk dute sinesmena”; eta indarrak ez daude inolaz ere orekatuak. “Gatazkaz berba egitea bi antzekoren artekoa balitz bezala, israeldar propagandak edo Hamasek -ejerzito bat bailitzan- egiten duten bezala, ez da sinesgarria. Ez dira alderagarriak, David eta Goliat-en arteko borroka da”.

Gaza urte bete geroago

 

Gaza, Gorrotoa, palestinar-israeldar gatazka, su-etena, suntsipena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude